2011/03/28

Kantu poteoa apirilaren 8an


Apirilaren 8an, Korrika Kulturalak eta Bihotz Gaztea kantu taldeak antolatuta, kantu poteoa egingo dugu 20:00etan Lagun Etxea tabernatik hasita.

Apirilaren 7an Korrika Trebiñun hasiko da, eta 8rako Santurtzin Kantu poteo ederra antolatu dugu Korrika girotzeko. Bihotz Gaztea kantu taldearen laguntzaz kanta sorta ederra abestuko dugu, bai, ondo entzun duzue, abestu beharko dugu KANTU poteoa izango baita. Beraz, hasi eztarriak zaintzen hitzorduari begira.

Hauxe da izango dugun kantutegia, poli-poliki ikas dezazuen: Aita-semeak (Oskorri), Xalbadorren heriotzean, Santurtzikoa naiz, Txoria txori, Andre Madalen, Bagare, Baratze bat, Oi ama Euskal Herri, Prima eijerra, Mendian gora, Begiak barrez-barrez, Maritxu, nora zoaz?... Gehienak ezagunak, ezta?

Hona hemen adibide bat:


EGUN DA SANTI MAMIÑA


Egun da Santi Mamiña

benetan egun samina.

Goiko zeruan gorde dezala

luzaro neure anima.


Esaten dizut egia

hau ez da usategia

erroi artean izan nintzaden

benetan ausartegia.


Itsas aldean izarra

hari begira lizarra

euskara salbu ikusi arte

ez dut kenduko bizarra.


Kantatu zuen oilarrak,

argitzen dira belarrak

Ageda gure martiriari

moztu zizkaten bularrak.

No comments:

Post a Comment