2014/05/07

Euskalduna naiz eta arraro nago-kronika

Hona hemen Santurtziko EHEren kronika:
Apirilaren 30ean Santurtziko Dorretxeko Higarillo gelan hainbat lagun elkartu ginen Euskal Herrian Euskarazek deituta. Lehendabizi eragile euskaltzaleko Santurtziko kideok "Udalak eta biok, euskaraz" dinamika aurkeztu genuen. Dinamika orokorra aipatu ostean, Santurtzin egingo diren ekintzak azaldu genituen.
Ildo horretatik, Udalari agiriak zein gutunak euskara hutsean helaraztea eskatzeko agiria aurkeztu genuen eta jendeak egunean bertan betetzeko aukera izan zuen. Herrian San Jorge jaiak zirenez, larunbat arratsaldean txosnagunean ere agiriak betetzeko aukera eskaini genuen.
Horrez gain, herriko zenbait elkarteri agiria helaraziko zaie, haien kideen artean zabal ditzaten. Helburua norbanako zein elkarteen 100 atxikimendu ingurua lortzea da. Eskaerak oraindik zehazteke dagoen egun batean eramango ditugu Udaletxera.
Dinamikaren aurkezpenaren ondoren, Euskalduna naiz eta arraro nago bakarrizketa saioak ikusteko aukera izan genuen. Ordu eta erdi luze iraun zuen saioan gure hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiteko parada izan genuen, betiere umorea lagun.

Iturria:www.euskahlerrianeuskaraz.org

No comments:

Post a Comment