2014/10/22

Santurtziko Irakurzale Kluba


Irakurtzea sortzailea da edo ez da deus
Zuk ematen didazu hitzez betetako artefaktu bat eta nik zentzu bat sortzen dut hitz pilaketa horrentzat: nik egiten dut liburua zuk bezainbeste, zuk baino areago agian, neronek ematen baitiot bizia ni gabe hilik zegoen hitz pilo horri.
Hala da, zinez.”(Jon Alonso, “Irakurtzea edo ez” interneteko artikulua.)

Bat egiten du Santurtziko Irakurzale Klubak arestiko hitzekin. Irakurketak ematen die liburuetan topa daitezkeen hitzei zentzua eta norbanakoaren interpretazioak elkarbanatuz anitzago bihurtzen da liburua bera.

2012ko azaroan martxan hasi zen Santurtziko Irakurzale Kluba. Irakurtzeaz gain, euskaraz irakurtzeko zaletasunak bultzatuta elkartu ziren santurtziar hauek. Hainbat liburu izan dira hizpide: “Zer barkaturik ez”, “Euli giro”, ...
Xabier Montoiaren “Denboraren izerdia” liburua izan zen lehena eta ordutik hainbat liburu irakurri eta hauei buruzko solasaldi gozoak izan dira idazlearen estiloaz, pertsonaien izaerez eta jarrerez, istorioaren tramari buruz, ...

Hasi berri den ikasturtean egindako lehen solasaldian Chuck Palahniuken “Borroka Kluba” irakurtzea adostu da. Egilea bera ezaguna bada ere, liburu honi buruzko David Fincherrek zuzendutako filma 1999an estreinatu zenean are famatuago bihurtu zen.
Liburu honen laburpena hauxe dugu:

Liburuko protagonistak insomnioa du eta horrekin batera, oso bizitza etsigarria, kontsumoak gidatutakoa. Horregatik, beharbada, minbizia duen gaixoentzako terapia-bileretara joaten hasiko da. Han Tyler Durden ezagutu eta harekin batera Borroka Kluba sortuko du.” (Habe)


Egilea: Chuck PalahniukItzultzailea: Naroa ZubillagaArgitaletxea: Txalaparta
Argitalpen-urtea: 2014

2 hilean behin elkartuko dira aukeratutako liburuari buruz hitz egiteko eta txandaka, kide bakoitzak liburu bana proposatuko du hurrengo 2 hiletan irakurtzeko.

“Borroka Kluba” liburuari buruz hitz egiteko hitzordua: abenduaren 9an, 20:00etan Santurtziko AEK euskaltegian izango da.

Interesatuta bazaude, jarri gurekin harremanetan ezkerraldea@aek.orghelbidera idatzita.

1 comment:

  1. ARKUPE KIOSKOtik joateko gonbitea eman nahi dizuegu, Ezkerraldea osoan seguraski ezaugarri hauek izango dituen talde bakarrean parte hatzeko (literaturarekiko zaletasuna euskaraz gozatu, giro jatorrean, hurbil,...), eta horri laguntzeko, ARKUPE KIOSKOAn liburua erosiz gero %10 DESKONTUA izango duzue. Harremanetan jarri gurekin erreserba egiteko.

    ReplyDelete