2016/02/22

Katixa Agirreren "Atertu arte itxaron" kronika

"Zorionez, bi belaunaldietako pertsonek osatzen dugu Santurtziko Irakurzale Kluba, eta horrek bi prisma ezberdinetatik ikustarazten dizkigu irakurketak. Katixa Agirreren “ATERTU ARTE ITXARON” (Elkar, 2015) bere lehenengo nobelak ez gaitu epel utzi, taldean iritzi kontrajarriak egon arren.

Liburuan bi hari nagusi aurki ditzakegu:

Bata, orainaldikoa, Ulia eta Gustavoren harremanaren bitartez. Bikote protagonistak, bere bizimodu eroso eta “bikote perfektuaren” irudia islatuz, ez du hasieratik irakurleengan inolako sinpatiarik eragiten. Oso ondo prestatuta eta ezagutza handia duen belaunaldi bat erretratatzen digu idazleak.

Bestea, iragan ez urrunekoa, ikusi nahi ez duguna baina oraindik gugan eragin handia daukana. Alegia, gure gurasoena izan daitekeen belaunaldia dugu hau. Era sotilean, gurasoengandik jasotako gehiegizko babesa kritikatzen da liburuan.

Aipatutako hariak josteko gertaera eta pertsonaiez baliatzen da. Esate baterako, Gasteizko martxoaren 3ko eta Madrilgo maiatzaren 11ko gertaerak, Sarah kazetariaren agerpena, euskal gatazka, … eta narrazioaren tonua aldatuz agertzen zaigun Britten musikariari buruzko ikerketa. Azkenean maisuki lotzen (edo askatzen) diren hari asko daukagu erraz irakurtzen den baina asko pentsarazten duen eleberri honetan.

Gaur egungo zein atzotik argitu gabeko arazoak bere/gure gain hartzeko gaitasunik gabe, batez ere bere/gure utzikeria eta epeltasunagatik. Hori dela eta, oso sarkasmo fin baten bitartez, idazleak pertsonaiak eta egoerak erabiltzen ditu, ideiak birmarkatzeko ia adjektiborik erabili gabe, esaldi esanguratsu eta adierazgarrien bidez, hala nola barne edo kanpo elkarrizketetan airean marraztuko liratekeen hitzak orrialdean kokatuz, irakurlea ernatuko lituzken zaplaztekoak emateko." (Joxi Martin)



No comments:

Post a Comment