2016/05/16

Santurtzi eta Itsasoa bisita gidatua-kronika

Pasa den asteazkenean elkartu ginen Santurtzi Itsasoa museoan bisita gidatua egiteko. Azalpenak ematen Carlos Glaria historialaria izan genuen, eta berak esandakoak oso interesgarriak izan ziren eta herriko historia hobeto ezagutzeko oso baliagarriak. Lemanceak, Kontrabandistak, sardinerak eta abar agertu ziren museoan zeharreko ibilbidean.

Bisitaren bukaera, museoan izan beharrean portuan dagoen garabian izan zen. Honen oinarrian, gerra garaian Habana itsasontzian atzerrira  joandako umeen omenez egindako oroigarria dago.
Irakurzale Klubak irakurritako azken liburua Kirmen Uriberen "Mussche" izan da, eta Santurztiko portutik Gantera joandako Carmen Cundin umearen bizipenak dira eleberriari hasiera ematen diotenak. Oroigarriaren inguruan pausatu eta Joxik Irakurzale Klubaren izenean ondoko testua irakurri zuen:

Itsasoak hartu eta ematen du. Ekarri eta eraman.

Santurtzi ez da soilik arrantza-portua, baina itsasoari estuki lotuta dago. Ezagunak baldin bagara Abra bokalean arrantzatutako sardinek herriari emandako ospeagatik da, gehienbat. Hala ere, ez dira arrainak mareak ekarritako fruitu bakarrak. Bilborako itsaso-atea izanik, Santurtzitik pasatu dira ontzioletan eraikitako barkuak, beste herriekiko merkantzien garraiaketak, … itsasorako ate zabal honek irabazkin asko ekarri ditu Euskal Herrira. Baita galerak ere: naufragioetan ito diren marinelak, lan istripuetan hildako beharginak eta Zierbena eta Santurtzi arteko kostaldea bera betiko hondatuta. Baita gerratik ihes, familiarengandik urrun, joandako umeak ere. Itsasoak, salbazioa ematen, senitarteak eramaten.

Berbalagun ekimen honen barruan gaude Irakurzale Kluba osatzen dugunok ere, eta aukeratutako azken liburua portu honetatik abiatzen da, mila bederatziehun eta hogeita hamazazpigarren urtean: “Maiatzaren 6an itsasoratu zen lehen aldiz Habana ontzia Santurtziko portutik Arroxelarantz”, kontatzen digu Kirmen Uribek “Mussche” eleberrian, “gerrako umeak” babesteko Europan barrena nola sakabanatu zituzten azalduz. Gante hirira ailegatu zen horrela Karmentxu Cundin Gil. Denbora luze pasatu arren, historia ez da asko aldatu, gaur egun ere tragediak izaten baitira munduan zehar. Europa, aldiz, ez da asko aldatu.

“Theatre Royal. Mila bederatziehun eta hogeita hamazortzi, otsailak 22. Argiak itzali dira. Robert eta Karmentxu elkarren ondoan eserita. Oihala altxatu da. Eresoinka-ren emanaldia. Euskal Herriko kantak eta dantzak taularatuko dituzte. Gerrako haur guztiak bildu dira bertara, guraso berriekin. Kaxarranka dantzatu dute aurrena (…) Alkandora urdinak eta zapi koadrodunak ikustean Santurtziko portuaz oroitu da Karmentxu.” Gerrek eta errefuxiatuek esistitzen jarraitzen dute. Zabal diezaiegun itsasoa datozkigunei.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Carlos Glariari bisita egiteagatik, eta irakurzaleak zareten guztioi gonbidapena luzatu gurekin batera Irakurzale Klubean parte hartzeko.


No comments:

Post a Comment