2019/07/08

Neguko argiak-kronika

Santurtziko Irakurzale Klubean, denetariko argitalpenak irakurtzen ditugu, baita idazle hasi berrien lanak ere. Oraingoan, Irati Elorrietaren bigarren eleberria izan dugu esku artean.

Istorioa 3 eszenatokitan kokatzen da: Algorta, Paris eta Berlin. Hirurak izan baititu bizitoki protagonistak, Añesek, eta Elorrietak, maisuki, murgildu gaitu bertako giroetan; nabaria da zuzenean ezagutzen dituela tokiok (Berlinen bizi den algortarra da). Añesek Marta du lagun mina, harreman berezia dute eta zenbait lagun bitxi izan dituzte haien bizitzetan, harreman bikoteak barne. Maitasun frustratuak dira liburuaren muina, baita nork bere burua topatzeko eta kokatzeko ezintasuna ere. Horregatik, 2 lagunek familiarengandik urruntzeko eta hurbiltzeko joera dute, jaioterrian egon nahi ez, baina Berlinen -hor bizi baitira eleberrian- ere luzaroan egongo diren ez dakite. Hiri berezia dugu, pertsonen bizimodua arrotza egiten zaigu: laguna gaixo dagoenean, janari egitera joan, eta, bide batez, bere arropa garbitzeko aprobetxatzen duenik badago; edo garbitokira doana gainerako jendeari begira aritzeko...

Narrazioaren egiturari dagokionez, kapitulu laburretan banatuta egoteak irakurketa errazten du. Pertsonaien orainaldiko istorioetan, iraganeko beraien arbasoen eta ezezagunen bizipenak ez ezik, pasarte historikoak ere tartekatzen ditu. Azkenean, urtero lez, neguko argien bukaera dakar udaberriak, baina, egia da, narrazioa edozein tokitan buka daiteke liburua irakurtzen bukatu gabe.

No comments:

Post a Comment