pestaƱak

Uztaileko agenda sargoriarekin batera dator.

Hona hemen uztailerako daukaguna. Udako azken mezua izango dugu hau, hortaz, udan ere segi euskarari eragiten eta irailean berriro hasiko gara matraka ematen. Ahhhh eta Karmen jaietan parte hartu euskarazko ekintzetan!!!

Berbalagunok artista hutsak zarete!!


Kurtsoko azken tailerra gauzatzeaz batera, berbalagunok barruan daroaten adierazi gabeko artista azalarazi zuten arratsalde batez. Santurtziko AEKn bildu eta mahai baten bueltan Saioaren azalpenak adi eta zintzo entzun zituzten Fieltro Tailerrean ikasi nahi zutena ondo mamitzeko. Arratsalde parte horretan gure eskuak uste baino iaioagoak zirela egiaztatu ahal izan genuen, eta berbalagun batzuen alabak bertaratu zirenez euskara denon hizkuntza dela erakutsi genuen.
Emaitza ezin hobea: 14 lagun euskaraz, berriketan, barrez, eskulanak eginez, gauza berriak ikasiz, ekintzetan parte hartuz, euskara klasetik eta etxetik ateraz. Pena bakarra da tailerretik kanpo sei pertsona inguru geratu izana. Izan ere, eta dagoeneko ohitura bihurtu den legez, gure ikastaroak lar arrakastatsuak dira eta ezin dute hainbeste jende jaso. Baina beharbada hurrengo urtean atzera ere egingo dugu. Bitartean gozatu bertan ateratako argazkiekin (argazki gehiago hemen klikaturik)

2010eko Eki Egunari buruzko kronika eta argazkiak.


Oroimenak dagoeneko huts egin digu eta ez dakigu Mamarigako Kultur Etxeak noiztik antolatzen duen Eki Eguna. Baina jakin badakigu Kulturrek 20 urte bete dituen honetan lan sakon eta gogotsua egin duela euskara eta euskal kulturaren alde. Honen adierazle esanguratsua azken Eki Eguna izan zen. Bertan, ohi bezala Patxi Perezen erromeriak lotsatienak jarri zituen dantzan salbuespenik gabe.
Honen ostean Kultur Etxearen aldeko kalejira jendetsuak kolore eta erritmoa eman zizkien auzoko kaleei perkusio eta suak lagunduta. Benetan une hunkigarriak bizi izan ziren ekimen honekin!!!
Eta azkenik, gazteek sua eman zioten aurtengo pitxiritxiari ume, gazte eta nagusion gozamenerako. Perkusioa beti bezala ezinbesteko protagonista izan zen, eta Kultur Etxeak ederto erakutsi zuen urte hauetan guztietan egindako lanak uzta bikaina eman duela. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.