2021/03/23

Uxue Alberdirekin elkartu gineneko kronika, Barakaldoko berbalagunen eskutik!!

 Alazne Tajadura berbalagunari esker kronika eder hau dugu Uxue Alberdirekin elkartu ginenekoaz!

2021eko martxoak 16an, arratsaldeko zazpietan, Clara Campoamor Kultur Etxeko kafetegi aretoan bildu ginen Berbalagunen Irakurzale Klubak aukeratutako Uxue Alberdiren “Dendaostekoakliburuaren inguruan aritzeko. Uxue Alberdi bera izateko aukera eduki genuen. Gainera, liburuan agertzen den Arrate ere izan genuen gure artean. Ane eta Irantzu izan genituen aurkezle eta solasaldiaren bideratzaile.

Galderak hasi baino lehen, Uxuek azaldu zigun “Dendaostekoak” idaztea ariketa modukoa izan dela berarentzat; ama eta izebari proposatu zien denda abiapuntutzat hartuta 40 urteko gertakariak kontatzea, jakin gabe zer gertatuko zen. Horretarako, bi irizpide izan zituen; alde batetik, dendaren 40 urteurreneko festa zela eta dendan jarritako diapositibak sorrarazitako oroipenak, denda desagertuko bazeneko “nostalgia antizipatua”; eta bestetik, 2019ko urritik 2020ko martxora arte bilduriko informazioaren antolaketa.

Horren ildotik, jostunen josteko-makinek egiten duten moduan, bi hari nagusiek paraleloan “jostuko” zuten istorio bera ere: hari-gida, ikusten ez denaren sinboloa eta hari zuria, ikusiko denarena. Uxueren hitzetan, ez zuen ezer asmatuko, ez zuen fikziorik egingo...Dendaren taupada, bizitasuna islatuko zuen bakarrik eta horretarako hizkuntza berri bat sortu behar zuen.

Lehenengo galderari erantzunez, idazteko teknika bat asmatu behar izan du. Horretarako, urrundu behar izan du istoriotik, arroztu, distantzia hartu istorioaren “gida” izanez baina aldi berean liburuan ez agertzeko asmoarekin. Prozesu horrretan ("extrañamiento" prozesuan) hari guztiak dendatik atera dira gero dendara berriro ekartzeko, garai bateko gizartea, lagunak, familia, ekologia eta zenbait gertakaritatik jasotako informazioa islatzeko. 

Bere ustetan, literatura denboraren kontrako ariketa bat da, bizitzak guregan sorrarazitako zauriak sendatzeko gailu bat. 

Herriak nola hartu zuen galderari erantzunez, fikzioa ez egiteak arrisku bat dakarrela esan zigun; hots, liburuan jasotako errealitatea agian ez da izan herriko beste jendeak bizi izandakoa. Memoria kolektiboa osatzen duten ahotsek ez omen dituzte bizipen berari buruzko iritzi berdinak. Batzuei ez zitzaizkien gustatu liburuan agertzen diren gertakari batzuk, akaso emakume batek etxe bateko errautsak harrotzea ondo ikusita ez dagoelako, Alberdiren hitzetan. Dena den, Elgoibarren 200 ale inguru saldu egin dira eta liburuan agertzen den Arrateren hitzetan, orokorrean elgoibartarren gustukoa izan da liburua. Bere kasuan, liburua irakurri duen bigarren aldian lehenengoan baino gauza gehiago argi ikusi du; buruari bueltak ematen egon da Pitxintxuko dendaostean bizi izandako orduetan pentsatzen... Agian hirugarren irakurketa batean beste hainbat gauza deskubrituko ditu!

Irakurzale taldean sortu zen zalantza bat azaleko ornitorrinko bat aukeratzeko arrazoia zein izan zitekeen argitzeko, Uxuek azaldu zigun ornitorrinkoa animalia askoren nahasketa bat dela. Pitxintxu ere oihal asko nahasiz gero sortzen den oihala bezalakoa zen. Hasiera batean, Uxuek editoreari ahate bat agertzea proposatu zion, hau baita bizitzaren zikloa erakusten duen animalia liburuan; alde batetik, denda atzeko ibaian dabiltzanak eta bestetik, amaren heriotzaren osteko arrautzaz aritzen denean idazlea. Azkenean, ornitorrinkoa aukeratu zuten, beste arrazoiren artean, Pitxintxu bezalako dendak bezala, desagertzeko arriskuan dagoelako.

Uxuek azaltzen du liburu bukaeran euren denda nolakoa den, troteroa da, ez da fina, hemen gauzak mugitu egiten dira, funtzionala da, ez da dotorea, ordena bat dago mugimenduan, ez da denda espezializatua, zerbitzu zabala ematen dugu… Uxueren hitz hauek hartuta auzoko saltokiek herriei ematen dizkieten bizi-giroa eta elkartasuna aldarrikatu nahi ditugu solasaldi literario bukaera honetan. Horrekin batera, goraipatu nahi genuke Izaskun eta Mari Joseren gaitasuna sasoi berrietara moldatzeko baina beti bere ohiturak mantenduz. Hau bai dela benetako liberazio feminista!

Mila esker hurbildu zineten klubeko kide eta lagun guztiei eta Uxue Alberdiri gurera etortzeagatik. Esker anitz partekatutakoagatik eta bestera arte.

Jarrai dezagun irakurtzeaz gozatzen!




 

No comments:

Post a Comment