2008/05/27

Udan ere eman izena euskaraz!

Dagoeneko antolatu dira udako ikastaro eta barnetegiak!
AEK-k dagoeneko zabalik du matrikula epea udan euskara ikasi nahi duen ororentzat, aukera asko eskaintzen dituelarik euskaltegi eta barnetegietan. Ikastaroak uztailean, abuztuan edota irailean izango dira herri euskaldunetan kokatutako barnetegietan eta AEKren euskaltegietan.
Ikastaroak:
AEK-k zabalik izango ditu Euskal Herri osoan 100 bat euskaltegi, herritik oso urruti alde egiterik ez eta egunean bost orduko ikastaro trinkoa egin nahi duten ikasleentzat. Ikasturtean ikasitakoa finkatzeko edo euskararen hastapenak ezagutzeko etxetik oso hurbil. Baina uda opor garaia dela aprobetxatuz atseden egun horiek euskara ikasteko erabili nahi dituztenek ere ez dute aukerarik faltako.
Bi asteko barnetegiak :
Barnetegira doan ikasleak 90 eskola ordu izango ditu barnetegian bertan, baina hortik kanpo ere, euskaraz bizi ahal izatea bermatzen du barnetegiak herri euskaldunetan kokatuta egoteak. Azken batean, barnetegian denetarako astia dago: ikasteko, txangoak egiteko, ekintzak antolatzeko, lagun berriak egiteko eta ondo pasatzeko, finean, oporretan euskaraz bizitzeko. Aurten barnetegi hauek Arantzan eta Foruan antolatuko dira uztailaren 7tik 20ra, uztailaren 21etik abuztuaren 3ra, abuztuaren 4tik 17ra, abuztuaren 18tik 31ra, eta irailaren 1etik 14ra bitartean. Barnetegi hauetan izena emateko derrigorrezkoa da 1A maila (lehenengo hiru urratsak) gaindituta izatea.
Familientzako barnetegiak
Barnetegi mota honen helburua gurasoen eta seme-alaben arteko harremana euskaraz gauzatu dadin laguntzea da, ohituraren poderioz askotan zaila suertatzen delako horrela komunikatzea. Gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten bitartean, umeak begirale eta hezitzaileen zaintzapean egoten dira, eta guztien “eginbeharrak” bukatutakoan elkartzen da familia, eguneko gorabeherak elkarri kontatu eta euskaraz aritzeko ohitura sendotzeko. Familia barnetegietan gurasoek 1B mailaren hasiera izan behar dute eginda eta eurekin joango diren 4 eta 12 urte bitarteko umeek D ereduan egon behar dute matrikulatuta. Adunan, Foruan eta Berrizen antolatu dira familientzako barnetegiak, uztailaren 7tik 20ra eta abuztuaren 4tik 17ra bitartean.
Barnetegi ibiltariak
Mintzapraktika, kirola eta Euskal Herriko txokoen eta euskalkien ezagutza uztartzeko aukera eskaintzen du barnetegi ibiltariak. Kasu honetan ez dago eskola ordurik, baina izena ematen dutenek bermatuta dute euskara hutsean komunikatuko direla egun osoan elkarren artean. Bi izango dira aurten mota honetako barnetegiak: uztailaren 21etik 26ra oinez egingo dena; abuztuaren 2tik 17ra bitartean bizikletaz egingo dena.
Iparraldean ikastaro bereziak
Hainbat barnetegi antolatu ditu AEK-k Iparraldean: Urepelen hamabi eguneko bi barnetegi burutuko dira, uztailaren 7tik 18ra lehenengoa eta abuztuaren 4tik 15era bigarrena, eta maila guztietako ikasleek eman ahal izango dute izena, baita hutsetik hasi nahi dutenek ere. Ez da beharrezkoa, beraz, Hegoaldeko barnetegietan gertatzen den gisan, gutxieneko ezagutzarik izatea. Bestalde, bost eguneko xiberera ikastaroa egingo da Zuberoan abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Bertako euskalkiaren ezaugarriak ikasteaz gain, herrialde honetako kultura, historia eta ohituren zertzelada batzuk ere ezagutu ahal izango dituzten ikasleek. Iparraldeko ohiko eskaintzaz gain aurten beste bi ikastaro berri antolatu ditu AEK-k: ur-kirolak ikasteko ikastaroa, eta dantza ikastaroa, abuztuaren 11tik 15era.
Barnetegi bat baino gehiago eginez gero, beherapenak egongo dira, baita langabeentzat ere Iparraldean. Halaber, ikastaro batzuek diru-laguntzak jasotzen dituzte. Informazio gehiago, hurbileneko euskaltegian edo 902 36 22 94 telefonora deituta.

Hor al zaude? Antzezlana

HOR AL ZAUDE?
Taldea: Kanpingags
Non: Bilborocken - La Merced
Noiz: maiatzaren 28an (asteazkena) - 20:00etan
Sarrera dohainik
Sinopsia:
Asier Hormaza PATXI dugu, mago hasiberriaren larruan, eta Ainhoa Aierbe, berriz, ANE, oftalmologian lizentziatzekotan dena. Bien artean eszenatokia erabat betetzen dute, mamuen munduan sartzen gaituzte eta bi pertsonaia baino gehiagoren aurrean gaudela sentiarazten digute.Umore eta fantasiaz blai dagoen antzezlan honen atzean maitasunari buruzko gogoeta argia dago. Hor al zaude Londresen estreinatu ondoren, Buenos Aires, eta Bartzelonan ibili da, publikoaren eta kritikaren arrakasta lortuz.

Bizkaiko bertsolari txapelketa Sodupen

Noiz: maiatzaren 31n 18:00etan
Non: SODUPEko Kultur Etxean
dohako sarrera

Bertsolariak:
Aitor Arrutia


Ion Barrocal


Aingeru Basterretxea


Jokin Castaños


Jon Martinez


Mikel Petuya


Gai jartzailea: Argiñe Gonzalez

Txuma Murugarren Kalderapekon


Lizardi Mintza Taldeak aurkeztuta: Txuma Murugarren kantariak iaz grabatu zuen bakarkako ibilbidean bosgarren diskoa egiten duena: Marjinalia.
Disko hori orain arteko bilakaeraren sintesi gisa uler daiteke, bertan batzen dira eta giro ilun eta dekadenteen zalea den Murugarren, kabareteko eta Europako ekialdeko ijitoen musikak liluraturikoa, pop kantu egile petoa, gitarra eta ahots soilarekin hunkitzea lortzen duen kantaria... inoiz baino lirikoen agertzen zaigu azken lan honetan, bere heldutasunean, disko organikoa osatuz.
Non: "Kalderapeko" Kulturgune-tabernan. Txakur Kalea, 1 Bilboko Zazpikaleak.
Eguna: Maiatzaren 29a, osteguna.
Ordua: 20:30
Sarrera: Doan!

Santurtzin: Kantu afaria ala afari kantua?

Bai Esan euskara taldeak Kantu Afari bat antolatu du!!

Noiz: ostiralean, maiatzak 30, 21:30etan

Non: Don Jaime jatetxean

Prezioa oso merkea (15 euro) eta menuan denetarik aurki dezakezue (entsalada epela, zainzuriak, urdaiazpikoa, kabratxo pudina, perretxiko errebueltoa eta aukeran: piper beteak, legatz frijitua, kodilloa, idi buztana edo entrekota).

Hori bai, bizkor ibili behar duzue izena emateko jende andanak joan gura du eta!

Afarirako txartela Santurtziko Kalea tabernan, AEKn edo Udal Euskaltegian eros dezakezue. Hortaz, euskaltzaleak, kantuzaleak eta bapo jatea atsegin duen horietakoak bazarete, ez duzue aitzakiarik!! Informazio gehiago esteka honetan

Anima zaitezte!!

Sendabelar ikastaroa Sopuertan

Hainbat produktu natural egiten ikasi nahi baldin baduzu, ekainean Sopuertan antolatuko den sendabelar ikastaroan izena eman besterik ez duzu.
Noiz: astelehenetan ekainaren 2tik 23ra, 17:30etatik 20:30etara (12 ordu 4 egunetan)
Non: San Viator ikastetxean
Izena emateko: Maiatzaren 28a arte 619318685 (Ainhoa)
DOAN!!

2008/05/26

Kantu afaria Santurtzin!!


Afari batzuk aspergarriak ei dira. Zenbait lagun bildu, ohiko menua jan eta bukatutakoan etxera. Baina Bai Esan bezalako talde batek afari bat antolatzea erabakitzen duenean, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Eta ziur eduki giroa itzela izango dela, aspertzeko betarik ez dela egongo. Zergatik? Bada, prezioa oso merkea izateaz gain (15 euro), kantu afaria izango delako. Hots, laurogei lagun inguru bilduko gara giro euskaldunean eta gure eztarriak urratzeko prest!!.
Euskaltzale, kantuzale eta bapo jatea atsegin duen horietakoa bazara, ez duzu aitzakiarik!!
Afaria Don Jaime jatetxean izango da ostiral honetan, maiatzak 30, gaueko 21:30ean. Izena eman nahi baduzue Kalea tabernan, AEKn, edo Udal Euskaltegian egin dezakezue. Bizkor ibili jende andana apuntatu da eta!! Informazio gehiago hemen

2008/05/20

Amore bi eta ...


Urtero lez, Adaxkak aisialdi talde euskaldunak Ibilaldia 2008-ra joateko autobusa antolatu du beste behin ere. Ibilaldia , urtero ospatzen den Bizkaiko ikastolen jaia da eta aurtengo edizioa Zornotzan burutuko da igande honetan bertan (maiatzak 25). Autobus zerrenda zabalik dago eta izena eman nahi duen orok Barakaldoko AEK-ra jo beharko du. Bertan izena ematerako orduan 8 € ordaindu beharko dira.

Mihiluze txapelketako irabazleak

Larunbatean egin genuen txapelketan 50 lagun baino gehiago izan genituen irabazle! Arratsalde eder bat, hainbat lagun... ta dena euskaraz! Hori bai, irabazleetan irabazleenak, goiko hirukote hau; zorionak Goiargi, Aintzane ta Juanan!!
Ta hurrengora arte!!

2008/05/19

EUSKAL HERRIKO BERBALAGUN EGUNA

Iaz Donostian izan zela eta, asteburupasa antolatu genuen. Aurten gertuxeago dugunez, egunpasa!
Noiz: ekainaren 14an
Non: Getxon
Zer, animatuko ala?! Laster berri gehiago!!

Kultur Eguna Mamarigan!!


Ttipi-ttapa datorkigu Mamarigako Kultur Etxea, lasai baina lanean etengabe, kultura euskalduna eta herritarra sortzeko beharrezko urratsak emanez. Denok dakigu Kultur Etxeak lan itzela egin duela betidanik, eta horren erakusle da gaur egun Mamarigan burutzen duen zeregina. Hau guztia ospatzeko urtean behin Kultur Eguna antolatzen du eta bertan honelako egitaraua aurkituko dugu:

*Herri bazkaria (Zikiroa) Itsasoko Ama Eskolan 14:30ean (gutxi gorabehera). Giro alaia egongo da Julen Zulaika eta Iñigo Izagirre bertsolariek lagundurik.

*19:00etan Kantu poteoaren ostean, erromeria OLGETAN taldearen eskutik Mamarigako frontoian

*21:00etan La Gossa Sorda talde katalanaren kontzertua frontoian.

Honekin batera Mamarigako Kultur Etxeak disko bat aurkeztuko du eta barra bat paratuko du frontoian egarria asetzeko!! Buff eta hau guztia autogestioaren bidez!! Informazio gehiago hemen

Marsel Magoa Kresala Aretoan!


Santurtziarrok, antza denez, oso magiazaleak gara eta bide hau jorratzen duten emanaldiak gustura joaten gara ikustera. Orain amarru eta trikimailu berriez gozatu nahian dabilenari esango nioke Ostegun honetan, maiatzak 22, Marsel magoaren emanaldi bikaina izango dugula ikusgai. AEK-k antolatutako ekimen hau publiko ororentzat da, eta nola ez, euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete bertara.
Marsel magoak, bestalde, 12 bat urterekin ekin zion magiari. Hasiera batean poliki-poliki, baina gaur egun galtzak bete lan aritzen da Euskal Herri osoan zehar. Itxuraz, bere esanetan edozerekin eta edonorekin egin daiteke magia, agian gutako norbaiti egokituko zaio oholtza gainera igotzea??

Euskara Astea Itsasoko Ama eta Las Viñas ikastetxeetan!!


Berriro ere gure herriko haurrek klasez kanpoko ekintza andana izango dute euskaraz murgiltzeko. Aste honetan astelehenetik ostiralera egunero izango dute zerbait Itsasoko Ama eta Las Viñas ikastetxeetako ikasleek.

Zergatik? Bada bi eskola hauek Euskara Aste bana antolatu dutelako aste honetarako. Eskaintza ezin zabalagoa da eta ,besteak beste, honelako emankizunak egongo dira ikusgai: Magoak, antzerkiak, jolasak, ipuin kontalariak, herri kirolak...


Ezin esan aukera hau aparta ez denik, eta hemendik animatzen zaituztegu zuen umeekin honelako ekimenetan parte hartzera. Pentsa ezazue ondo, izan ere, eskolatik at non dute bada Santurtziko haurrek euskaraz jarduteko abagunea?.

Gorago aipatu legez, egitarauak ikaragarri zabalak dira eta informazio gehiagorik nahi baduzue: Mamarigako Eskolak antolatutakoa jakiteko idatzi email honetara eta Las Viñas eskolak zer duen jakiteko idatzi helbide honetara

2008/05/16

Film laburren biharamunean!


Bai Esanek beste arratsalde polit bat eskaini zigun antolatu zuen film laburren emanaldiari esker. Bertan egon zirenek arreta osoz ikusi zituzten proiekzioak eta euskaraz bizitzeko tarte bat izan zuten iluntzean. Gainera, Gentzane Agirrek bere laburmetraaiaren nondik norakoak azaldu zituen abstrakzio horretan zertxobait galduta geratu zirenentzat.


Bada esandakoa, berriro iluntze euskaldun eta misteriotsu bat bizi izan genuen herri honetan hainbat taldek egiten duten lan eskergari esker. Izan ere, gaur egun hainbeste ikuskizun eta hainbeste aukera baldin badugu, horren atzean dagoen konpromisoan baino ezin baita oinarritu.


Ahh eta barkatu argazkirik ez badago, baina ez dugu modurik argazkikamarari aterramandu ona ateratzeko, argibideak hobeto irakurri behar ditugun seinale... Dena den, goian jarri dizuegun argazkiarekin dar-dar batean egongo zarete... Film batzuk horrelakoak izan baitziren!!

2008/05/15

Hurko eta euskara. Maiatzeko euskara izpia

Ostera ere euskara izpi bat sartu zaigu euskaltegiko leihotxotik, oraingoan Hurko Saez dugu protagonista eta euskararekiko duen harremana kontatu nahi izan digu. Azken finean ekimen hau euskaldun berriei merezitako omenaldia emateko sortu zen, eta honetan gabiltza. Orain elkarrizketa zati bat ikus dezakezue eta osorik beherago daukazue.



Noiz konturatu zinen euskaraz ondo moldatzeko gai zinela?

Iaz, seguruenik iaz izan zen. Barnetegi bat egin nuen eta primeran etorri zitzaidan. Bertan 15 egunez euskaraz bizi behar duzu eta nabaritzen da.

Eta zure inguruan ba al duzu euskaraz hitz egiteko paradarik?

Gutxi oso gutxi. Nire koadrilan euskaldun gehiago dago, baina normalean denok elkartzen garenean, euskaraz ez dakien baten bat egoten da eta erderara jotzen dugu. Beharbada, noizean behin aukera dugu baina oso gutxitan. Gainera Santurtzin dendetan edota supermerkatuetan oso zaila da euskaldunak aurkitzea.
Batez ere, euskara erabiltzen dut euskaltegiko jendearekin eta Bilboko zenbait dendatan. Banketxeetan ostera, gaur egun ez naiz ausartzen..

Zelan ikusten duzu euskararen egoera Santurtzin?

Txarra, momentuz txarra. Hobetzen ari dela nabaritzen da; adibidez, haur batzuek beren gurasoekin euskaraz berba egiten dute, baina lehen esan bezala honelako gertaerak oso gutxitan ikusi ahal izan ditut kalean. Dena den, baikorrak izan behar dugu lan handia egiteko baitago.

2008/05/12

Film laburrak Kresala aretoan!!



Bai Esan taldeak emankizun berri bat dakarkigu ostegun honetarako (maiatzak 15 arratsaldeko 20:00etan Kresalan). Euskal Herriko hamar film labur ikusi ahal izango ditugu aipaturiko egunean, euskara hutsean. Topaguneak antolatutako film laburren zirkuituan txertatu behar dugu ikuskizun hau, eta Santurtzin ikusi ahalko dugu azken aldiz. Hortaz, ez lokartu eta pentsa ezazu euskal zinemagintzak zurekin duela hitzordua, gainera, zenbat aldiz eta zenbat tokitan topa dezakezu laburmetraia euskaldunak ikusteko abagunea?

· UNREST. 2007. Gentzane Agirre Onaindia
· ALL ABOUT EVES. 2007. Gentzane Agirre Onaindia
· AZKEN TRENA. 2007. Mikel Alvarez
· COLUMBA PALUMBUS. 2007. Koldo Almandoz
· MOMORRO. 2007. Asier Mendoza
· ITZALAK. 2007. Iñigo Kintana
· ARDAUAREN NEGARRA. 2008. Logela Multimedia
· IKUS-ENTZUNEZKOEN RALLYA (2005, 2006 eta 2007ko lanak:
Anteojonudoak (Eibarren, 2005eko abenduaren 17an). Kalageli Taldea
Zeruari (Aiara aldean, 2006ko abenduaren 18an egina). Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñano
Bestaldean (Elgetan, 2007ko abenduaren 29an egina). Trastaka Ekoizleak

2008/05/08

Koldorekin igarotako tartea


Agian bati baino gehiagori larregizko konfiantza hartzea irudituko zaio, baina zer demontre, dagoeneko hiru urte jarraian dira geure herrian antzezten hasi zenetik, eta Koldok erritmo honi eusten badio geurera etortzen jarraituko du.
Argazkietan ikusiko duzuenez, aretoa ia-ia jendez bete zen eta bertan egon ginenok lilura handiz entzun genituen Koldoren ipuinak. Bere kontakizunetan beti agertzen den Ibarsola herrira abiatu ginen belarriak adi eta begiak zabal-zabalik, bertako zoko-moko guztiak ondo baino hobeto arakatu gura baikenituen. Eta emaitza ezin oparoagoa izan zen, izan ere bertako herritarren sekretuak ezagutu genituen, eta akaso, hurrengo txangoren baten harako bidea hartuko dugu, hain da magiko eta txundigarria Koldo Ameztoyren ipuinetako herria!!

Besterik gabe hemen dituzue argazki batzuk, barkatu hauen kalitatea baina oraindik ere ez gara behar bezala moldatzen tresna modernoekin!!

2008/05/07

Kontseiluaren erakusketa ibiltaria Santurtzin


Euskararen aldeko mugimendu gutxik lortu dute Kontseilua erakundeak bezalako oihartzun eta babesik. Ekimen hau azaldu zenetik ugari izan dira gure hizkuntzaren alde emandako urratsak, eta jakina, honek guztiak bere aitortza merezi du. Honen harira, Bai Esan taldeak Kontseiluaren inguruko erakusketa ibiltaria antolatu du asteburu honetarako (maiatzak 9, 10 eta 11) Santurtziko Udal Euskaltegian.
Kontseilua hamar urte betetzear dagoenean,hainbat herritatik igaroko da erakusketa hau, baina seguruenik Ezkerraldean ez dugu izango beste paradarik honetaz gozatzeko. Informazio gehiago gura baduzue, sakatu Bai Esan.



2008/05/05

Koldo Ameztoy Santurtzin!!


Berriro ere Koldo Ameztoy ipuin kontalari zoragarria Kresala Aretoan egongo da asteazken honetan (maiatzak 7) arratsaldeko 20:00etan AEK-k antolatua.
Ipuinak gustatzen bazaizkizue, hitzordu ona duzue Koldorekin, baina honez gain, musika, xarma eta Ameztoyren ipuinek dituzten ikasbide apartak atsegin badituzue, ezingo duzue huts egin.
Behin ikusi dugunok errepikatu beharrean gaude, eta txoritxo batek esan dit laugarren aldiz ikusteko irrikan dagoela!!

Hau da hau ipuin zaletasuna!! Izan ere, Koldo Ameztoy ezagun dugu bere emanaldietan sortzen duen giro magiko eta atseginagatik, baita ikusleak aho bete hortz gerarazteko duen gaitasunagatik ere. Hortaz, Santurzin euskaraz zenbat gauza egiten ari diren ikusita, hau beste urrats txiki bat izango da euskara plazara irten dadin.

Euskara Astea Axularren


Maiatzaren 5etik 9ra bitartean Axular Institutuak Euskara Astea antolatu du bere ikasleek klasetik kanpo ere euskarazko ekimenetan pare har dezaten. Osatu duten eskaintza ikaragarri zabala da: perkusio tailerrak, harri zulatzaileak, malabareak...

Ikasleei begirako emanaldiak izango dira, eta antza denez prestatu duten ekitaldi sortari esker ikasle andana bertaratuko da, behintzat hala dirudi nahiko interesgarriak baitira. Bertako ikasleak bazarete, ez pentsa bitan eta parte hartu!! Informazio gehiago nahi bauduze idatzi helbide honetara