2008/10/31

Berbalagun egitasmoaren aurkezpena

Jada taldeak osatuta daude, martxan zaudete... eta orain aurkezpen ofiziala egiteko garaia heldu da.

Noiz den? Hurrengo ostegunean, hilaren 6an, arratsaldeko 19:00etan eta Sestaoko AEK Euskaltegian.

Berbalagun guztiak gonbidatuta zaudete. Eta ez ahaztu... ondo portatuz gero, askaria izango duzue!

2008/10/30

Azaroa ekitaldietan oparoa!!

Atzera ere agenda berria dugu!! Eta ikusten ari zaretenez ekitaldi ugari dago. Orain anima zaitezte eta bizi euskaraz!!. Hona hemen azaroko agenda.



2008/10/27

Berbalagun eta AEK-ko ikasleak poteo/afarian!!

Giro aparta eduki genuen ostiral gauean Sestaon. Hainbat lagun bildu ginen jai giroan Iban pandero jole eta Aner trikiti joleei esker!! Poteoa samur joan zen, baina apurka-apurka begiak dir-dir egiten hasi ziren eta afaltzeko ordua heldu orduko, baten bat txolin eginda zebilen!!. Baina zer demontre botatzen diete Sestaon ur botilei?!
Hemen dituzue poteoan bizi izan genituen hasierako uneak:



Egia esan, animatuago gaude beheko bideo honetan:


2008/10/26

Euskara zine aretoetara!!




Ene!, euskarazko zinema ere badago Santurtzin. Egia esan oso pelikula gutxi ikusten dugu euskaraz. Aukera gutxi edo beharbada ohitura eza. Orain etxeko txikienek bi hitzordu izango dute aste honetan Euskara Sailak prestatu dituen emankizunei esker:



  • Asteartean, urriak 28, Nany McPhee pelikula eskainiko dute SKA aretoan. Hona hemen laburpena: Nany McPhee ezohiko umezaina da botere magikoak baititu. Brown jauna berriki alargundu da eta laguntza behar du haurrak hezteko. Hara abiatuko da Mc Phee, baina Brown jaunaren zazpi semeak hamaika bihurrikeria egindakoak dira eta dagoeneko 17 umezain uxatu dituzte. Berriro egingo ote dute??.
  • Ostiralean, urriak 31, Franklin eta Lakuko Altxorra pelikularen txanda izango da: Franklin gozatzen ari da udako opor egunetan; halako batean, familiak Licieren, altxor ehizan buru belarri diharduen izeba arkeologoaren ezusteko bisita izan du.

2008/10/24

Sestao-Getxo berbalagun ibilaldia!!


Kaixo polit horiek!!

Sestao-Barakaldoko berba talde batek jada ekintza bat proposatu eta gauzatuko du. Kirolariak bazarete eta bizikleta maite baduzue, ezin duzue aukera hau alferrik galdu.

Helburua Sestaotik Getxora joatea da, agian eta eguraldia lagun Sopelaraino. Noiz izango da?? Bada jende orori ondoen datorkion egun batean:

Noiz: Hurrengo larunbatean, azaroak 1, goizeko 10:45ean

Non: Kasko plazan, Metro irteeraren ondoan.

Ezer gutxi behar da (bokata eta ura eraman!!), hasierako plana ibilalditxo lasaia egitea da. Hortaz, baton bat arineketan hasiz gero, bere erantzukizuna da!!. Izena eman nahi baduzue idatzi email honetara.

Orain zuek aukeratu, baina bi plan dituzue Sestaon/Barakaldon bertan euskaraz bizitzeko!!.



Txuma Murugarren kontzertuan!!



Zenbat alditan ikusi duzue bakarlari bat Sestaon?? Ia egia da... Baten bat urte luze hauetan herritik igaro da..


Baina zenbat alditan ikusi duzue bakarlari euskaldun bat Sestaon?? Tira... urte batzuk dauzkagunok kontzerturen bat edo beste gogoan dugu... Baina gehienez urtean behin edo bitan. Izan ere, gure herrian aukera gutxi egoten da musikari euskaldun baten kontzertua ikusteko, areago kalitate handikoa bada. Horregatik idatzi dugu albiste hau, Txuma Murugarren abeslaria Sestaora etorriko delako urriaren 31n 20:00etan (ostirala). Horregatik eta geuri ere gustatzen zaigulako.


Ostiral iluntzean kontzertu lasaia, astean pilatutako nekea birrinduko duena.. Ez al da plan ona?? Kontzertuak 6 euro balioko du eta egun horretarako planik gabe bazeunden.. aitzakiarik ez!!



2008/10/20

Munstroak Akatu!! antzezlana Sestaon



Ai ene!! Oraindino poteo eta afarira nor apuntatuko zain gaude, baina badaezpada ere poteoa horrenbeste maite ez dutenentzat plan alternatibo bat aurkitu dugu.


Ostiral honetan, urriak 24, Munstroak Akatu antzezlana eskainiko digute Musika Eskolaren Aretoan arratsaldeko 20:00etan 3 euroan.


Hona hemen sinopsia: Teatro Mutante Antzerkiak jende ororentzako antzerki estrenaldia (baina bereziki haur eta nerabeei begira) aurkeztu du, non agertokirako hizkuntza mota guztiak aipatzen diren, objektuen manipulaziotik hasi eta Aneren istorioa kontatzeko magiaraino. Anek bere atzetik dabilkion munstroari aurre egingo dio. Istorio hau bulling edo eskola erasotik abiatzen da eta nerabe batek zelan beregana dezakeen konfiantza erakutsiko digu.

Orain ez dago aitzakiarik, edo poteo/afaria edo antzerkia. Zuek aukeratu.

Bertso Afaria ostiral honetan!!



Bertsolaritza sendo dabil geure herrian. Orain urte batzuk bertso saio gutxi izaten zen, baina azken boladan era honetako ekintzak ugaritu dira. Bertsozaleok ostiral honetan izango dugu aukera Jon Martin eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” bertsolariekin egoteko. Izan ere, Ezkerraldeko Asanblada Antidesarrollistak bertso afari bat antolatu du ostiral honetarako, urriak 24, La Kelo Gaztetxean.
Hitzordua 21:30ean izango da eta izena emateko xedea baduzue deitu telefono honetara 617 767 989 edo pasatu La Kelotik.

Uda igaro ostean eta bertso-lehorte luze hau gainditu nahi baduzue, ez pentsatu bitan eta anima zaitezte!!

2008/10/17

Poteoa eta afaria hurrengo ostiralean!!



Bada bai, argazkikoak bezain klasikoak ez zareten arren, zuek ere poteoa egiteko eskubidea duzue!! Horretan ere pentsatu dute Sestaoko AEK-ko irakasleek, eta dagoeneko poteo eta afari bat prestatu dute hurrengo ostiralerako, urriak 24.

  • Poteo bera arratsaldeko 20:00etan hasiko da euskaltegitik. Berbalagunok mingaina astintzeko aukera aparta izango dugu, azken finean kontua hitz egitea da ezta??
  • Eta hau bukatutakoan afariari ekingo diogu, hori bai aldez aurretik jakin behar dugu zenbat lagun izango garen eta urriaren 21ean (asteartea) izena emateko epea bukatuko da.

Beharbada poteo bat egiteko oso goiz dela pentsatuko duzue, baina zer demontre, elkar ezagutzeko era onena da. Beraz, anima zaitezte eta parte hartu!

Oharra: Berriok ez eduki lotsarik, ausartu joatera. Gainera dinamizatzaileok ere berriak gara eta denok behar dugu babes txiki bat.

Euskara Sencilloaren manifestua (antzezlana)



Euskara hotza, urruna, laborategikoa… Euskaldun berriok sarritan horrelako baieztapen mingarriak entzun ditugu erabiltzen dugun euskararen inguruan. Euskaldun zaharren aurrean lotsatuta eta burumakur azaldu ohi gara hanka sartzearen beldurrez, hitzak etengabe neurtuz eta azkenean suminduta erdaraz erantzun digutenean…

Bada, Euskara Sencilloaren Manifestuaren bidez euskaldun berrion ahalegina goraipatzen da. Euskara errazagoa, hurbilagoa eta beroagoa izan daitekeelako. Zer demontre, euskaldunok finean ez dugulako zertaz lotsatu, ez al dugu ahalegin handia egin euskara ikasteko??. Horixe baietz!!

Asteazkenean arratsaldeko 20:00etan, urriak 22, barrez lehertu nahi baduzu, Bai Esan euskara taldeak oso gonbidapen tentagarria egin digu: Kresala aretora hurbildu eta bikote euskaldun berri honen abenturez gozatu!!.

Umeentzako ekintzak Serantes, Las Viñas eta Itsasoko Ama ikastetxeetan.


Urriaren 22tik aurrera Ikastetxe hauetako haurrek euskaraz murgiltzeko aukera edukiko dute klasetik at. Eskaintza ezin zabalagoa da, (mosakikoak, papiroflexia, gynkhanak, idazkera, jolas kooperatiboak, apainketak, antzerkia, kultura aniztasuna…). Umeen arteko harremana sendotzeari begirako jolas mordoa antolatuko du Keima taldeak Euskara Sailak sustaturik.

Egia esan, ez dirudi aspertzeko betarik egongo denik, ez behintzat ekimen honetan parte hartzen bada. Gainera, nork ez du oroitzen txikitan zenbat ordu ematen genuen olgetan telebistari jaramonik egin gabe? Bada, orain euskaraz egin daiteke, eta egia esanda, bideo jolasak egun batzuetan baztertzeagatik…

2008/10/16

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko ikasle eguna.



Agendatik kanpo geratu zaigun ospakizun baten berri eman behar dizuegu. Berau Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Ikasle Eguna dugu Ikasle Abertzaleak taldeak antolaturik. Larunbat honetan, urriak 18, izango da eta egun osoan hamaika ekimen edukiko dugu ikusgai. Hona hemen egitaraua:

  • 12:00etan Santurtziko parketik kalejira.

  • 13:00etan Aurkezpena, eta ondoren poteoa.

  • 15:00etan Herria Bazkaria.

  • 17:00etan Jolasak

  • 20:00etan Kontzertuak Non ote? eta Bertan Behera taldeen eskutik.

  • 24:00etan Jaialdiaren bukaera.

Bazkaria 5€ Kontzertuak 5€

Bazkaria+Kontzertuak 8€

Ekitalde gehienak La Kelo Gaztetxean gauzatuko dituzte, beraz, parte hartu nahi izanez gero, badakizue nora jo. Bestetik, ikasleak ez bazarete ere parte har daiteke. Ez ezazue jarri aitzakiatzat jada ikasleak ez zaretenik!!

2008/10/13

Euskal musikaz gozatzeko aukera!!



Kaixo jendea!!

Aurreko berrian jarri genuenez, berbalaguna aurrera atera nahian gabiltza, orain milaka dei eta email idatziz. Baina dena ez da lana, eta jakin badakigu aste honetantxe bi ekitaldi izango ditugula euskaraz:
  • Seiren taldearen eskutik Pertsona baten bila kontzertua izango dugu ikusgai urriak 14 asteartea. Sarrerak hiru euro balio du eta hitzordua Musika Eskolaren aretoan izango da 20:00etan.


  • Bestetik, urriaren 17an ostirala Jabier Muguruzak sorginduko gaitu bere abesti zein erritmo lausoekin. Sarrerak sei euro balio du eta hauxe ere Musika Eskolan izango da arratseko 20:00etan.

Berbalagunok zuen taldeak martxan noiz hasiko zain bazaudete, ez larritu lanean gabiltza eta. Eta euskara berriz plazara ateratzeko aukera ona dugu bi kontzertu hauekin ezta??

Ikastaroak hastear daude


Aurrekoetan aipatu legez, Mamarigako Kultur Etxeko ikastaroak martxan hastear daude. Noiz? Bada asteazken honetan, urriak 15, etxe honetako gelak ekitaldez beteak egongo dira. Zer gustatu hura izango duzu Kultur Etxeari esker. Izan ere, aurten luzatu diguten kultur eskaintza ezin zabalagoa baita: perkusioa, txalaparta, erlajazioa, sexualitatea, dantzak, puntu gurutzea, panderoa..

Oraindik ere garaiz zaudete izena emateko. Soilik deitu behar duzue telefono honetara: 94 493 78 60. Bestela email honetara idatzi. Dena den, eta ohi bezala informazio zehatzena bertako web orrialdean izango duzue.
Hortaz, zuen asialdirako planik ezean ikastaro sorta itzela dago hautatzeko, dena autogestioaren bidez.

Greban Gaude antzezlana



Urriaren 17an (ostiralean arratseko 19:30ean) Santa Klarako areto nagusian Portugaleten Greban Gaude antzezlanaz gozatzeko aukera izango dugu Harribola taldearen eskutik.

Hiru garbitzailek grebara joateko erabakia hartzen dute antzezlan honetan, grebaren zergatia hasiera batean inork argi ez eduki arren. Hirurak elkartu egingo dira, eta solasari ekingo diote. Oso ezberdinak dira beraien artean, eta gaiak jorratzeko orduan ere, ezberdintasun horiek agerian geratuko dira. Ironia handiz, maitasunari, familiari, sexuari, ilusioei eta beste zenbait gauzari buruz arituko dira antzezlan honetako hiru pertsonaiak, eta emakumezkoen pentsaera nahiz ikuspegi ezberdinak azalduko dituzte.

Barre egin, hunkitu, gozatu, eta gustura egon nahi izanez gero, badakizue zer egin. Hurbildu Santa Klarara ostiral honetan!!

2008/10/10

Berbalaguna berriro abian!!



Kaixo berbalagunok!!





Udako geldialdiaren ostean berbalagun ekimena jarri behar dugu berriro martxan. Honetarako, iaz ibili zineten guztion laguntza beharko dugu, eta nola ez, aurten jende berria animatzen bada ezin hobeto!!.


Ikasturte honetan bi dinamizatzaile berri arituko gara egitasmo honetan, eta lana erruz egin nahi dugu. Beraz badakizue, berbalaguna izan nahi baduzue edo izaten segitu nahi baduzue, Sestaoko AEK euskaltegian izango gaituzue zuen zain. Telefono honetara dei dezakezue: 94 496 09 00, edo email honetara idatzi.


Beteranoei hurrengo astetik aurrera deituko dizuegu, hortaz eduki itzazue sakelakoak piztuta!!





Laster arte eta bizi euskaraz!! Askatu mingaina!!!

2008/10/08

Andolin Eguzkitzaren omenezko liburua


Ostiral honetan, urriak 10, arratsaldeko 18:00etan Katea ez da Eten liburuaren aurkezpena egingo dute Kresala Aretoan.
Denok dakigunez, Andolin Eguzkitza santurtziarrak ibilbide luzea egin du euskalgintzan nahiz literaturan, eta zendu zenez geroztik hamaika omenaldi eskaini zaio, baina haietako gutxi bere herrian, Santurtzin.

Liburu honetan Santurtziko gizarte eragile askoren lekukotasunak jasotzen dira, baita herri mugimenduaren hainbat gogoeta ere. Halaber, ekitaldian zehar Leire bilbao eta Castillo Suarez idazleen irakurraldiak eta errezitaldiak entzuteko abagunea izango dugu.


Honenbestez, euskararekin izango dugun hurrengo hitzordua ostiral honetan izango da. Anima zaitezte!