2008/11/28

BeHIak hezkuntzaz hausnartzen??

Bai horixe!! Gaur egungo BeHIak Hezkuntzaz hausnartzen arituko dira. Lasai, baretu animoak berehala ulertuko duzue eta. BeHIak zergatik, bada ekimen hau Kantauri BHIk antolatu duelako!!. Nonbait, hezkuntzari buelta pare bat eman behar zaio eta honetarako ezin hobea da Gorka Velascoren liburuan oinarritutako erakusketa.

Noiz egongo da ikusgai erakusketa?? Abenduaren 3tik 19ra bitartean Kantaurin!!. Gehiago jakiteko idatzi helbide honetara.


Santurtzin... euskaraz... zergatik??


Gure herrian euskaraz egiterik al da??, erderara jo behar dugu ezinbestean, edo posible da hainbat eremutan euskaraz jardutea??, Euskara ikastea ezinezkoa da??..

Zenbatetan egin dizkiogu geure buruari galdera hauek? zenbatetan etsita geratu gara hitz egiteko ezintasuna izan dugulako??. Bada, galdera hauei guztiei erantzun egokia eman guran, Bai Esan euskara elkarteak Santurtzin.. euskaraz... zergatik?? mahaingura antolatuko du hurrengo abenduaren 2an arratseko 20:00etan Kresala aretoan.

Santurtzin euskaraz bizi nahi dugunok bazter guztiak arakatzen ditugu euskaldunen bila, agian horregatik hitzaldi hau. Agian herriko euskaldunok batzeko garaia heltzear da. Ildo honetan Axular, Bihotz Gaztea, Udal Euskaltegia eta AEK-ko hainbat ikasle/irakasle elkartuko dira patxadaz honetan sakontzeko.

Euskara Eguna Santurtzin

Euskararen nazioarteko eguna (abenduak 3) ospatzeko hainbat eragilek proposamen batzuk luzatu dizkigute gure hizkuntzan murgiltzeko.
Itsasoko Ama eskolak jolasak, bertsoak, kantak eta beste hainbeste ekimen gauzatuko dituzte bertako ikasleekin batera. Helbura, nola ez euskarak gure bizimoduan ahalik eta toki handiena hartzea da!!.

Bestetik, Euskara Sailak bi ikuskizun erakargarri antolatu ditu Kresala aretoan:

*Ino, ino, ino... badator Bonbardino antzezlana 17:30ean
*Go!azen film musikalaren estreinaldia 20:00etan.

Seguruenik ere gauza gehiago egongo dira , beraz, animatu eta har ezazue parte. Baina modu berean, euskara ez dela egun batera mugatu behar den gauza bat gogorarazi nahi dizuegu. Izan ere, gure hizkuntza egunero landu beharrekoa da, egun guztiak, ordu guztiak eta minutu guztiak izan daitezela euskararen pizgarri!!.




2008/11/27

Berbalagunok Durangora goaz!!



Egia da jende ugarik data honetan oporraldi txiki hau aprobetxatzen duela kanpora joateko, eguneroko loturak eta ezinegonak ahazte aldera.. Berbalagunok ostera, badakigu Durangon Euskal Kulturak topaleku garrantzitsua duela: diskak, liburuak, egutegiak, bildumak.. eta nola ez Azokako kaleetan topatzen ditugun ezagunak!!.

Ahh baita Durangoko kaleetan dagoen giro ederra ere!!. nork ez du pote pare bat hartu azokari bisitatxo bat egin ostean, edota talo bat jan!!.

Bada geu horretara joango gara, hori bai izena eman behar da abenduaren 4a baino lehen, email honetara idatziz edo telefono honetara deituz 94 496 09 00.

Abenduaren 6an (larunbata) Durangoko Azokara joango gara eta Kasko metro irteeran lotuko gara goizeko 11:00etan.

Anima zaitezte!!


Euskara eguna


Urtero bezala gure hizkuntzaren eguna ospatzeko sasoia da. Euskararen nazioarteko eguna dugu abenduaren 3a eta denok dakigunez, euskaldunok gutxi bagara ere zarata handia egiten dugu. Sestaoko berbalagunok egunero ospatzen dugu euskararen eguna, eguneroko hizkuntza baita gurea, egun soil batera mugatzen ez dena.

Beraz, ospakizunak ondo daudela aintzat hartuta, guk hemendik dei egiten dizuegu euskara egunez egun iraunarazten laguntzeko, orain arte ahalegindu garen moduan. Euskarak gure egunak, orduak eta segundoak bete ditzala, eta ahal bada etenik gabe!!.


Sestaon Udal frontoian eta Sestaoko eskoletan 17:30etik aurrera euskaraz aritzeko parada izango dute jai giroan Euskara Sailaren eskutik. Bada garaia euskara ikasgelatik kalera atera dadin!!.

Haurrak 12 orduz euskaraz!!





Denok ezaguna da euskaraz hitz egiteko esparruak oso mugatuak direla. Euskaldunak egon badaude, eta Ezkerraldeko herri gehienetan legez, ia-ia ume guztiak euskaldunak dira. Bada, ume hauek euskaraz murgil daitezen aukera paregabea daukagu larunbat honetan, azaroak 29 Santurtziko erdialdean (parkea eta inguruak). Hona hemen BIGE-K(BIZKAIKO GURASO ELKARTEAK) antolatu duena:
  • 9:30etan 12 orduz euskaraz ekimena hasiko da, bertan musika, jolasak, antzerkiak, bertsoak eta abar egongo dira. Ordu horretan ere Nafarroako Kutxak Euskal Pilota erakusketa irekiko du bere egoitzean.

  • 10:00etan haurrentzako puzgarriak Lau joko, Lau kontinente. Karpan ere tailerrak egongo dira. Kalez kale erraldoiak ibiliko dira, baita udal musika banda ere.

  • 12:00etan Eneko eta Miyukik beren bidaien gaineko hitzaldia eskainiko dute Kresalan. Honen ostean Eskoletako umeak bertsotan arituko dira Karpan.

  • Benta zaharreko mutiko alaiak kalez kale ibiliko dira abesten. Marsel magoak ikuskizun ederra burutuko du karpan.

  • 17:00etan Kanpanolue taldeak umeentzako berbena egingo du.

  • 18:00etan Trapero del Rio antzerki taldeak Salam lana eskainiko digu.

  • 19:00etan maratoi honi bukaera emateko Aiko erromeria taldeak dantzan jarriko gaitu.

Egia esan, Santurtzin hamabi orduz euskaraz aritzea posible izango da. Beraz, aukeratu eta gozatu!!



2008/11/24

Kultur Etxeko ikasturte hasierako jaia!!



Berriro ere Mamarigako Kultur Etxea dugu hizpide. Autogestioaren bidez diharduen eragile honek esker ona helarazi nahi dio bere ekimenetan parte hartzen duen orori. Izan ere, aurten 10 ikastaro baino gehiago du abian jada, haietako asko euskara hutsean: bertsolaritza, panderoa, txalaparta, perkusioa… Honez gain, gelak beti beteta egoten dira auzotarren bilerak direla, musika taldeen entseguak direla, Mamarigako Abesbatza dela… Laburbilduz: sekulako kultur dinamika dago!!

Hau guztia ospatzeko, Kultur Etxekoek ikasturte hasierako jaia prestatzea erabaki dute. Azaroaren 28an arratsaldeko 19:30etik aurrera, jai giroan bilduko dira etxeak izan dituen berrikuntza lanak, ikastaroetan egiten diren gauzak eta esperientzia desberdinei buruz berba egiteko. Betiere sabela ederki beteta eskura eduki duten askari oparoari esker!!. Gehiago hemen.

Ipuinez gozatzeko aukera itzela...

Kandelen Argipean izeneko taldeko partaidea da Begoña Gómez ipuin kontalaria. Berarekin belarriak, begiak eta irudimena berotu eta ondo zabalduta, prest egongo gara elkarrekin ipuinak kontatu eta entzuteko. Euskara Sailak antolatuta, ipuin-saio honetan denon artean lortuko dugu entzungo ditugun istorioetako protagonistei bizitza ematea eta beraiekin barre egitea.

Etorri Kresala Aretora hurrengo ostiralean, hilaren 28an, arratsaldeko 20:00etan eta elkarrekin ipuinez gozatuko dugu!.

Haurrak zinemara doaz!!

Haurrentzat bideratutako Pepper pelikula ikusteko aukera izango da SKA aretoan, azaroaren 27an. Pepper txakur berezia da: hitz egiten daki, eta gainera, aberatsa da. Izan ere, diru mordoa jaso du oinordetzan. Hori dela eta, arriskuan dago, lapur batzuk haren atzetik baitabiltza. Lapur horietaz ihesi, Pepper txakurrak babesa bilatuko du Singerdarren etxean. Bertako kide den Felix mutiko bakartiaren laguna egingo da Pepper. Txakurra bezain berezia da mutikoa, egun osoa tigre jantzita ematen baitu. Elkarrekin, arrisku ugariri egingo diote aurre.
Eskola orduetan izango da, Euskara Sailaren eskutik.

2008/11/21

Ipuin kontalaria Sestaon!!



"Kandelen argipean" taldearen ibilbidea 1996an hasi zenetik gaur egunera arte, ehunka saio eskaini dituzte. Taldeak kontu asko konta ditzake. Bada, kasu honetan Kandelen Argipean taldeak Whipala ipuinen ikuskizuna eskainiko du. Izen hori Qhishwa-Aymara tribuen banderatik datorkio eta Erromako Zubiaren zazpi koloreak ditu.

Noiz? Azaroak 27 osteguna arratsaldeko 19:00etan.

Non? Azken uneko arazo bat dela medio Sestaoko AEKn izango da.

Lurraren kolorokoek sortutako ipuinak, hainbeste urtetan isilaraziak izan diren istorioak eta hain gizatiarrak diren kondairak entzun nahi badituzue, ez galdu Gaztelekuk luzatu digun aukera paregabe hau!!.


2008/11/20

Nazioarteko txotxongilo jaialdia!!



Aste honetan txotxongiloen mugimenduari so egongo gara, hari meheak ahaztu eta egiazko pertsonaiak bailiran ikusiko ditugu panpin eder hauek. Astelehen eta asteazkenean nazioarteko jaialdia izango dugu geurean, geure zain Euskara Sailak antolaturik.

* Azaroak 24, astelehena, Ipuin Lapurra ikuskizuna izango dugu Musika Eskolan 19:00etan. 3 euro balio du eta Antzezkizuna Ginol taldeak sortutako lana da. Hona hemen sinopsia:

Izozkien postu ibiltaria bultzatuz doa Toni La Sal. Herriko plazaren bila dabil, postua bertan jarri eta izozkiak saltzen hasteko. Bat-batean, telefono dei harrigarri bat jaso du. Antza denez, izozki saltzaile jantzia lanerako baino beste zerbaitetarako estalkia da... Herriko banketxean lapurreta egitea!!






* Azaroak 26, asteazkena, Cyrano antzezlanaz gozatu ahal izango dugu Gorakada taldearen eskutik. Musika Eskolan 19:00etan 3 euroan. Sinopsia:


Nork ez du, noiz edo noiz, bere burua itsusi ikusi? Nork ez du izan beste pertsona bati maite duela esateko beldurra? Nork ez ditu, noiz edo noiz, edertasuna eta zentzua elkarrekin nahastu? Horregatik... Cyranoren drama, sudur handidun gizona, ezpatarekin abila eta olerkari bikaina, baina bere maitasuna adierazteko gai ez dena, bere burua erakargarri ikusten ez duelako.

Istorio xarmangarriak, liluragarriak entzuteko parada baldin badago, nolatan geratuko zarete etxean??

2008/11/19

Nomadak Santurtzira iritsiko dira!!


Oraindik Oreka TX txalaparta taldeak sortutako filma ikusi ez baduzue, zortekoak zarete. Izan ere, ostiral honetan, azaroak 21 arratsaldeko 20:00etan ezinbesteko hitzordua dugu Kresala Aretoan Euskara Sailaren eskutik.

Nomadak dira pelikula eder honen abiapuntu eta helmuga. Munduan geratzen diren azken ibiltariak, kultura aberats eta zahar baten babesle zorrotzak. Sahara, Mongolia, Laponia.. Txoko miresgarri hauek ezagutzeaz gain, Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicenteren balentriak eta txalaparta jotzeko trebeziaz gozatuko dugu.

Izotza, harria, egurra, txalapartari hauentzat ez dago ohiko txalaparta berritzeko eragozpenik. Dena da posible, dena da egingarria musikaren bidez haien bizipenak helarazten dizkigutelako. Bada ostiralean besaulkian ondo uzkurtuta, geu ere nomada bilakatuko gara, Nomadak TX


Haurrentzako berbena!!


Larunbat honetan, azaroak 22, gure herriko haurrek gerria astinduko dute konplexurik gabe. Txorromorro taldeak gramola haur dantzaldi dibertigarria egingo du umeen parte hartzea ziurtatuz.

Dantza eta jolasen bidez, etxeko txikienek gainerako umeekin zein Txorromorroko kideekin ikaragarri ondo pasatzeko aukera izango dute. Gainera, larunbateko eguerdian 12:00ak aldera, ba al da plan hoberik??. Bada hori udazkena bukatzear dugula Euskara Sailak antolatutako ekitaldi hau ere aprobetxatu beharko dugu. Anima zaitezte eta ea zelako erritmoa dugun!!

2008/11/17

Izenaduban izena duen guztia omen da!



Kaixo berbalagunok!

Larunbatean 40 lagunok Olentzerori egin genion bisita. XV. mendeko baserri batean bizi da, Mungian, Izenaduba izeneko baso magikoan, hain zuzen ere. Egun horretan, ez genuen ikazkina etxean topatu; mendian zegoen eta.

Bertan egon ginen berbalagunok bere etxeko txoko guztiak ikusteko aprobetxatu genuen eta bide batez, beste izaki mitologiko batzuk ezagutu genituen: Pittoi txoritxoa, Mari Teilatuko marigorringoa, Mari ederra, jentilak, Peru ausarta, Tartalo...

Mari teilatuko

Umeek eta ez hain umeok oso ongi pasatu genuen. Bestela begiratu egun horretan ateratako argazkiei... Klikatu hemen.


Ni naiz Hector, ni bakarrik.


Santurtziko antzerkizaleok zorionekoak gara aste honetan, zeren eta bi emanaldi edukiko baititugu. Lehena aurreko berrian agertutakoa da, eta bigarrena Ni naiz Hector, ni bakarrik antzezlana.


Jokin Oregik idatzitako antzezlan hau ostegunean, azaroak 20, ikusi ahal izango dugu arratseko 20:30ean SKAn Euskara Sailaren eskutik. Prezioa 6 eurokoa da, baina AEK edo Udal Euskaltegiko ikaslea bazara, merkeago aterako zaizu!!. Beraz, ez geratu ilargiari begira eta anima zaitezte!!.


Hona hemen sinopsia:

Hectorrek, bere buruan ahotsak (Nia 1 eta Nia 2) entzuten dituela eta, konponbide bila bere maitasun platonikoa den Esti psikologoaren kontsultara joatea erabakiko du. Tartean, ordea, Estiren ama Carla sartuko da, zeina psikiatra den, eta gauzak are gehiago korapilatuko dira. Hectorrek, alde batetik, bere Nia1 gogaikarriari eta joera suizidak dituen Nia2ari egin beharko die aurre, eta, bestetik, Estirekiko erakarmena bideratu beharko du. Era berean, Estik bere depresioari eta amak eragindako gatazka guztiei egin beharko die aurre. Eta hau guztia komedia erromantikoen klabeak erabiliz, egoera absurdo eta umoretsuei leku eginaz.

2008/11/14

Pagasarri eta Ganekogortarako txangoa!!



Hurrengo larunbatean, azaroak 22, eta eguraldia lagun berbalagunok Pagasarri eta Ganekogorta mendietara joango gara espedizioan!!.

Udazkeneko kolore eta ikuspegi ederrez gozatzeko asmotan abiatuko gara mendian gora. Zer egin behar da gurekin etortzeko??. Oso erraza, azaroaren 20a (osteguna) baino lehen izena eman behar duzue email honetara idatziz, edota telefono honetara hots eginez: 94 496 09 00.

Autorik ekartzea posible duzuen zehaztu, zatitxo bat kotxez egingo baitugu (oso gutxi..). Ura, txokolatea, ogitartekoa eta arropa egokia ezinbestekoak dira!!. Ah eta ibiltzeko gogoa!!.

Goizeko 09:30ean Sestaoko Kasko metro irteeran lotuko gara eta hortik hasiko da abentura. Ez pentsatu bitan eta atera nagiak!!


Zeru Gaineko Berlin.



Irudi ederrak, ametsetakoak, ikusteaz batera geure buruan irudikatu ditzakegunak, sentitu eta gozatu. Gainera, imajinek musika izango dute lagun, azaltzeko bide; eta honi esker giro liluragarria sortuko da, Kresalako besaulkietatik Berlineraino eramango gaituen erritmo barean. Eta hauxe izango dugu hurrengo asteazkenean, azaroak 19, arratsaldeko 20:00etan Kresala aretoan.

Zeru Gaineko Berlin ez da nolanahiko antzezlana. Hala Bedi irratsaio batetik sortutako ideia da, Celosamente Gordea saiotik ateratakoa. Irudiak, elkarrizketak eta musika nahastuko dira bakardade, maitasun nahiz denboraz hitz egiteko, betiere gauza bat nabarmenduz: Haurtzaroan genuen harritzeko kapazitatearen galera.

Eta oraindik ere harritu ahal garelakoan, zur eta lur geldituko garelakoan elkar ikusiko dugu Berlinen. Euskaraz amesten, Bai Esan euskara elkarteari esker.


2008/11/11

Haur dantzaldia Santurtzin!!


Betizu eta oilarraren kukurrukua ikuskizuna hurrengo larunbatean (azaroak 15) izango dugu J.J. Mendizabal plazan eguerdiko 12:00etan.
Bertan ohi bezala, dantza, txantxa, barre, salto egingo dugu!. Betizu behi bihurri hauek prestatutako azken emanaldia ikusi nahi baduzue, ezin duzue huts egin. Gainera, hil honetan tankera bereko beste berbena bat izango dugu bi larunbatetan. Hau lehenbizikoa izango da Euskara Sailak bultzatu duen Udazkena Euskaraz kanpainaren barnean.

Beraz, larunbat honetan euskaraz gozatzeko aukera duzu, non eta Santurtziko kaleetan!!. Hori bai, dantzatzen hasi aurretik ondo berotu. Osterantzean zaintiratuak eta axubetak izango dituzue!!

Euskal Herriko ohitura zaharrak


Kaixo!!!
Ostiral honetan arratsaldeko 20:00etan hitzordu polita izango dugu kresala aretoan. Bertan gure ohituren inguruan egingo dugu berba, zein diren, nondik datozen. Felix Mugurutza etnografoak bere ezagutzak gurekin guztiokin partekatuko ditu eskema zaharkituren bat baino gehiago hautsiz. Euskaldunok gure usadion jakitun garela denon ahotan dabil, baina euskaldunok Gabonak betidanik ospatu ditugu?, Olentzero noiztik dugu ezagun?, eta gure ospakizunak guk uste bezain paganoak ziren??.

Urriaren 14an, Euskara Sailak antolatutako ekimen honetan, galdera hauei erantzun egokia eman ahal diezue ekitaldi honetan parte hartzen baduzue, bestela zuen jakin-mina ase barik geratuko da!!


2008/11/10

Euskal musikaz gozatzeko aukera!


Kaixo jendea!! Azaroan ekitaldi mordo bat izango dugu eta hurrengoa Olentzeroren Etxera joan aurretik. Honako hau izango da:


  • Seiren taldearen eskutik Pertsona baten bila kontzertua izango dugu ikusgai azaroak 14 ostirala. Sarrerak hiru euro balio du eta hitzordua Musika Eskolaren aretoan izango da 20:00etan.

Ez pentsatu bitan eta heldu euskarari!! Bizi musika euskaraz!!

2008/11/07

Atzoko aurkezpena irudietan!!

Atzo Berbalagun egitasmoaren aurkezpen ofiziala egin genuen Sestaon. Ofiziala diogu, talde gehienak martxan baitaude, 12 talde, 70 lagun. Ez dira zenbaki makalak ezta??


Bada, hementxe Ezkerraldeko txoko honetan hainbat lagunek aldarrikatu zuten Sestaon ere euskaraz bizitzeko grina dutela, geurea ez dela bigarren mailako hizkuntza bat. Euskara hemen ere bizirik dagoelako, geure baitan. Eta bertatik kanpora, kalera.

Eta honela elkartu ginen, hitz egiteko, barre egiteko, jateko, argazkiak ateratzeko, sentitzeko, adarra jotzeko, geure burua zein herria hobeto ezagutzeko. Honela elkartu ginen, euskaraz.











Argazki gehiago hemen klikatuz gero.

Berbalagunak bizikletaz!!

AIII!! Pasa den asteburuko txangoak bere ondorioak eduki ditu eta argazkiei begiratzea baino ez dago berbalagunen sufrimendu aurpegia ikusteko!!. Baietz bai, ondo erreparatuz gero, baten batek neke imintzioak egiten zituen.. Edo ez!! ezetz ba!!. Denak alai eta irriz daude, euskaraz hitz egiteak ematen dien poza sentituta.
Hauxe duzue Sestao-Barakaldo-Getxo konexioa, bertako berbalagunek burututako txango ederra: Sestao-Butroi. Hasiera batean asmoa Getxoraino joatea zen, baina kirolari hauek sasoi betean daudenez, marka hobetu behar zuten eta hona hemen emaitza:


<

Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

2008/11/05

Olentzeroren etxea bisitatu nahi??


Kaixo!! Gutxi batzuek jakingo duzue non bizi den Olentzero ezta?? Bada azken ikerketen arabera Mungia aldean du baserria. Eta berbalagunok ditugun kontaktu garrantzitsuei esker (AEK-ko irakasleak alegia) bere etxera joateko aukera izango dugu laster.

Noiz: Azaroak 15 larunbata arratsaldeko 17:00etan.
Non: Mungian. Ez al dizuegu lehenago esan??. Sestaotik 16:00etan aterako gara, AEKtik.

Berbalagun batzuek diote antolatzen ditugun ekintzek oso kutsu parrandazalea dutela. Oraingoan seme-alabarik baduzue edo mitologia gogoko baduzue, ez pentsatu bitan eta eman izena!!. Izenaduba basoan dago kokatua eta bertako istorioak zirraragarriak dira!!

Ostirala izena emateko azken eguna izango da (azaroak 8), erreserba egin behar baita. Antza, jendetza bertaratzen da. Eta non eman dezakezue izena?? Email honetara idatziz edota telefono honetara deituz: 94 496 09 00. Helduek 8 euro ordaindu behar dute eta haurrek 6.


Hauxe duzue berbalagunon beste ekintza bat!! Anima zaitezte eta bizi euskaraz!!. Gogoratu izena emateko azken eguna ostiral hau dela!!. Ah kotxeak beharko ditugu, autobusa hain da garestia...!!

2008/11/04

Elvi sabeliztuna bere panpinekin dator!!


Pentsa ezazue zenbat denbora igaro den sabeliztun bat edo bentrilokuo bat ikusi zenuten azken alditik... Bufff aspaldidanik ezta??. Eta euskaraz zenbat bider?? Behin ere ez?.

Zuek egoera horretan bazaudete, ezin diozue ikuskizun honi muzin egin. Barrez lehertu, eta algara dela medio besaulkian sartu ezinik egon nahi baduzue, Elvi sabeliztunak irribarre andana ateraraziko dizue.

Izan ere, ordubeteko saio honetan bere panpin ezagunak agertzeaz gain, umoreak, magiak eta abestiek aldarte onean jarriko gaituzte!!.


Noiz: Ostiral honetan, azaroak 7 arratseko 19:00etan.

Non: Kresala Aretoan..

Antolatzailea: Euskara Saila.


Ahh eta emanaldia bukatu baino lehen, jende artetik bi panpin berri agertuko dira. Nortzuk izango ote diren ikusteko dago.

Munduko bira jolasean.


Hurrengo larunbatean, azaroak 8, agian ez duzu aparteko planik izango. Beharbada ohean geratzeko asmoa duzu gozo-gozo. Baina Munduko bira jolasean egin daitekeela jakingo bazenu.. beharbada nagiak aterako zenituzke eta bita pentsatu barik euskarari eragingo zenioke. Gainera, goizeko 11:00etatik aurrera eta goiz osoan izango dela jakin ondoren, lozorroan geratzeko plan hori guztiz baztertu beharko zenuke eta ekimen honetan parte hartu!!.
Euskara sailak Udazkena Euskaraz kanpainaren barruan kokatu duen ekintza honek helburu hauek ditu:


  • Lehen hezkuntzako umeekin jarrera eta jokabide arrazisten prebentzioa lantzea.

  • Jolasa eta tailerren bidez kultura ezberdinen ezagutza ahalbidetzea.

Kontinente guztiak ezagutu gura badituzu, parkean duzu hitzordu hau.

2008/11/03

Azaroa ekintzez beteta datorkigu!!

Hemen duzue azaroan euskaraz edukiko dugunaren bilduma!! Orain zuek aukeratu eta parte hartu!! Sestaon ere euskararen munduan murgildu gaitezke.