2008/12/23

Urtarrilari begira...

Euskararen agendan ikusiko duzuenez, urtarrilaren 2an (ostirala) 2009aren lehenengo hitzordua daukagu gure hizkuntzarekin: Euskara Sailak antolatuta "Magia teilatuetan" antzezlana ikusteko aukera izango dugu Musika Eskolan, 20:00etan. Gainera, sarrera doakoa da!!!


Sinopsia: Txalo Produkzioak aurkeztuko duen Magia teilatuetan ikuskizuna San Joan gauean burutzen da, Betisak teilatura igo eta gauean galtzen diren suak ikusten ari denean. Halako batean, ahots batzuk entzun eta bi lagun agertzen dira babesleku horretan. San Joan gauean mago guztiak bildu ohi dira trikimailuak eta sekretu magikoak elkarri erakusteko eta Falasoz eta Dorleta magoek magia eta adimen-lehiaketa bat antolatu dute, bien arteko norgehiagoka Betisak epaituko duelarik.

Bestalde, dakizuen moduan, Sestaoko berbalagun egitasmoaren dinamizatzaileok oporrak hartu arren, berbatalde askok gabonetan elkartzen jarraituko dute. Zeuek ere atseden hartzea erabaki baduzue, gogoratu urtarrilaren 7ra arte daukazuela (egun horretik aurrera, hain zuzen ere, ohiko ordu eta tokietan elkartzen hasiko garelako!).

"Urte berri, asmo berri". Hala ere, guk asmo, nahi, amets, desio eta ilusio berarekin ekingo diogu 2009ari: Sestao (eta Ezkerraldea) euskalduna!!!

Aaa!! eta bukatzeko, urtarriletik aurrera gure e-posta aldatuko dugu: ezkerraldea@aek.org

Ondo pasa oporretan eta gogoratu: Gabonetan ere... euskaraz!

Gabonetako afarian ederto pasatu genuen, ezta?

Kaixo berbalagunok!

Zuen eskaereei kasu eginez, gabonetako afari-poteoan ateratako argazkiak igo ditugu blogera.

Kueto eskolan 40 bat lagun elkartu ginen eta egon ez zaretenek ez dakizue zer galdu zenuten... benetan, oso giro ederra egon zen eta berbalagunen arteko harreman sarea handitzea eta sendotu zen.

Taldeko argazkia, Kueto eskolan.


Berbalagunok poteoan, La Pela kalean.


Argazki gehiago ikusteko, hemen sakatu.

2008/12/19

Berbalagunok urtarrilean ekin euskarari!!

Kaixo!! Santurtzi Euskaldunak oporrak hartuko ditu urtarrilaren 7ra arte, bitartean ondo pasatzea espero dugu eta nola ez euskaraz mintzatzea!!. Berbalagunok urtarrilaren 12tik aurrera elkartzen hasiko gara. Oraindik izena eman ez baduzu, anima zaitez eta urtarrilean izango gara!!. Hona hemen urtarrilean euskaraz egin dezakeguna!!

Urtarrileko agenda!!

Gabonen eta inauterien artean daukagun hilabetean zenbait ekintza interesgarri daukagu euskaraz gozatzeko. Hona hemen urtarrileko euskararen agenda!!

2008/12/18

Negu Eguna ospatuko dugu!!

Urtero legez Mamarigako Kultur Etxeak jai polit honetara joateko gonbitea luzatu digu. Ohiko ospakizunetatik kanpo eta kontsumismoa baztertuz, Neguko solstizioa (Negu Eguna) jai giroan pasatuko dugu Mamarigan. Noiz? abenduak 23 asteartea, baina adi egon hemen kartela baituzue!!:

Honez gain, ardo eta gazta baten zozketa, Mamarigako Jai Batzordearen tonbola, desio txarrak erreko ditugu.... Beti bezala autogestioaren bidez eta informazio gehiago hemen.

Gabonetako haur parkea

Jarraian dituzue Santurtziko parkean burutuko diren umeentzako ekintzak. Oporrak euskaraz igaro nahi badituzue, hemen duzue aukera:

2008/12/17

Olentzero jaia!!

Olentzero joan zaigu, mendira lanera... baina Jai Batzordeari esker abenduaren 24rako Sestaon izango dugu!

Hainbat aisialdi talde eta kultur elkarteren eskutik kalejira egingo dugu Olentzerori ongietorria emateko. Egun osoan zehar ekintzak egongo dira eta gaua heltzear dagoenean, ohiturak agindu bezala, gure Olentzero maitea sugarren artean desagertzen ikusiko dugu. Baina, jakina, Olentzero izaki magikoa denez, gauean indarberrituta eta lanari ekiteko prest egongo da!

Aurten ere; ikazkina saku bete opari etorriko da. Hala ere, berbalagunok eta euskaraz bizi nahi dugunok opari eder bakarra eskatuko diogu: SESTAO EUSKALDUNA! Merezita daukagula uste dugu; 2008an zintzoak izan gara, euskaraz hainbat ekintza antolatu dugu eta horietan hartu dugu parte, gure hizkuntza maitatu dugu, euskaraz eta euskararekin gozatu dugu… eta noski! 2009an martxa berean jarraituko dugula agintzen dizuegu!

Eguberri on!

Larunbatean bertsoz blai BECen!!


Barakaldoko herritik dator notizia … bertsolari onenak aurten Barakaldon… bec, bec… bec, bec, bec… Bertsozaleok hitzordua dugu abenduaren 20an BECen, 5:30ean. Santo Tomas egunean, bai, (beno, Santo Tomas eguna Bilbon bakarrik). Beraz, goizean Bilbon taloak jan, sagardoa edan… arratsaldean, metroa hartuta, Barakaldora bertsoak entzutera… eta gauean ostera ere Bilbora, ospatzera. Plan itzela, ezta?
Etorri gurekin bertso onak gozatzera! Berbalagunentzat ere elkartzeko aukera paregabea!
Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira: http://www.botasarean.biz/ orrian (abenduaren 18ra arte) edo BBK-ko kutxazainetan. Kontuz! BECen ez dira salduko eta. (iturria: Bai Esan)

2008/12/15

Patinatzera goaz!

Izotz gaineko patinajea gogokoa duzue? Ez duzuela inoiz egin? Ba, aukera ederra daukazue larunbatean, hilaren 20an! eta gainera, euskaraz!

Gaztelekuko lagunekin Gasteizen ireki duten izotz pista berrira joango gara, zuek ere animatzen zarete? Etxeko txikiek eta ez hain txikiok ederto pasatuko dugu!


Gure plana hauxe da:

15:30ean TXOKOA tabenaren ondoko autobus geltokian geratuko gara eta autobusez joango gara Gasteizera.

Irteerak 7 euro balio du (autobusa eta patinen alokairua ordaindu behar direlako).

Izena emateko Gaztelekutik pasatu (Iberia kalea), e-posta idatzi edo telefonoz deitu (94 47 22 127).

Patinatzen ez badakizue, berehala ikasiko duzue; eta lasai egon, oreka mantentzea ez da hain zaila! Aitzakiarik ez duzue, beraz. Hator gurekin euskararen mundura irristatzera!

Euskara ametsen giltza!

Larunbatean, euskarari eusteko konpromisoa hartu genuen BECen elkartutako milaka lagunok. 10 urte bete ditu jada Kontseiluak, 10 urte iragan dira Euskal Herriko bost futbol zelai bete genituenetik, eta 10 urte pasa dira Bai euskarari adierazpena aurkeztu zenetik. Abenduaren 13an euskaldunok eta euskaltzaleok pauso bat harago eman genuen: “Bai euskarari”tik “Euskaraz bai” lelora jauzi egin genuen.

Gure hizkuntzaren egoera hauskorra da benetan, euskal hiztunon eskubideak behin eta berriro urratuak izaten dira eta gure eskubideen aurrean begirune falta salatzeko beharra sentitzen dugu. Kontseiluaren urteurrenean elkartu ziren artisten zirkuko ikuskizunek, Xabi Paya eta Uxue Alberdiren bertsoek eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umoreak behar bezala adierazi zuten nolakoa den egun bizitzen (edo pairatzen) dugun egoera.

Une hunkigarriak ez ziren faltan egon, salaketek beren tokia izan zuten eta barre egiteko uneak ere izan genituen. Musika doinu goxoak entzun genituen. Mikel Urdangarinek Herria eta hizkuntza abestu zuenean, hunkiturik geratu zen BEC, eta txalo zaparrada batekin zendutako Mikel Laboa handiari gure omenaldirik xumeena eskaini genion.

Euskal Herriko txoko guztietatik etorri zen jendetza eta berbalagunok ere BECen egon ginen. Berbalagunok pauso bat harago eman genuen… euskara gure ametsen giltza delako.

Argazki gehiago ikusi nahi badituzu, klik egin hemen!

Euskara ametsen giltza!

Larunbatean, euskarari eusteko konpromisoa hartu genuen BECen elkartutako milaka lagunok. 10 urte bete ditu jada Kontseiluak, 10 urte iragan dira Euskal Herriko bost futbol zelai bete genituenetik, eta 10 urte pasa dira Bai euskarari adierazpena aurkeztu zenetik. Abenduaren 13an euskaldunok eta euskaltzaleok pauso bat harago eman genuen: “Bai euskarari” tik “Euskaraz bai” lelora jauzi egin genuen.

Gure hizkuntzaren egoera hauskorra da benetan, euskal hiztunon eskubideak behin eta berriro urratuak izaten dira eta gure eskubideen aurrean begirune falta salatzeko beharra sentitzen dugu. Kontseiluaren urteurrenean elkartu ziren artisten zirkuko ikuskizunek, Xabi Paya eta Uxue Alberdiren bertsoek eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umoreak behar bezala adierazi zuten nolakoa den egun bizitzen (edo pairatzen) dugun egoera.



Une hunkigarriak ez ziren faltan egon, salaketek beren tokia izan zuten eta barre egiteko uneak ere izan genituen. Musika doinu goxoak entzun genituen. Mikel Urdangarinek Herria eta hizkuntza abestu zuenean, hunkiturik geratu zen BEC, eta txalo zaparrada batekin zendutako Mikel Laboa handiari gure omenaldirik xumeena eskaini genion.

Euskal Herriko txoko guztietatik etorri zen jendetza eta berbalagunok ere BECen egon ginen. Berbalagunok pauso bat harago eman genuen… euskara gure ametsen giltza delako.



Argazki gehiago ikusteko, klik egin hemen!

Berbalagunok Txan handiarekin gozatu genuen

Txan magoari askotan Handia adjektiboa erantsi ohi diote. Handia egiten dituen trikimailuak paregabeak eta apartak direlako, Handia ikuslea erne-erne egotea lortzen duelako une oro, Handia ezeroso sentitu ziren erdaldun batzuen aipu mingotsak oso ondo bideratu zituelako.

Izan ere, mago honen ikuskizuna handia izan zen zentzu guztietan. Zergatik? Bada Bai Esanek berriro ere jendetza bildu zuelako, berbalagun batzuek parte hartu zutelako (urtarrilean ekingo diogu!!), eta batez ere, ohikoa ez den arren euskarak bere tokia hartu zuelako emanaldi honek iraun bitartean.

Hemendik aurrera, euskara poliki-poliki haziz joango da gure herrian, gero eta gehiagotan erabiliko dugulako. Honetan ere beste hainbatek bezala Bai Esan eta Txan Magoak euren ekarpen xume eta tinkoa egin zuten. Hona hemen argazki batzuk (gehiago ikusi nahi baduzue, klikatu honen gainean).



2008/12/12

Berbalagunon gabonetako afaria!!

Din dan don, din dan don! Eguberri on! Zorion, zorion! gabonak, din-dan, don! Gabonak gero eta hurbilago ditugu! Aste bete baino ez da falta eguberriko oporrez gozatzeko eta nola ez Berbalagunok poteo-afaria egingo dugu 2008a behar bezala agurtzeko eta noski, 2009ari ongi etorri beroa emateko:

Noiz? Abenduaren 19an, ostirala.

- Poteora joateko asmoa daukazuenentzat:
· Ordua: 19:30ean
· Lekua: AEK-n

- Afarira zuzenean joango zaretenentzat:
· Ordua: 21:30ean
· Lekua: Kueto eskolan

Hauxe da plana:
Poteoa eta gero, Kueto Eskolara joango gara afaltzera. Bakoitzak bere etxetik jateko edota edateko zeozer ekarri behar du eta gero banatuko dugu (beraz, krisi garai honetan, afari eder eta merkea egingo dugu! kar kar!).

Jolasak ere prestatuko ditugu afarirako. Giro polita egongo da! Ez daukazue aitzakiarik; animatu eta etorri berbalagunon gabonetako afarira!!

Izena emateko bideak: telefonoz (94 496 09 00), e-postaz edo AEKtik pasatuta (sarreran zerrenda bat jarri dugu). Hori bai, zehaztu zer ekartzeko asmoa duzuen (guztiok gauza bera ez eramateko!).

Hator, hator berbalagunok afarira, ederto afaltzera... Animatu!!!

Azkenik, gabon kantak atsegin badituzue, sartu webgune honetan. Eguberri on!

Amuriza Sestaon!

Bertsolaritza eta literatura gustukoak badituzue, aukera paregabea izango duzue asteartean, hilaren 16an, Udal euskaltegiari esker!

Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak hitzaldia emango du Udal Euskaltegian. Zornotzarra bere azken lanari buruz hitz egingo digu; JOAN ZIREN zikloko ORAIN EZIN NAIZ HIL bigarren liburukiaz (DINOSAUROAK HORIZONTEAN izeneko lehenengoaren jarraipena dena), hain zuzen. Informazio gehiago Xabier Amurizaren blogean.

Eta, jakina; bertsoak ez dira faltako! Amurizak horrela definitzen du bere ogibide, zaletasun eta pasioa den bertsolaritza: "Neurriz eta errimaz kantatzea hitza, horra hor zer kirol mota den bertsolaritza".

Ez ahaztu! Xabier Amurizaren hitzaldia...

· Noiz? asteartean, abenduaren 16an. Goizeko saioa 9:00etan izango eta arratsaldekoa, 16:30ean.

· Non? Sestaoko Udal Euskaltegian.

2008/12/09

Berbalagunon zenbait argazki...

Kaixo berbalagunok!!

Argazki batzuk igo ditugu gure blogera. Gehiago ikusi nahi dituzue? Ba... klik egin hemen!

Kandelen argipean taldeko Begoña Gomez ipuin kontalaria azaroan egon zen gurekin, Gaztelekuko lagunek antolatuta. 35 bat lagun elkartu ginen AEK euskaltegian.




Abenduaren 6an, ostiraletan elkartzen garen berbalagunok Durangoko azokara joan ginen eta ederto pasatu genuen!!






Artxila Murtxila, Txan magoa dator!!



Berriro ere eta gure herrian oso esker onekoak garenez, Txan magoak bisita itzela egingo digu hurrengo ostiralean, abenduak 12 Munich aretoan (arkupeetan) 22:00etan.
Ikuskizun hau ez da nolanahikoa izango, helduentzat izango baita!! Aukera ezin hobea izena eman berri duten berbalagunentzat, eta nola ez euskaltzale guztiontzat!!.

Bai Esan euskara elkarteak (bisitatu bloga) antolatu du ekimen hau, eta denon parte hartzea ezinbestekoa da. Euskarara hurbildu eta gozatu. Ea baten bat kapaz den Txan handiaren trikimailuak deskubritzeko. Nik ezetz esango nuke, hain da trebea mago hau!!.
Plan on eta aparta ostiralerako duguna, berbalagun eta euskaltzaleok ikaragarri goza dezagun!!.

2008/12/05

Atzoko Berbalagun aurkezpena mundiala izan zen!!

Atzo denok txundituta gelditu ginen zenbat jende bildu zen ikusita!!. Kresala aretoa txiki geratu zen BERBALAGUN proiektuak piztu duen jakin-mina ase nahi zuten lagunentzat. Hor egon ginen giro alaian Berbalagun programa zertan den argitzen.


Orain falta den bakarra jendeak izena ematea da bide hauek erabiliz:

Santurtziko AEK 94 493 80 71 (Iker)
Udal Euskaltegia: 94 461 02 15
Euskara Saila: 94 420 58 37
Edota email bat idatziz!!.

*Zer dira BERBATALDEAK? Euskaldun osoak (euskalduntze prozesua bukatuta daukatenak) zein euskara ikasten dabiltzanak lauzpabost laguneko taldetan elkartuko dira euskaraz hitz egiteko. Taldeok, adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta osatuko dira. Berbatalde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu, hori bai euskaraz aritzeko konpromisoa hartuta.

Santurtzi, ekin euskarari!! Argazki gehiago ikusteko, klikatu hemen.

Abenduaren 13an denok BECera!!


Garai heldu zaigu Euskaraz bai esateko, euskararen aldeko hitz politak ondo daude eta beharrezkoak dira, baina ekintzekin lagunduta ez badaude beti geldituko dira herren. Orain hamar urte Bai Euskarari ozen oihukatu genuen, eta aurtengoan abenduaren 13an arratsaldeko 18:00etan BECen Euskaraz bai aldarrikatuko dugu. Gure hizkuntzak biziraun behar duelako eta etorkizun duin bat behar duelako.

Hau dela eta, Kontseiluak (euskararen aldeko mugimenduak biltzen dituen elkartea) ekimen erraldoi hau antolatu du, oraindik ere honelakoak premiazkoak direlako. Beraz, santurtziar euskaltzaleok ez pentsatu bitan eta bete dezagun BEC aretoa!!.

Dohainik bada ere sarrera eskatu behar da nierebanoa web orrialdean, edo bestela Santurtzin bertan AEK eta Udal Euskaltegian, baita taberna hauetan ere: La Luna, Kalea eta Herriko Tabernan (asteartea azken eguna!!).


Ugaztun baten antsiak antzezlana!!


Egia da urteak igaro ahala gauza asko galtzen dugula. Inozentzia esaterako, azkar-azkar galtzen dugu gure barnean behin egon zen umea. Bat-batean gure kezka eta irrikak bestelakoak dira serio eta sakonagoak… Edo hala iruditzen zaigu, eta konturatu gabe haurrak helduak balira bezala tratatzen ditugu, guztiz ahaztuz gu behin erabat libreak izan ginela. Hain libre non nagusion mundua aspergarri samarra iruditzen zitzaigun. Baina garaiak desberdinak dira eta orain umeen kontuak gure ustez umekeriak besterik ez dira…

Ugaztun baten antsiak antzezlanak aurreiritzi horiek guztiak astinduko ditu, gure ustez oso ziurrak diren egitateak auzitan jarriko ditu. Guraso eta seme alaben arteko harremana du abiapuntutzat lan honek, helburu argi batekin: kontzientziak mugiaraztea.

Bada, hurrengo asteazkenean abenduaren 10ean arratsaldeko 20:00etan hitzordu ederra izango du euskarak, antzerkiaz gozatzeko AEK-k antolatu duen emankizun honetan.

2008/12/03

Abenduaren 13an denok BECera!!


Euskararen Eragileen Kontseiluak bere 10. urteurrena ospatzeko ekitaldi aparta antolatu du abenduaren 13an (larunbata), arratsaldeko 18:00etan, Barakaldoko BECen.

Hamar urte pasatu dira Bai euskarari aldarrikatu genuenetik eta oraingoan Euskaraz bai deiadarra nagusituko da jaialdi honetan. Bada garaia denok euskararen inguruan indarrak batzeko eta bada garaia euskaraz bizitzeko. Euskarak etorkizuna behar duelako eta iraungo duen hizkuntza izatea nahi dugulako.

Dohainik bada ere, sarrera eskuratzea ezinbestekoa da. Hainbat bide daukazue horretarako: nierebanoa orrialdean eskatuta, telefono honetara deituta (902 820 240) eta berbalagunokin etorri nahi baldin baduzu e-posta idatzita.


Larunbatean, denok emango dugu pauso bat harago! Euskaraz bai!

Berbalagunak badatoz!!


Azkenik eta lan mordoa egin ostean Berbalagun progamaren aurkezpena egingo da abenduaren 4an arratsaldeko 19:00etan Kresala aretoan.

*Zer dira BERBATALDEAK? Euskaldun osoak (euskalduntze prozesua bukatuta daukatenak) zein euskara ikasten dabiltzanak lauzpabost laguneko taldetan elkartuko dira euskaraz hitz egiteko. Taldeok, adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta osatuko dira. Berbatalde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu, hori bai euskaraz aritzeko konpromisoa hartuta.

*Zer egin behar da BERBATALDE batean egoteko?. Oso erraza da, izena emateko fitxa bete eta kitto, gainera BERBALAGUNEko Berbataldeetan egotea DOAN da, ez duzu ezertxo ere ordaindu beharko.

Agian azkarregi goaz.. baina hau guztia hobeto ulertzeko etor zaitezte aurkezpenera!. Eta egitasmoaren sustatzaileek (AEK, Bai Esan, Udal Euskaltegia eta Euskara Saila) ondo baino hobeto azalduko dute!!.

Pikor antzerki taldearen Jokaut! lana


Euskarari dagokionez aste oparo honetan Euskara sailak beste proposamen bat luzatu digu. Pikor antzerki taldearen Jokaut antzezlanaz gozatu ahalko dugu abenduaren 5ean ostirala, Kresala arteoan arratsaldeko 17:30etan

Ikuskizun honetan helduen munduaren bortizkeriari buruz hitzegingo dugu, eta gazteek
hura nola ulertzen duten; komunikabideek transmititzen duten bortizkeriari buruz eta
gazteek hura nola harrigarriro irensten duten; objetu eta animalien kontrako bortizkeriari
buruz. Irainen ankerkeriari buruz ere hitzegingo dugu.
Biktimen bakardadeari buruz gogoeta egingo dugu, eta jazarpen ekintza ororen
inguruan ezartzen den isiltasunari buruz, lekukoek, ia beti, nahiago baitute isiltzea.

2008/12/02

Txangoa Donostialdera!

Adi, lagunok! Pagoetako parke naturala, Agorregiko burdinola, Donostiako planetariuma eta Zientzia museoa bisitatzeko aukera izango dugu egun bakar bateko txangoan! Hori guztia gure Gaztelekuko lagunei esker.

Noiz? Abenduaren 13an, larunbata.

Plana hauxe da:

- Goizeko 10:00etan TXOKOA tabernaren ondoko autobus geltokitik irtengo gara.

- Pagoetako parke naturalera zuzenduko gara eta Agorregiko burdinola ikusiko dugu. Honetaz gain, erletegia ikusiko dugu eta intsektu hauek egiten dituzten produktuak dastatu eta ikusiko ditugu (eztia, propoleoa, kandelak, etab). Informazio gehiago hemen aurkituko duzue.



-Pagoetan bazkalduko dugu (bazkaria etxetik eraman behar da). Aterpea dagoenez, euria egiten baldin badu, ez gara bustiko!



- Bazkaldostean, Donostiara joango gara; eta 18:00ak aldera, planetariuma eta Zientzia museoa bisitatuko ditugu. Informazio gehiago hemen klikatuta.


- Autobusa hartu eta Sestaora bueltatuko gara (20:00etan helduko garela aurreikusi dugu).

Plan bikaina, ezta? Gurekin zatozte? Izena emateko azken eguna abenduaren 10a (asteazkena) da eta posta elektronikoz edo telefono hauetara deituta egin dezakezue: 94 496 09 00 (Sestaoko AEK) eta 94 472 21 27 (Gazteleku).

Txangoa mundiala izango da! Gainera, den-dena (bazkaria izan ezik) 5 euroren truke! Hori da pagotxa! Animatu eta etorri gurekin!

Euskararen etxera goaz!



Oraindik ez zarela Euskararen etxean egon?! Ez da posiblea! Euskarari buruzko gune espezializatu hau Bilboko San Inazio auzoan dago kokatuta eta asmoa gure hizkuntzari buruzko oinarrizko eduki batzuk publikoari erakustea da, modu atsegin eta zuzenean. Alegia, bizipen entretenigarria bezain txundigarria eskaintzea.


Euskararen Interpretazio Zentroa bidaiaren kontzeptutik abiatuta eraiki da: EUSKARAREN BIDAIA denboran zehar, hain zuzen ere. Horregatik girotu da Interpretazio Zentroa tren geltoki baten antzera, nasa batekin, tunel batekin, eta bi bagoirekin. Honi lotu behar zaizkio gainerako apaingarri guztiak, denak bat baitatoz diseinatutako giroarekin. Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.


Udal euskaltegiak Euskararen etxera bisitaldia antolatu du abenduaren 12an. Pase bi egongo dira; goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 17:00etan. Izena emateko asmoa badaukazue, bertara (Udal euskaltegira) jo behar duzue. Adi! Pase bakoitzean gehien jota 30 lagun sar daitezke. Beraz, izena eman nahi baldin baduzue, egizue azkar!!

Abenduko euskara izpiak

Dakizuenez, Berbalagun egitasmoaren hirugarren ikasturtea da Sestaon. Aurtengoan 75 lagunek hartzen dute parte gurekin. Baina... zergatik egiten dute? Zer eskaintzen diete mintzapraktika saio hauek? Galdera hauen guztien erantzuna argitzeko asmoz, dinamizatzaileok ikertzen hasi gara eta "Euskara izpiak" izeneko atal berria sortu dugu. Hemendik aurrera, hilero lagun batek euskararekiko edota berbalagun egitasmoarekiko duen harremana kontatuko digu.

Jabi Delgado
izan da gure lehenengo "biktima". Agian, hurrengoa ZU izan zaitezke... edo zure berbataldeko kideren bat... auskalo!!

2008/12/01

Abenduko agenda

Hemen daukazue Sestaon euskaraz egongo diren ekintzen bilduma. Hilabete honetan ere jarduera ugari daukagu gure hizkuntzaz disfrutatzeko. Animatu eta parte hartu!