2009/02/26

Martxoko euskararen agenda. Bete eta oparoa!!

Santurtziko euskaldunok badugu zer egin martxoan, korrika hurbiltzen ari zaigu eta herriko eragileak gauza andana ari dira antolatzen. Berbalagunok eta euskaltzaleok, oro har, parte hartzen segituko dugu, apurka-apurka euskalduntzen ari baikara gure herria. Hona hemen agenda:

Euskararen agenda martxoan. Animatu eta parte hartu!

Kaixo euskaltzaleok!! Hemen duzu martxoko agenda, nahiko gauza polita eta interesgarriak daude. Euskaraz bizitzea zaila izango da, baina daukaguna aprobetxatu behar dugu. Parte hartu! Animo berbalagunok!

2009/02/25

Bazen behin... haurrentzako ipuin emanaldia.


Azken aldi honetan blog honetan argitaratu den gehiena helduei begirakoa izan da: berbakagunok, korrika ekintzak, Bai Esanen emanaldiak... Baina inola ere ez dugu ahaztu umeek ere eskolaz gain euskaraz gozatu eta bizitzeko hautua egin dezaketela!! Hauek baitira euskararen etorkizun eta geroa, hizkuntzari babes eta indarra emango dizkiotenak. Ildo honetan, Udal Liburutegi Sareak Bazen behin.. ipuin saioa antolatu du martxoaren 5ean 17:30ean Udal Liburutegian. Bost urtetik gorako haurrei zuzendutako ikuskizun honetan gure herriko haurrek aukera ederra izango dute beren aisia ere euskaraz emateko. Anima zaitezte eta murgildu gaitezen euskararen munduan!!

Koldo Amestoy ipuin kontalaria eta Pantxix Bidart musikaria.


Urtero huts egin ezin digun bisita bat jasotzen dugu, urtero Iparraldetik ipuin, bizipen, amets berriak ekartzen dizkigute, eta noski, gu pozaren pozez egon ohi gara hauen zain, irrikan. Eguna gero eta hurbilago dago, eta Koldo Amestoy ipuin kontalariak belarri eta arimak erne jarraraziko dizkigu bere istorio liluragarriak aditzen ditugun bitartean, areago, Pantxix Bidart musikari eta kantariak doinuz eta notaz hornitzen baditu.
Musikak eta ipuinek giro magiko eta atseginean murgilduko gaituzte Kresala aretoan, martxoaren 5ean osteguna 20:00etan. AEK-k korrika kulturalaren baitan prestatu duen emankizunean. Aneta Bokaleko ikuskizun paregabea ikusteko prest zaudete berbalagunok?? Bizi, sentitu eta amets egin euskaraz!!

Kultur Etxetik sagardotegira!!

Argi dago santurtziarron artean Sagardotegiak arrakasta ikaragarria duela, hau ukaezina da, osterantzean nola uler daiteke herri berean bi sagardotegi egin ahal izatea horrenbesteko jenderekin? Bada, Mamarigako Kultur Etxeak Pikoren laguntzarekin urtero antolatzen du honelako irteera bat Santurtzitik Gipuzkoara. Aurtengoa martxoaren 7an izango da, larunbata. Arratsaldeko 18:30ean parketik aterako dira autobusak Tolosako Lasa sagardotegira heltzeko xedez.

Bertan ohiko menua afalduko dugu, eta gauean Hernani aldera abiatuko da jendea goizeko ordu txikiak heldu arte. 40 euro balio du denak, eta inork izena eman nahi badu, helbide elektroniko honetara idaztea du: mamarigakokultur@yahoo.es. Aukera ederra euskaraz hitz egiten segitzeko, gainera hau guztia autogestioaren bidez lortua dela aintzat hartuta!!

Duo Reflections taldearen kontzertua irudietan!

Hemen duzue aurreko ostiralean planik gabe geratu zinenten berbalagunontzat, Portuko Santa Clra aretoan Duo Reflections taldearen eskutik entzun genuen kontzertu bikaina Korrika kulturalaren barruan. Bertan Iban Galdos eta Patricia Fernandez musikariek beren baitako onena eskaini ziguten aho bete hortz uzteraino!! Ia bada, goza ezazue bideoa!!

2009/02/24

Bidaia intimoak Sestaon. Korrika dokumentala

Korrika hastear dugu laster, gutako batzuk jada korrika gabiltza KORRIKA hamaseigarren hau antolatu guran. Ekimen gau girotu jendeak hurbilago senti dezan, mezua helarazi euskaltzale orok bere egin dezan, indentifikauta senti dadin: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira; hauxe da leloa: euskaraz bizi nahi dugulako, kanpotik jende asko euskarara gerturatu delako, Euskal Herritik bertatik gutariko asko euskarara hurbildu garelako, geure egin arte.
Martxoaren 3an, asteartea 19:30ean Musika eskolan ikusi ahal izango dugu Jon Maiak sortutako dokumental mundial eta hunkigarri hau: Bidaia Intimoak. Lau pertsonaren lekukotasunak biltzen dituena, gutako batzuen lekukotasuna, geure lekukotasuna. Hemen trailerra duzue:

Antzerkia Barakaldon!

Barakaldoko Sasiburu Euskara Taldeak antolatuta Txirene antzerki taldearen Ogiyik karri etzun semia ikuskizuna ikusiko dugu 20:00etan San Bizenteko Kultur Etxean martxoaren 3an asteartea, Barakaldon. Komedia hunkigarri honetan, umorearen bidez, egungo ama baten eta unibertsitatean daukan semearen arteko harremanaren nondik norakoak azalduko dizkigute.
Komunikatzeko arazoak, gaizki ulertuak, ezin-eramanak, den-dena doinu alai eta zirraragarrian adierazia. Beraz, berbalagunok barre egin nahi baduzue sabeleko mina izan arte, edota bihotz-ikara sentitu begiak umeldu arte, ez galdu Sasiburuk eskaini digun aukera hau. Berbalagunok, lozorrotik atera eta parte hartu!!

2009/02/20

Elkartasunean mendia bide. Argazki erakusketa




Pasa den astean Alberto Iñurrategirekin berba egin genuen, mendiaz, munduaz. Oraingoan mintzatutakoa irudietan ikusteko abagunea izango dugu Felix Baltistan Fundazioari esker. Izan ere, Portugaleten Argazki erakusketa bikaina paratuko dute (Elkartasuna mendia bide) Salazar dorrean guztiz dohainik, otsailaren 23tik martxoaren 8ra. Mendia eta berari lotutako bizipenak atsegin badituzue ezin duzue huts egin. Portu oso hurbil dago eta!!
Erakusketa honako orduetan egon da zabalik:
*Astean zehar: 17:30-20:30
*Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:30-20:30
*Igandeetan: 11:00-14:00
AEK-k antolatu du erakusketa hau Korrika Kulturalaren ekimenean. Mendia eta euskara uztartuz, harmonian baina betiere mezu argi bat zabalduz: ezina ekinez egina. Euskarak ere mendi malkartsuenak igoko dituelako!!

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots



Urtero bezala, Pirritx eta Porrotx Santurtzi herrira bertaratuko dira, kanta, salto, barre eta ilusioa hedatuko dituzte gure umeen artean. Abesti atseginak, dantza saltseroak, eta bereziki, mezu sakon eta garrantzitsuak helaraziko dizkigute. Korrika kulturalaren barnean AEK-k antolatu duen ekimen honek arrakasta itzela izaten du urterik urte, zaila da Pirritx, Porrotx eta Mari Motots gabeko haurtzaroa imajinatzea gure haurrentzat!!

SKA aretoan izango ditugu otsailaren 27an, ostirala. 17:00etan eta 19:00etan. Hori bai, sarrerak aspaldidanik daude agorturik.

Korrika kanta Betagarriren eskutik

Denok dakigunez Korrika 16 gero eta hurbilago dugu, kartelek, korrika kulturalak, korrika laguntzaileek hala erakusten digute egunero!! Korrika heldu arteko maratoi honetan Betagarri taldeak korrika honetarako kanta egin du Jon Maiaren letrak baliatuz: Ongi etorri, lagun du izenburu. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!! Entzun eta gozatu!!

2009/02/19

Ikusten ez diren begiradak. Alberto Iñurrategiren dokumentalean



Mendia zer den ez dugu oso argi. Sarritan, oso irudi idealizatua izaten dugu: elurtutako gailurrak, igo ezineko hormak, ezin malkartsuagoak diren magalak… Ikuspegi ederrak, zoragarriak. Baina zer dakigu horien guztien atzean ezkutatzen diren istorioez, sekretuez, pertsonez?? Ezer ere ez. Alderdi hori ez da ezaguna, ez digu inork kontatzen, oharkabean pasatzen da, horren atzean dagoen jendearen istorioa bezain gordea.

Alberto Iñurrategik izenik gabekoen begirada gerturatu zigun (Begiz begi dokumentalari esker), hirugarren munduko pertsona horien lekukotasuna egon badagoela helarazi zigun, baina gizartean gertatzen den legez, eliteko kirolak ere alboratu eta erabiltzen ditu aipatzen ez direnen usadio eta bizipenak. Exotismoan galtzen den so izoztua, herrena. Atzo korrika kulturalaren barnean, gogoeta hau egiteko parada izan genuen Kresalan bildu ginen guztiok, denok abiatu ginen norabide berean, gizatasunaren norabidean korrika. Eskerrik asko.

Barrez lehertzen!!

Hemen duzue asteartean bildu gineneko kronikatxoa, 17 lagun elkartu ginen helburu jakin eta erraz batekin: irri egitea, barrez lehertzea, algaraka. Hasieran gure jakin-nahia ase ezinik genbiltzala, ezin genuen gertatuko zena irudikatu. Handik gutxira irriak aurrea hartu zion harridurari, eta atoan ekin genion ikaragarri gozatzeari.

Ainara dinamizatzaile lanetan ederko moldatu zela egiaztatu genuen guztiok. Hain ondo, non jendeak beste behin egiteko eskatu zion. Barre Terapia, gizatasun terapia izan baitzen. Samurtasun eta maitasunez, konfiantza geureganatu arte barreari eustea ezinezkoa izan zen. Hitzez eta barrez, baina euskaraz. Argazkiak hemen dituzue.


2009/02/17

Sestaoarrok sagardotegira joateko prest??

Azkenik heldu da horrenbeste berbalagunek eskatu duzuen ekintza!! Sestaoko Udal Euskaltegiak sagardotegi bat antolatu du martxoaren 7rako (larunbata), eta berbalagunok jakina, gonbidatuta gaude. Aukera ezin hobea dugu, txango aparta antolatu baitute:

09:30ean Edurmendi kafetegitik aterako ginateke
11:30ean Ekainberri kobazuloak bisitatzera abiatuko gara
14:30ean Usurbilgo Urdaira sagardotegian izango da bazkaria

Bazkalostean denborarik balego, Zarautzera joateko aukera legoke. Eta itzulera arratsaldeko 18:00ak aldera!! Guztira 25 euro balio du txangoak (autobusa eta bisita euskaltegiaren eskutik). Ez pentsatu bitan eta eman izena otsailaren 24a (hurrengo asteartea baino lehen), telefono honetara deitu: 94 496 09 27 edo email bat idatzi!!

Berbalagunok dantzan saiatuko gara!


Ene, tailerretan denetarik egiteko parada dugu! Erlaxatu, barre egin eta oraingoan dantza egitea tokatuko zaigu! Minerva berbalagunak dantza batzuk irakatsiko dizkigu gure dantzarako trebetasuna proban jarriz, nonbait, euskaldunok oso iaioak ez garela entzun du eta euskal dantzetan zer nolako trebezia dugun neurtuko du!!

Nik uste berbalagunok ezin garela gelditu honetan parte hartu gabe, gure herriko dantza pare bat ikasten ahalegindu gabe, bederen. Ondo pasatu nahi baduzu eta euskaraz gozatu nahi baduzu, hurrengo astelehenan, otsailak 23, Dantza Tailerra edukiko duzu Eusko Lorak dantza taldearen lokalean (Grupo Nuestra Señora del Carmen, M blokea, 2) . Izena emateko azken eguna otsailaren 23an goizez. Deitu telefono honetara (94 496 09 00) edo idatzi email bat.

2009/02/16

Esku soinu emanaldia Santa Claran


Jakina denez, santurtziarrok mugitzeko ohitura handia dugu, hankak ederki gogortuta ditugu horrenbeste aldapa igo ostean, hau dela eta, alboko herrietara joan behar badugu, horrek ez digu suposatzen aparteko ahaleginik. Zergatik diogu hau? Bada, ostiral honetan, otsailak 20, arratsaldeko 20:00etan Esku Soinu emanaldi bat edukiko dugulako Santa Clara aretoan. AEK-k korrika kulturalaren barnean antolatutako ikuskizun honetan, musikari apartak izango ditugu (Patricia Fernandez eta Iban Galdos), hainbat estilo jorratuko dituztenak musika klasikotik hasita, jazzeraino.
Zuzeneko on bat ikustea beti da plazerra, areago musika atsegin badugu, eta jakin badakigu euskaltzaleok entzumen fina dugula, eta euskararen aldeko dinamiketan parte hartzea ere gogoko dugula. Honengatik guztiagatik eta musika ona entzuteagatik, ostiral honetan Santa Clararaino joan gintezke ezta??

Sagardotegiko ajea!!

Ostera ere berbalagunok indar erakustaldi bat egin genuen Larregain sagardotegian, AEK-ko ikasleekin batera 77 lagun joan ziren Gipuzkoako Hernani herria gure euskaltzaletasunez zipriztintzera. Argazkietan ikus daitekeen eran, menua ezin gozoagoa izan zen, arrastorik ez baikenuen utzi!!

Ez dago argazki askorik, baina sartutakoak nahiko adierazgarriak dira. Sagardoa ez zen faltan izan, eta bapo afaltzeaz gain izugarri ondo pasatu genuen. Zer, oraindik ere egarri al zarete?? Kupelak hustu ez genituenean!! Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.

2009/02/12

Alberto Iñurrategi begiz begi!!


Mendizaleok zortekoak gara Alberto Iñurrategi geure herrira etorriko baita. Gurekin batera mendiarekin dituen bizipenak zein kezkak partekatuko dituelako. Hitzordu aparta ohikoak ez diren irudiak ikusteko, urrun dauden toki miresgarriak apur bat gerturatzeko, eta bereziki, ingurumenaren alde egiteko, izan ere, alpinismoaren globalizazioak hainbat kalte egin dio kirol honi. Asteazkenean, otsailak 18, 20:00etan Kresalan ikusiko dugu elkar!! AEK-k antolatu duen Korrika Kulturalaren barruan. Hona hemen dokumental honen sinopsia:
Begiz begi dokumentalak egungo mendizaletasunari begiratua ematen dio eta, horren bidez, gizarteak mendiarekiko duen jarrera ere aztertzen du. Bestalde, alpinistak bere hausnarketak ezagutzera emango ditu, zenbaitetan pentsamendu globalizatuaren aurka dauden hausnarketak. Horrez gain, bidaiariek helmuga berri bat hautatzeko orduan hartzen dituzten jokabideei ere egingo die tartea; izan ere, bere aburuz, alpinismoa ahultzen dute.

Erlaxazio tailer itzela!!


Egun polita izan genuen atzoko tailerrean, musika entzun eta haren erritmora mugitu ginen: bare, lasai baina baita artega eta asaldaturik ere. Tentsioa modu askotan kanpora daitekeela ikasi genuen, marraztuz esaterako. Bakoitzari gogora datorkiona edo zergatik ez, kanpoko estimulu batek eragindakoa.

Elkarri laztan eta ferekak eman genizkion, gorputz osoa goitik behera zeharkatuz, erlaxatu eta barneko urduritasuna baretze aldera. Baina burua ezin da lasaitu gorputza horretara eraman barik, ezta alderantzi ere. Honengatik arlo guztiak jorratu genituen: arima, gorputza, sormena… Hots, Kristinak Erlaxazio Tailer bikaina eman zuen!! Errepikatzeko modukoa. Argazkiak hemen klikatuta dituzue ikusgai. Eta gozatu tailerraren hasieraz!!

2009/02/11

Ongi etorri Korrika, bildu euskarara!!


Azkenik korrikaren txanda iritsi zaio Santurtziri, honezkero kaleak kartelez beteta ikusiko zenituzten, baina hemendik aurrera Korrika Kulturalak bere txokoa hartuko du berbalagun eta euskaltzaleei euskarazko eskaintza ugaria emateko.
Gauza asko ikusi genuen atzokoan: irudiak, korrikaren bitxikeriak, kanta, arropa desfilea.. Denak giro bikainean!! Gutxi falta da Korrikari hasiera emateko, martxoaren 26an Tuteratik abiatuko da eta apirilaren 3tik 4ra (ostiral-larunbata) pasako da Santurtzitik goizeko 05:00etan.
Ongi etorri, beraz, Korrika garaira, ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira, euskararen mundura. Kanpotik zein barrutik, denok baikara euskararen seme-alaba, aita-ama. Aurkezpeneko argazki gehiago esteka honetan.

2009/02/09

Barre terapia, esperientzia berrietan murgiltzen



Berbalagunok ekintzetan parte hartzen dugu eta horrekin ezin gusturago geratu ohi gara. Izan ere, hori da euskara bultzatu eta praktikatzea, gaztelaniaz jorratzen ditugun esparru guztiak euskaraz ere egitea. Gainera, Sestaoko berbalagunok egunero erakusten dugu gauzak sortzeko ere kapaz garela, oraingoan Ainara berbalagunak Barre Terapia egiteko ideia izan du, baita gurekin konpartitu ere!!

Berari esker, hurrengo asteartean, otsailak 17 Sestaoko AEKn elkartuko gara 19:30ean barre egiteko. Bai, bai entzun duzuen bezalaxe, barre egingo dugu. Apaingarriak eta bestelako teknikak baliatuz irribarretsu irtengo gara tailerretik. Lasai eta alai, gauza berri bat egiteak ematen duen pozaren jabe. Euskaraz hau guztia egin nahi baduzu, gauza sinple bat egin behar duzu: email bat idatzi edo telefonoz deitu (94 496 09 00). Ez zara geratuko hau zertan den probatu gabe ezta?

Bertsolaritza ikastaroa Kultur Etxean



Ohi bezala Mamarigako Kultur Etxetik beste proposamen interesgarri bat heldu zaigu. Beti bezala elkarte hau kultura euskaltzalea sustatu nahian, hamaika ekimen sortzaile eta parte hartzaile burutzen dihardu. Oraingoan Bertsolaritza Ikastaroa da eskaintza, aurreko tailerra bukatu ostean, hainbat pertsonak euren interesa plazaratu dute ekintza honekiko. Euskaltzale, bertsozale eta berbalagunok alboratu ezin dugun ekintza!

Asteartero izango litzateke 20:30etik aurrera Mamarigako Kultur Etxean. Izena emateko epea otsailaren 19an bukatuko da. Izena eman nahi baduzue idatzi email bat edo bilatu informazio gehiago web honetan. Ez da izango Santurtziko eragileok lan gutxi egiten dutelako euskararen alde!! Anima zaitezte!!


Patinatzen ibili eta gero salda bero!

Igandean une dibertigarri eta atseginak bizi izan genituen! Jendetza batu (22 lagun) eta segituan patinatzeari ekin genion inolako lotsarik gabe. Hortxe aritu ginen aditu, ezjakin eta hasiberriok. Baina denok pozaren pozez eta barrez:


Den-denok, ezer ez genekienok barne, patinatzea lortu genuen. Hobeto edo okerrago, baina inor ez zen etxeratu bere kabuz patinatzen ikasi gabe!! Argazki guztiak lotura honetan klikatuta.

Natxo Bautista, gure euskara izpia

Denok dugu zerbait esateko, askotan aukerarik ez. Baina apur bat arakatuz gero, mezu politak ditugu kontatzeko, zirraragarriak. Natxok berarentzat euskara zer den azalduko digu, zergatik berbalagun izan, zergatik euskaldun sentitu.

2009/02/03

Korrika aurkezpena Santurtzin

Santurtzin ere korrika bagabiltza, baina ez pentsa Larunbatekoaren antzik izango duenik. Hemen ez da dokumentalik egongo, baina bai ostera Korrika aurkezpena: Bideoklipa, bertsolariak, Korrikaren gaineko irudiak, korrika arropa modelo batzuek erakutsiak, korrika laguntzaileak…

Korrika garaian lan pilo egin behar du AEK-k, baita berarekin batera laguntzaile ibiltzen diren beste hainbestek ere. Horregatik da Korrika denona, euskara sustatu eta zabaltzeko, geurean ere kinka larrian dugulako euskara, hiztun bakoitza arnasaldi berri bat delako euskararentzat!! Honengatik, korrika Euskal Herriko hainbat txokotan euskararen alde egiten den kilometro bakoitzak gure hizkuntza indarberrituko duelako. Beraz, aurkezpen hau ikusi nahi izanez gero, otsailaren 10ean (asteartea) arratsaldeko 20:00etan Kresalan hitzordu garrantzitsua izango dugu euskaltzale guztiok!!. Era berean, jakinarazi nahi dizuegu Korrika Arropa Santurtziko AEKn salgai egongo dela otsailaren 9tik 12ra bitartean. Zatozte ikustera!!

Korrika omenaldia. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira.


Euskararen inguruan hunkigarriak diren gauza ugari gertatzen dira, ileak lazten dizkiguten gertaerak ez baitira urriak. Korrika, beharbada, une zirraragarri haietako bat izango da, euskaldun guztiok batzen gaituen aldarrikapen festa. Aurten ere AEK-k Korrika antolatu behar du, eta horretan dabil buru-belarri. Seguruenik, gure herriko kaleetan jadanik ikusi ditugu korrika kulturalean zer dagoen dioten kartelak. Berbalagunok, gainera ekimen hauetan hartzen dugu parte euskara bultzatzeko.

Bada, ildo honetan AEK-k otsailaren 7an (larunbata) arratsaldeko 19:00etan Korrika omenaldia burutuko du Euskalduna jauregian, Bilbon. Bertan Jon Maia bertsolariak egindako dokumental bat eskainiko dute, eta omenduak (korrikaren leloak ondo dioenez) Euskal Herrira etorritako eta euskaldundu diren milaka lagun izango dira, baita euskara galdu zutenak ere: askok eta askok, belaunaldien poderioz euskara galdu dute. Eta kanpora joan barik ere, horrenbeste izan dira, frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak. Zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten lagunak ere. Izan ere, gure herria euskararen herria da, euskara ezinbestekoa dugu biziraungo badugu. Honengatik, animatu eta hasi parte hartzen Korrikan, etor zaitezte Euskaldunan burutuko den omenaldira. Sarrerak Sestaoko AEKn dituzue salgai, baita egun horretan bertan ere Euskaldunan (5 euro), Gora Sestao eta Euskal Herri euskaldunak!! Informazio gehiago korrikaren web orrian.

Korrika omenaldia. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira.


Euskararen inguruan hunkigarriak diren gauza ugari gertatzen dira, ileak lazten dizkiguten gertaerak ez baitira urriak. Korrika, beharbada, une zirraragarri haietako bat izango da, euskaldun guztiok batzen gaituen aldarrikapen festa. Aurten ere AEK-k Korrika antolatu behar du, eta horretan dabil buru-belarri. Seguruenik, gure herriko kaleetan jadanik ikusi ditugu korrika kulturalean zer dagoen dioten kartelak. Berbalagunok, gainera ekimen hauetan hartzen dugu parte euskara bultzatzeko.

Bada, ildo honetan AEK-k otsailaren 7an (larunbata) arratsaldeko 19:00etan Korrika omenaldia burutuko du Euskalduna jauregian, Bilbon. Bertan Jon Maia bertsolariak egindako dokumental bat eskainiko dute, eta omenduak (korrikaren leloak ondo dioenez) Euskal Herrira etorritako eta euskaldundu diren milaka lagun izango dira, baita euskara galdu zutenak ere: askok eta askok, belaunaldien poderioz euskara galdu dute. Eta kanpora joan barik ere, horrenbeste izan dira, frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak. Zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten lagunak ere.
Izan ere, gure herria euskararen herria da, euskara ezinbestekoa dugu biziraungo badugu. Honengatik, animatu eta hasi parte hartzen Korrikan, etor zaitezte Euskaldunan burutuko den omenaldira. Sarrerak Santurtziko AEKn dituzue salgai, baita egun horretan bertan ere Euskaldunan (5 euro), Gora Santurtzi eta Euskal Herri euskaldunak!! Informazio gehiago korrikaren web orrian.

Bertso triki poteoan ateratako argazkiak

Ostiralean gauza xelebre bat gertatu zen Santurtzin, iluntzeko zortziak aldera giza uholde bat txoko guztietatik ateratzen hasi zen euskara hutsean mintzo zelarik. Tabernak euskaldunez gainezka, bertako txikiteroak zeharo harrituta euskara tabernetan nagusi zela ohartzean. Ezusteko ederra hartu genuen bertso triki poteoak eduki zuen arrakasta itzela ikusita. Berbalagunok, AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleok Santurtziko kaleez jabetu ginen euskara kalera ateraz. Baten batek 100 euskaldun baino gehiago bildu ginela esan zuen. Ez dakit zenbat izango ginen, baina tabernek ezin gintuzten berbalagunok barruan hartu!!

Ez zegoen denontzako tokirik!! Baina tarteka bertsolarien jardunari adi-adi egon ahal izan ginen!! Dena den, argazki guztiak esteka honetan klikatuta dituzue!!


Erlajazio Tailerra, lasaitu nahi??


Etxetik arineketan ateratzen gara kasik gosaldu barik lanera garaiz heltzeko. Lanean buru-belarri aritu ostean, korrika bazkaldu eta astirik badugu etxeko kontuak, erosketak… Bitartean pentsatzen duzu: Lasaiago bizi behar, bestela!! Baina eguneroko zurrunbiloak erraz irensten gaitu eta berriro ere betiko matrakan gabiltza!!

Azkarregi bizi gara, ondoan duguna behar bezala preziatu gabe. Une on askok ihes egiten digute oharkabean, ez diegulako eskaintzen merezi duten arreta. Eta egunean zenbat denbora eskaintzen diogu geure burua ondo zaintzeari?? Gogoko ditugun musika, jendea, ekintza, liburuari ez al diegu sekula tartetxo bat egingo? Berbalagunok baietz uste dugu, motel, bare eta naturalago bizi ahal dela, euskaraz ere bizi ahal dela. Honengatik guztiagatik otsailaren 11n (asteartea) 19:30ean Erlajazio Tailerra burutuko dugu Sestaoko AEK euskaltegian. Bada garaia guretzako denbora hartzeko!! Parte hartu nahi baduzue, bidali email bat otsailaren 10a baino lehen!!

Arte Ederretako museora joango gara!!

Goizetan gauza gutxi egiten da jende gehiena lanpetuta dabilelako, baina Sestaoko berbalagun batzuek ere euren tokia aldarrikatu eta Bilboko Arte Ederretako museorako txangoa antolatu dute AEK-ko irakasleen laguntzaz. Arte ederretako museoa Bilbon dugun museo onenetako bat izango da, merezi duen neurrian estimatzen ez duguna. Jakina!! Alboan Guggenheim ahaltsua du-eta!! Hala ere, barruan arte lan ederrak gordetzen ditu, jende gutxik miretsi dituen koadro paregabeak, eta gainera dohainik izango da!!

Otsailaren 11n (asteazkena) Sestaoko AEKtik Arte Ederretako museora abiatuko gara goizeko 09:30ean, ordaindu beharreko gauza bakarra metroa izango da. Txango honetan parte hartu nahi baduzue, bidal iezaguzue email bat edo deitu telefono honetara: 94 496 09 00.

Ostiraleko taldea bere saltsan!!

Askotan esan ohi dugu berba talde guztiak autonomoak direla, hots, nahi dutena egin dezaketela. Ostiral gaueko berbalagunek oso argi daukate hau, eta esperoan geratu barik beti ibiltzen dira mila saltsatan!! Gainera, ahalik eta ekintza gehienetan parte hartzen ahalegintzen dira, parranda giroa tartean badago askoz hobe! Pasa den ostiralean talde afari bat egin zuten, eta argazkiak denokin partekatu nahi dituzte:



Eta zuen taldean?? Horrelakorik ere egin dezakezue, gure ohiko ekintzez gain nahi duzuen guztia egin baitezakezue. Apurka-apurka Sestaoko kaleetan euskara sartu dugu, orain ezin dugu atzera egin!! Gora berbalagunok!! Argazki guztiak honen gainean klikatuta.