2009/05/29

Kontact dantza-masaje tailerra!!


Argi dago berbalagunok aspertzeko betarik ez dugula. Urtarrilean honi ekin genionetik, hamaika ekimenetan murgildu gara euskaraz hitz egin ahal izateko: mendira joan gara, hitzaldiak entzun ditugu, magoak, antzerkiak, museoak… Eta gainera, zuek berbalagunek proposatutako hainbat jarduera ere gauzatu ditugu: patinaje tailerra, malabareak, Yoga.. Zuen ideia ekaitzak ez du etenik izan, eta hau poztekoa da proiektu honen protagonistak zuek baitzarete!!

Honengatik Iratxe berbalagunak Kontact dantza-masaje tailerra egitera gonbidatu nahi gaitu, sofatik altxatu eta gauza berri bat egiteko parada eskainiko digu. Antzerkitik datorren dantza eta masaje teknika ezezagun hau zertan den esplikatuko digu. Helburua dantza-masaje tailer bat egitea izango da, eta lasai egon zaitezte edonork egin dezakeelako!!

Ekainaren 8an berbalagunok eta euskaltzaleok Kontact tailerra egingo dugu 19:30ean Bihotz Gaztearen lokalean. Eta beti bezala izena aldez aurretik eman behar da (azken eguna ekainaren 8an) email bat idatziz edo telefono honetara deituta (Santurtziko AEK: 94 493 80 71). Erlajatzeko eta ondo pasatzeko prest??

Mari Jose, hil honetako euskara izpia.

Entzun eta ikusi arretaz Mari Jose berbalagunak esan behar diguna. Berarentzat euskara agiri bat baino gehiago da, eta zorionez pozik mintzo da Berbalagun eta geure hizkuntzaren inguruan galdetu diogunean. Jende berria ezagutu, ekintza berriak, esperientzia berriak bizi izan ditu euskaraz bizi nahi dugunon santurtziarrokin batera!! Santurtzi ttipi-ttapa euskalduntzen!!

Urtemuga festa filma Las Viñas auzoko liburutegian.

Ekainean ere Santurtziko haurrek aukera ederra izango dute zinemaz gozatzeko. Gainera, eskolaz kanpoko ekintzetako bat izango da, eta esan gabe doa hauexek oso garrantzitsuak direla, etxeko txikienak jabe daitezen euskara eskolan jaso beharreko irakasgai bat baino gehiago dela. Oraingoan hitzordu bikaina dute ekainaren 5ean Las Viñas auzoko liburutegian arratsaldeko 18:00etan. Izan ere, bertan Santurtziko Udal Liburutegien Sareak film honen emamaldia programatu baitu: Urtemuga festa. Hona hemen laburpena:

Jannik Hastrup zuzendari daniarrak Martina, Ingolf eta Frederiken pasadizoak ezagutzera emango dizkigu. Hiru lagun hauek, bizimodu lasaia daramate Kixkal Xagu miopea eta bere aita marmartia ezagutzen duten arte. Aitak ez dio Kixkal Xaguari urtemuga festa egin nahi eta hori gutxi balitz, poxpolo kaxa batean giltzapetzen du.

Zer animatuko zarete? Euskaraz ere pelikula asko ikus daitezke. Eta oso inportantea da emanaldi hauetan parte hartzea, bestela ez dugu sekula lortuko zinemagintza euskalduntzea!!

2009/05/28

Ekaineko agenda hemen duzue ikusgai!!

Ekainean bero eta oporretako usaina nagusituko zaizkigu apurka-apurka. Eta honekin batera kalean egin daitezkeen ekintzak ugarituko dira!! Berbalagunak eta euskaltzaleak taberna eta bilguneetatik ateratzeko prest egongo dira, eta nola ez, agenda honetan dauden ekintzetan parte hartuko dute!! Ikusi eta aukeratu zer egin nahi duzuen!!

2009/05/26

Euskal ohitura zaharrei buruzko hitzaldia

Gure gizartean, gainerako besteetan bezala, hainbat ohitura eta erritual egon zen, gutxi eraldatuz mendeetan zehar iraun izan zutenak. Aberatsa izan zen, alde horretatik, euskal kultura. Geroztik, modernizazioarekin eta, neurri haundi batean, euskara beraren ahultze edo galerarekin desagertu dira. Guregana iritsi diren ohitura haien azkenengo aztarnak sinbolismo gabe agertzen zaizkigu, egin bai baina zergatik egiten dugun ez dakigula.

Horrela hasiko da Barakaldoko Gazte Bulegoak antolatu duen euskal ohitura zaharrei buruzko solasaldia.

Noiz: Ekainak 2, asteartea. 19:30ean.
Non: Clara Campoamor Kultur Etxeko hitzaldi aretoan.

Laudioko Hizkuntza Normalkuntzarako Teknikaria den Felix Mugurutza izango dugu saio honetan hizlari. Arestian aipaturiko kontuak eta beste hainbat gehiago argituko dizkigu emanaldi honetan. Hitzez gain, proiekzioak ere egongo dira.

Euskaraz Ibilaldira!

Gerizpetik eguzki begire! da maiatzaren 31n, igandean, Galdakaon egingo den Ibilaldiaren leloa.

Aurten, Galdakaoko Eguzkibegi Ikastola arduratu da dena jaialdirako prest egon dadin. 1978an egin zen lehenengo Ibilaldia Uribe Kostan eta 1980tik aurrera 100.000 lagun baino gehiago batzen dituen jaialdia urteroko hitzordu bihurtu da. Jakingo duzuenez, urteak joan eta urteak etorri Ibilaldiak bere sortzeko arrazoiei eusten die: Bizkaiko Ikastolen jaialdia izatea, Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Informazio gehiago, nola ez, Ibilaldiaren web gunean.

Berbalagun talde batek Galdakaora joateko asmoa dauka eta gainontzekoak, zer? Animatuko zarete? Beste berbalagun batzuekin joatea gustatuko balitzaizue, bidaliguzue e-posta eta joango direnekin harremanetan jarriko zaituztegu. Ideia proposatu diguten berbalgunek bi hitzordu jarriko dituzte: lehenengoa, 12:00etan A gunean eta bigarrena, 15:00etan kontzertu gunean (B gunean). Baina, esan bezala, joatekotan, haiekin jarriko zaituztegu harremanetan eta elkartzeko lekua hobeto finkatuko duzue!

Ibilaldia: asteburuari puntu finala jartzeko plan aproposa, ezta?




Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak, Nafarroa Oinez, bi urterik behin, hamaika egunez euskararen eremu osoa zeharkatzen duen eta AEK-k antolatzen KORRIKA, eta nola ez… Berbalagun eta mintzakideon Mintzaeguna! Euskarak batzen gaitu!

Kutur Egunaren ostean!!


Azkenik Kultur Eguna ospatu zen Mamarigako Kultur Etxeari esker, jende andanak hartu zuen parte ekimen honetan eta adin guztietako pertsonek gozatu zuten. Berbalagunok ere gure txokoa egin genuen bertan, eta goizetik gauera arte burutu ziren jardueretan murgildu ginen eroso eta gustura.

Etxe honen barnean dauden ikastaroek euren isla utzi zuten Mamarigako kaleetan, ezustean txalapartariak, pandero joleak, jostunak, abeslariak, sexu hezitzaileak.. agertu baitziren ikasitakoa praktikan jartzeko prest. Eta denok dakigunez, ez dago praktika baino hoberik barneratutako guztia ondo finkatzeko. Honela ibili ginen dantzan musikaren erritmora, barrez kideen ateraldi xelebreek txunditurik uzten gintuztela, eta nola ez, euskaraz!! Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen, edo bestela sartu Kultur Etxearen argazki galerian.

Literatura taldea Mamarigako Kultur Etxean


Ene!! Mamarigako Kultur Etxetik hamaika ekarpen jasotzen dugu beti, hona hemen autogestioaren bidez funtzionatzen duen etxe honek egin digun azken proposamena:

Kirolaz, musikaz edo beste zaletasun batez bezala, literaturaz ere (eta literatura esatean bai irakurri bai idatzi esan nahi da) gozatu ahal da modu kolektiboan. Azpiegitura handirik behar ez duen eta bakardadean erraz disfrutatzen den zaletasun hau baztertuta gera daiteke, kaleratzen ez bada, eta gizartean hitzek daukaten garrantzia kontuan hartuta (ikasteko, kritika egiteko, pentsarazteko, hobeto komunikatzeko,... ), pena da fruitu honen zuku, mami eta azal guztiaz ez elikatzea.

Zer eta nola egin? Hona hemen Mamarigako Kultur Etxetik hizkien eta literaturaren mundua interesatzen zaigunon artean sortu nahi den hurrengo ekimena, TALDE LITERARIO bat alegia.

LIBURUTEGI BIRTUAL bat eratzea izango litzateke abiapuntua, book-crossing deitzen dioten antzeko bat, baina partehartzaileagoa, hots, partaide bakoitzak etxean dauzkan liburuen zerrendekin erregistro bat egin eta taldeari ezagutaraztea, kideen artean elkar trukatzeko, modu natural batez irakurritakoaz eztabaidatzeko, liburuak komentatzeko, gomendioak egiteko, ... eta abar.
Hortik aurrera, taldearen indarra eta gogoa neurtu ondoren, burutu ahal izango diren ekintzak asko izan daitezke:

*liburuak komentatzeko taldea (mahainguruak, liburuen gaineko gomendioak,…),
*liburu berrien aurkezpenak, hitzaldiak idazleekin, elkarrizketak, …,
*idazteko zaletasuna bultzatu, kideen idazlanak irakurri, fanzine kultural bat sortu.
*poesia eta ipuin irakurketak.
*lehiaketak,
*irakurtzeko edota idazteko tailerrak eta bidean agertzen diren gauzak

Ekimen honetan parte hartu gura baduzu ez duzu egundoko lana egin beharrik. Baldintzak; geure liburuak prestatzeko gertu izatea, besteenak errespetatzeko gai izatea, gogoa edukitzea eta euskalduna izatea.

Zure zain gaude. Harremanetarako, utzi mezu bat Mamarigako Kultur Etxeko helbide elektronikoan (mamarigakokultur@yahoo.es) edo telefono honetara deitu: 650 27 98 09 (Joxi).

Sestaoko berbalagunen gogoetak

Dakizuenez, hilabete bakoitzean zuetako bat (berbalagunetako bat) da protagonista. Maiatzean, Mikel izango da minutu eta erdi eskasean Berbalagun egitasmoan, bere esperientzia kontatuko diguna.

Lasai agertu da kamara aurrean Mikel. Bi berbataldetan dabil, astelehen eta ostiraletan. Ez du ia-ia inoiz huts egiten hitzorduetara eta hainbat ekintzetan hartu du parte (Berbalagunek antolatutako guztietan, agian???). Gainera, laster barru, tailer bat emango du beste erdi-berbalagun batekin. Animatuta dabil eta! Izan ere, berak esan bezala, "kriston giroa" dago eta Berbalagunen izena emateko zenbait arrazoi ematen ditu. Baina, guk kontatu beharrean, hobe bideoa ikusten baduzue eta bere hausnarketak entzuten badituzue!!!




Eskerrik asko Mikel!

2009/05/22

Ekainaren 6an: Mintza eguna!

Berbalagunok urte osoa daramagu matraka ederrean euskara gora euskara behera, lehen ez bezala hainbat txoko euskal gune bihurtu ditugu oharkabean, eta bertako erabiltzaileek euskaltzale talde bat astero joaten dela dakite sobera... Eta azkenik, Sestaon berbalagun gutxi daudela uste baduzu, Topagunek Euskal Herri mailako berbalagunon egun mundiala antolatu du non eta Gasteizen!! Hona hemen Mintza Eguna honen egitaraua:

11:00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa Matxete plazan.
12:00etan Ibilaldi gidatua, Gasteiz ezagutzen.
13:30ean Kalejira: Alde Zaharretik eta Landatxoraino.
14:00etan Bazkaria Landatxon. (20 euro) Menua: Patea, Paella, Oilasko “pilotak” eta solomoa, postrea, kafea + kopa.
15:30ean Sari banaketa.
16:00etan Erromeria Erdizka Lauetan taldeak gidatua.

Pentsa ezazue bertan Euskal Herri osoko berbalagunok elkartuko garela, denboraz abisatu behar da ahalik eta lasterren (azken eguna maiatzak 29). Beraz, anima zaitezte eta joan nahi baduzue bidaliguzue email bat.

UEU ikastaroak, praktikatu eta jantzi!

Aurten Udako Euskal Unibertsitateak 38 ikastaro ezberdin eskainiko ditu Eibar, Baiona eta Iruñeko egoitzetan. Euskara praktikatzeko aukera paregabea da hau, izan ere ikasleen eta irakasleen artean herrialde guztietako jendea elkartzen da, horietako batzuk euskaldun zaharrak besteak berri-berriak. Gainera euskarazko klaseak jarraitzea ez da hain zaila, terminologia akademikoa nahiko antzerakoa da hizkuntza guztietan.

Aurten gainera euskararen praktikantea bazara, hau da berbalagun edo mintzalagun egitasmoetako partaidea bazara, matrikulan %50eko deskontua izango duzu.

Deskontua izateko zer egin behar da? Oso erraza, matrikula egin aurretik bidali guri mezu bat esanez nongo egitasmoan zabiltzan eta guk baieztatu ostean matrikula egin. Mezua helbide honetara bidali: praktikatu@aek.org zure izen-abizenak eta parte hartzen duzun herriaren izena aipatuz. Ikastaroen inguruko informazioa hemen.

2009/05/20

Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak

Amerikatik berriren bat heltzen zaigun bakoitzean, begirada urratu eta lausotuz egiten diogu harrera. Antza, oraintsu arte (eta tamalez oraindik ere) nagusi izan den kolonialismoak itsuturik handikeriaz so egiten diogu bertako paisaiari… Bertako hizkuntzak ahazten zaizkigu, lur kolorekoen hitzak ezkutuan gordetzen ditugu hutsaren hurrena balira legez, hango miseriek ez bide dute gurekin zerikusirik, gure zilborrak ez ei du eragin txarrik…

Eta halako batean Amets Arzallus eta Txomin Txueka Boliviara abiatu ziren bertako errealitateari duintasunez beha egitera, bertakoen berba jaso barik nekez konta daitekeelako ikusten dena. Eta azken urteotan herri zahar eta indarberritu honek aldaketa ugari eduki du: ahanztura gordinean bizitzetik, iragan eta geroaz harro azaltzen dira burujabeago baitira… Hauxe aurkituko dugu Bai Esan euskara elkarteak eta Euskara Sailak maiatzaren 28an (osteguna) 20:00etan Kresalan antolatu duten Illimani: Boliviako izpi eta hizkiak diaporaman.

Bertsio ofizialetik harago sarritan azaleratzen ez diren ezinbesteko pasadizoak daudelako. Gainera, berbalagunok ere badakigu zer den hizkuntza, kultura bat ataka larrian egotea. Izan ere, ketxua, aimara eta gainerako indigenon errealitatea ez daukagu horren urrun ezta? Bada, ostegun honetan gutako batzuk Boliviara abiatuko gara Kresalatik mugitu barik, zu etxean geldituko zara??

Ekainaren 6an, Mintza Eguna Gasteizen.

Berbalagunok urte osoa daramagu matraka ederrean euskara gora euskara behera, lehen ez bezala hainbat txoko euskal gune bihurtu ditugu oharkabean, eta bertako erabiltzaileek euskaltzale talde bat astero joaten dela dakite sobera.. Eta azkenik, Santurtzin berbalagun gutxi daudela uste baduzu, Topagunek Euskal Herri mailako berbalagunon egun mundiala antolatu du non eta Gasteizen!! Hona hemen Mintza Eguna honen egitaraua:

11:00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa Matxete plazan.
12:00etan Ibilaldi gidatua, Gasteiz ezagutzen.
13:30ean Kalejira: Alde Zaharretik eta Landatxoraino.
14:00etan Bazkaria Landatxon. (20 euro) Menua: Patea, Paella, Oilasko “pilotak” eta solomoa, postrea, kafea + kopa.
15:30ean Sari banaketa.
16:00etan Erromeria Erdizka Lauetan taldeak gidatua.

Pentsa ezazue bertan Euskal Herri osoko berbalagunok elkartuko garela, denboraz abisatu behar da ahalik eta lasterren (azken eguna maiatzak 29). Beraz, anima zaitezte eta joan nahi baduzue bidaliguzue email bat.

UEUko ikastaroak, praktikatu eta jantzi!!

Aurten Udako Euskal Unibertsitateak 38 ikastaro ezberdin eskainiko ditu Eibar, Baiona eta Iruñeko egoitzetan. Euskara praktikatzeko aukera paregabea da hau, izan ere ikasleen eta irakasleen artean herrialde guztietako jendea elkartzen da, horietako batzuk euskaldun zaharrak besteak berri-berriak. Gainera euskarazko klaseak jarraitzea ez da hain zaila, terminologia akademikoa nahiko antzerakoa da hizkuntza guztietan.
Aurten gainera euskararen praktikantea bazara, hau da berbalagun edo mintzalagun egitasmoetako partaidea bazara, matrikulan %50eko deskontua izango duzu.

Deskontua izateko zer egin behar da? Oso erraza, matrikula egin aurretik bidali guri mezu bat esanez nongo egitasmoan zabiltzan eta guk baieztatu ostean matrikula egin. Mezua helbide honetara bidali: mailto:praktikatu@aek.orgzure izen-abizenak eta parte hartzen duzun herriaren izena aipatuz.
Ikastaroen inguruko informazioa hemen

2009/05/19

Bermeora zatozte?

Gero eta gutxiago falta zaigu ikasturteari agur esateko eta udako oporrei ongietorri beroa emateko. Hala ere, horrek ez du esan nahi Berbalagun egitasmoa bukatuko denik… Hainbat ekintza daukagu prestatuta baitaukagu elkarrekin egiteko.

Oporrak aipatu eta berehala… aisia, eguraldi ona eta naturaz gozatzea datozkigu burura. Horiek guztiak batzeko ezin aproposagoa da Udal euskaltegiko lagunek egin diguten gonbitea; txangoa antolatu baitute Bermeora joateko.

Egun osoko txangoa izango da. 8:45ean elkartuko gara Edurmendi kafetegian autobusa hartzeko. 10:00etan, Bermeoko Arrantzale museoa bisitatuko dugu.

11:30ean, Hegaluze itsasontzian Urdaibairen edertasunarekin gozatuko dute gure begiek!

Nork bere bazkaria eraman behar du, Oma inguruan, naturan eta eguzpi izpiekin disfrutatzea baita plana.

18:00etan, autobusa hartuko dugu eta Sestaora bueltatuko gara. Txangoa doakoa da, baina izena maiatzaren 26 baino lehen ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, e-posta honetara baino ez duzue idatzi behar.

Animatu eta erdu geugaz!

2009/05/18

Sestaoko Gazte Asanblada martxan da

Udaberriarekin batera, Sestaoko gazteak indartsu etorri dira eta Gazte Asanblada abian jarri dute eta Berbalagunoi gonbitea luzatu digute. Aurkezpena hurrengo larunbatean (maiatzaren 30ean) egingo dute eta egun osoan hainbat ekintza antolatu dute herriko kaleetan.

Egun horretan ere, Udal Euskaltegiak Bermeora txangoa egingo du. Laster barru emango dizuegu irteera honen berri. Izan ere, gauza batzuk konfirmatzeke dauzkagu.

Beraz, plan bikain bi dauzkazue aukeran!! Animatu eta parte hartu!!

Jarraian, Gazte Asanbladako kideek bidalitako mezua irakur dezakezue:

Maiatzaren 30ean, larunbata, Gazte Asanbladaren aurkezpena egingo dugu Sestaon, eta egun horretarako jai bat antolatzen ari gara ezagutarazteko, herriko gazteen arteko erlazioak zabaltzeko eta gazte asanblada indartzeko, hau dena gainera euskal kulturaz eta autogestioaz!

Goizean hasiko da festa herriko tabernetatik egingo den trikipoteoarekin, motorrak berotzen joateko, jendeak ikusi gaitzan eta elkar ezagutzeko!

Eguerdian bazkari herrikoia dago antolatuta, 6€ko prezioan (menua: pasta, haragia, postrea eta kopa). Izena emateko helbidera honetara idatzi behar da kontakturako telefonoa utziz. Herriko zenbait taberna eta elkarteetan ere aukera egongo da izena emateko. * Begetarianoak bazarete, zeliako, laktosa ezin baduzue hartu edo dena delako arazoren bat baldin baduzue jakinarazi iezaguzue.

Bazkarian eta bazkalostean bertsolariak egongo dira gurekin, eta emanaldi bat eskainiko digute.

Arratsaldean, herri jolasak egongo ditugu Sestaoko plazetan: Sokatira, txingak...

Egunari amaiera puntua musika apur batekin amaituko dugu! 20,15ak aldera, erromeria izango da. Azkenik, 21,30ean kontzertua hasiko da rock-metal alternatiboa egiten duen Hotsak Hezurretan Deustuko taldearen eskutik.

Kontzertua, erromeria eta beste ekimen guztiak, bazkaria salbu, doakoak izango dira. Tokia oraindik konfirmatzear dugu, baina seguruenik eliza eta udaletxe atzealdean dagoen futbol zelaian egingo dira ekimen gehienak. Lekua kartel, blog, web edo mail bidez zehaztu eta jakinaraziko da hurrengo egunetan.


Ea animatzen zareten, denon artean eguneko ekimenetan ongi pasatzen dugun eta denon artean Sestaoko gazte asanbladari indarrez hasten laguntzen diogun.

Ongi ibili eta euskaltzaleok ere 30ean elkar ikusten dugu Sestaon!

Yoga tailerrean ikasitakoa!!

Atzo 17 berbalagun bildu ginen Bihotz Gaztearen lokalean Yoga ikasteko Iñaki irakaslearen laguntzaz. Hasiera batean lar ondo ez bagenekien ere, Yoga zertan datzan ikasi genuen. Giharrak erlaxatu, mugimendu geldoak egin eta jarrera fisikoak (asanak) mantendu genituen arnasketa egokia egiten genuen bitartean. Gainera, kontzentrazioa ezinbestekoa dela jakinarazi zigun Iñakik, zeren eta azken finean Yogak gauza askotarako balio baitezake, baina zertarako egin ondo pasatzen ez badugu?

Honela, gustura eta ondo pasatuz begiak itxi genituen une hartan gure gorputza besterik ez zegoela hausnartuz, izan ere hori zen gure momentua, gure gorputza irudikatzeko unea hari batek goitik behera zeharkatu bagintu bezala. Arazoak borragoma ikusezin batez ezabatu genituen geure izaerari erreparatzeko... Benetan arratsalde gogoangarria. Berbalagunok Yogaren mundura gerturatu ginen, eta Yoga gugana hurbildu zen. Euskaraz noski. Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.

2009/05/15

Nocturna filma Las Viñasko liburutegian.

Imajina dezakezu zer gertatuko litzatekeen bat-batean argi guztia itzaliko balitz? Erantzuna, hilaren 22an (ostirala) aurkituko dugu Las Viñasko liburutegian 18:00etan, Santurtziko Udal Liburutegi sarearen eskutik.

Nocturna, Barton Films-ek banatzen duen animazio pelikula zirraragarria da, non Tim-ek bere izar maitatuena, Adhara, aurkitu behar duen. Iluntasuna, ziur aski, beldur unibertsalena da. Nahiz eta ume bat ez izan, edonor urduri ipintzen da gela ilun baten barnean geratzen denean; Nocturnan, kontzeptu unibertsal hau erabili nahi izan dute denbora eta lekurik gabeko istorio bat sortzeko, gurasoek belaunaldiz belaunaldi kontatu dituzten Andersen edo Grimm anaien ipuin klasikoen izpiritua berreskuratuz. (iturria: Nontzeberri agerkari digitala)
Interesgarria ezta?? Bada ez pentsatu bitan eta anima zaitezte umeentzako pelikula honekin gozatzera!!


2009/05/14

Nomadak TX-ra Barakaldora heltzear

Barakaldoko Gazte Bulegoko lagunek maiatzaren 20an (asteazkena) "Nomadak Tx" hitzaldi-proiekziora gonbidatu gaituzte. Clara Campoamor kultur etxean izango da, 19:30ean.

Informazio guztia Sasiburu Barakaldoko euskara elkartearen webgunean aurkituko duzue.


Animatu eta heldu barakaldarren gonbiteari!

2009/05/12

Berbalagunok Arte Ederretako museora joango gara!!

Hona hemen ostiral arratsaldeko berba taldeak eskaini digun proposamen interesgarria, hori bai denon parte hartzea behar dugu, izan ere 15 laguneko taldea osatu ezean ez baita txangoa egingo:
Normalean artea ulertzeko komeriak izaten ditugu, batik bat arte garaikidea ulertzeko zaila egiten zaigulako. Hori jende askoren aitzakia izaten da honelako jarduera kulturaletara ez joateko, eta ziurrena da hori dioena ez dela sekula Arte Ederretako museora joan.
Maiatzaren 31n (igandea) 10:30ean lotuko gara Santurtziko tren geltokian Bilbora abiatzeko, bertan 11:30ean (hots, presa barik ibiliko gara: kafetxo bat hartu, pintxo bat jan..) bisita gidatua izango dugu (4na euro ordaindu beharko genuke) arte lan garrantzitsuenen nondik norakoak zertan dautzan jakiteko. Aukera ona da eta honela behintzat Bilboko museo batean egon zarela esan ahalko duzu!!
Gainera, ehun urteko historian zehar, museo honek eredu aparta osatu du: zazpi mila pieza baino gehiago ditu, XII. mendetik gaur egunera arteko multzo aipagarri batean. Antzinako arteko eta arte modernoko ale garrantzitsuak izateaz gain, interes berezia dute Flandesko eskoletako pinturak eta euskal artisten presentzia handiak.
Zer, ostiraleko berbalagunon proposamena onartuko dugu eta kulturan murgildu?? Erantzun lehenbailehen museokoek joan baino astebete lehenago jakin behar baitute. Idatzi email bat edo deitu AEKra (94 493 80 71).

2009/05/11

Malabareak: trebezi eta bizitasun jolasen artea


Sestaoko berbalagunok sarri askotan erakutsi dugu dantzari, kirolari eta parrandazale paregabeak garela. Oraingo honetan, artista bikainak ere bagarela egiaztatuko dugu!

Gure abilidadea garatzeko, eta noski, ederto pasatzeko asmoz, maiatzaren 28an (osteguna), 19:30ean, Kasko plazan Berbalagunok antolatutako malabare tailerrera gonbidatu nahi zaituztegu.

Parte hartzeko izena baino ez duzue eman behar (maiatzaren 25a baino lehen!!!): telefonoz (94 496 09 00), e-postaz edo AEK-tik pasatuz.

Pilotak, uztaiak, diaboloak, plater txinatarrak, monozikloa erabili ohi dira kaleko arte honetan. Baina, jakina, saio hau gutako askorentzat lehenengoa izando denez, gu errezenetik hasiko gara: pilotekin.

Lehenik eta behin, gure irakaslea izango den Lander Santurtziko berbalagunari esker, malabareak egiteko pilotak nola sortzen diren ikasiko dugu nork berea eginez. Gerora azalpen txiki batzuk entzun ondoren, pilotak dantzan jartzeari helduko diogu. Poliki-poliki, baina atsedenik gabe… Hasiera batean bi pilotekin, eta zortea lagun, hiru pilotarekin ere ikasiko dugu!

Gurekin malabareak egiteko prest? Traketsak zaretela? Ez jarri aitzakiarik! Animatu eta etorri gurekin euskaraz jolastera!

2009/05/08

Rafa Ruedaren kontzertua


Rafa Rueda musikari, gitarra-jole eta produktoreak bakarlari gisa kaleratutako bere hirugarren diskoa, Zuhaitz okerretan gora noa, aurkeztuko du maiatzaren 15ean (ostirala) Sestaon.

Ostiral Kulturalak programaren barruan eskainiko da kontzertua, Musika Eskolan, 20:00etan. Sarrerak 6 euro balio du.

Kea eta Saredun eskua aurreko diskoekin alderatuta, azken lana New Yorkeko pop-rocketik hurbilago dago; betiere, Londreseko oinarri musikala mantendu arren.

Lan egiteko gaitasun itzela erakutsi du mungiarrak hainbat musika estilotan ibilitakoa baita: metal gogorreko piLT taldearen burua izan zen, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta beste hainbat kiderekin elkarlanean aritu da, Lauaxeta olerkari euskaldunaren omenez opereta konposatu du, besteak beste. Rafa Ruedari buruz gehiago irakurtzeko, egin klik hemen.

Bitartean, mungiarraren Zuhaitz okerretan gora noa azken diskoko LOTURAK abestiarekin gozatu…


2009/05/07

Euskararen lakuan eta mendian… gure hizkuntza lau haizetara!

Santurtzi eta Sestaoko berbalagunok ongi dakizuen moduan, igandean (maiatzak 10) mendi irteera antolatu dugu: Pagasarri-Ganekogorta. Gogoratu 9:30ean geratu garela Kasko metro irteeran. Bera, nahiz eta igandea izan, adi iratzargailuari!!!

20 lagun inguruk eman dugu izena dagoeneko. Besteok, zeren zain zaudete? Ea eguraldia ere bidelagun dugun, bestela, txango hau berriro bertan behera geratuko da (gogoratu azaroko asteburu batean estreinakoz antolatu genuela eta euri zaparradak nagusi izan zirela!). Dena den, momentuz Berbalaguneko dinamizatzaileok hitzordua mantentzeko erabakia hartu dugu.

Eta mendi irteerara ez etortzeko aitzakia bakarra onartuko dugu: Herri Urratsera joatea!!! Izan ere, igandean, euskara eta Iparraldeko ikastolen aldeko festa egingo da. Senpereko aintziraren inguruan milaka euskaltzale elkartuko dira eta sei gune antolatuko dira hainbat ekitaldirekin: kontzertuak, jolasak, bertsolariak, herri kirolak eta dantzak, besteak beste. Informazio gehiago izateko, jo Herri Urrats-aren webgunera.

Igandean, denok Pagasarri ala Herri Urratsera... haizea alde baita!!

Kultur Eguna datorkigu, euskaltzaleok prest al gaude??



Urtero bezala maiatza hurbildu ahala Mamarigako kaleetan giro berezi bat sumatzen da. Eguraldi ona agertzeaz bat, kale ekintzak ugaritzen dira bertatik ibiltzen garenon gozamenerako. Jakina, honen guztiaren eragilea Mamarigako Kultur Etxea izaten da, eta ikasturtean horrenbeste lan egin ostean behar bezala ospatu beharra dago!!
Honengatik guztiagatik Kultur Eguna egiten dute urtean behin, eta aurtengo edizioan (maiatzak 23 larunbata) etxe autogestionatu honen barnean martxan egon diren ikastaroetako ikasleek Mamarigako kaleak beren eskarmentu eta bizipenez alaituko dizkigute. Hona hemen egitaraua:

*12:30ean Triki poteoa (Pandero ikastaroko ikasle eta Mamarigako Abesbatzari esker)
*14:30ean Zikiro Herri Bazkaria. Azkar ibili txartelak erosteko laster agortzen dira eta. Joan nahi izanez gero idatzi email bat Kultur Etxeari, telefonoz deitu (94 493 78 60) edo bertatik pasatu (Nafarroa auzunea z.g.)
*19:30ean Erromeria
*Egun osoan zehar: Txalaparta emanaldiak, Sukaldaritza eta Puntu eta Gurutze ikastaroetan egindakoaren erakusketa, Bertsolariak, Dantzak, Sexualitatea aztertzeko jolasak…
Esan bezala etxe barruan egiten dena kalera aterako da!! Ahh eta gogoratu bazkarira joan nahi izanez gero, azkar ibili behar duzuela. Larunbat honetan, maiatzak 9, salgai jarriko dira txartelak (Luna, Astrid, Herriko, Taxka eta Kultur Etxean).

Berbalagunok Yoga tailerra egingo dugu!!



Adimena askatu, urduritasuna baretu, giharrak luzatu gure burua zabaltzearekin bat.. Kontzeptu eta ideia politak ditugu esandakoak, bereziki aintzat hartzen badugu gure bizimoduak nahi baino gehiagotan oso erritmo bizkorra jasanarazten digula. Lanetik etxera zintzilik ditugun gauzak ilundu aurretik bete behar direlako, egunero gure burua hamaika kezkaz betetzen da eta azkenean estu eta larri ibiltzen gara oso maiz.. Denok ezagutzen dugu istorio hau ezta? Bada, berbalagunok beste bizi filosofia bat aurrera atera daitekeela uste dugunez (lasaiago bizi, motelago ibili, guretzako denbora hartu, naturaz gozatu, gure hizkuntzaz jantzi..), Yoga tailer bat gauzatuko dugu maiatzak 17 (igandea) 18:00etan Bihoz Gaztea elkartearen lokalean (Cayo Tristeren gainean).
Iñaki berbalagun eta Yoga irakasleak Yoga zertan den azalduko digu giro patxadatsu eta atseginean. Erlajatzeko eta arnasteko tekniken bidez barneratuko gara askorentzat horren ezezaguna den mundu honetan. Hasiberria bazara, ez beldurtu. Ez pentsa izugarrizko luzaketak egin behar direnik. Izan ere, Yoga edonoren esku dago eta denok goza dezakegu! Parte hartzeko izena eman behar da email bat bidaliz edo AEKra deituz (94 493 80 71).

Euskara Zine aretoetara: Artikoko Erregeak Kantaurin.

Denok dakigu oraindik ere euskarak egoera ahula duela aurretik. Hizkuntza txikia izanik bere alde egiten den lan orok hauspotu egiten du beronen geroa, batik bat, erabilera sustatzen bada. Hitz egin, irakurri, pentsatu baita pelikulak ikustea ere ekintza arruntak bilakatu beharko dira gure egoera normalduko bada!!
Ildo honetan, Artikoko Erregeak filma maiatzaren 13an ikusgai egongo da, 09:30ean SKAn Kantauri Institutuko ikasleentzat. Euskara zine aretoetara programaren barruan eskainiko du Euskara Sailak.

Hona hemen sinopsia: Namu ipar poloko hartzaren eta Seela izeneko morsaren bizitzak, gizakiak eragindako berotegi efektuaren ondorioz dituzten arazo larriak kontatzen dizkigu, irudi ikusgarriak dituen pelikula honek

2009/05/04

Suhiltzaileen parkera bisita

Sestaoko AEK-k Artazako suhiltzaileen lantokira bisita gidatua antolatu du, maiatzaren 12an (asteartea). Goiz batean egiteko irteera laburtxoa da; 9:30ean geratuko gara AEK-n bertan eta eguerdi parterako Sestaon egongo gara.

Azken bolada honetan, langile hauek ezagunago bilakatu dira euren gorputz ederrak erakusten eta euren lanbidean antolatzen diren olinpiadetan parte ahal izateko dirua biltzeko argitara eman diren egutegiei esker. Baina, ezin ahantz dezakegu euren lanak daukan garrantzia. Hori dela, euren jarduna hobeto ezagutzeko hurbilduko gara Artazako parkera.

Animatzen bazarete, izena eman ohi bezala; e-postaz, telefonoz (94 496 09 00) edo AEK-n bertan.

Zinema aretoetan ere… euskaraz!

Hartz zurien familia bat eta mortsen beste familia bat protagonista direla, klima aldaketaren ondorioak kontatzen ditu Arctic tale (Artikoko erregeak) dokumental-pelikulak.


Bereziki (baina ez soilik!) haurrei zuzenduta dagoen lan hau maiatzaren 12an ikusgai egongo da, 09:15ean Musika eskolan. Euskara zine aretoetara programaren barruan eskainiko die Euskara Sailak, esan bezala, batez ere, etxeko txikitxoenei.

Donkey Xote pelikula Las Viñas auzoko liburutegian.

Haur zinema emanaldiek ere jarraipena izango dute maiatz honetan Santurtziko Udal Liburutegi Sareari esker. Uda gainean dugula gure asiak denbora irabazteaz gain, aukera ugari izango du euskara gure egunerokoan agertzeko. Hurrengo hitzordua Donkey Xote pelikula izango da maiatzaren 8an ostirala 18:00etan Las Viñasko liburutegian. Hona hemen sinopsia:

Abentura luze eta dibertigarri honetan Rucio astoak Don Kixoteren benetako istorioa kontatuko digu. Gainera, eraikita ditugun uste zaharrei astindu ederra emango die: Don Kixote ez zegoen ganbaratik jota. Aitzitik, gizon adimentsu, grinatsu eta ausarta zen. Talde bitxi hau Don Kixotek eta Santxok osatzen dute Rucio astoa eta Rocinante zaldiarekin batera. Dulcinea ederraren maitasuna bereganatze aldera norgehiagoka hasiko dira zaldun zikoitz baten aurka…

Uste baino abilagoak malabare tailerrean!


Aurreko astean gure baldarkeria nagusi izango zela uste genuen, saiatu egingo ginela genekien arren nahiko pattal ikusten genuen geure burua hiru pilota dantzan jartzeko. Horregatik lehen-lehenik pilotak nola egiten diren ikasi genuen oztopoak oztopo (gutako batzuk ezinean ibili ginen, noski) eta behin pilotak izanik, Lander berbalagun eta irakaslaren aholkuei jaramon egin genien pilotak airera askatuz!!

Bakoitzak bere erara lortu zuen hiru pilotekin zerbait egitea. Egia esan, hasieran genituen sinesgogor aurpegiak poliki-poliki argituz joan ziren zerbait egin genezakeela ikustean. Eta hala izan zen, bi orduz aritu ginen malabareak gora malabareak behera Mamarigako Kultur Etxeak utzi zigun gelan. Argazkiek ederki adierazten dute zer-nolako arratsaldea igaro genuen. Hurrengo batean parte hartu nahi baduzu, soilik eman behar duzu izena!! Argazki guztiak ikusteko klikatu hemen.