2009/06/30

Udan ere bizi eta gozatu euskaraz!!

Uda heldu zaigu berbalagunoi, urtarrilean hotzak estututa hasi eta bero galdatan esango diogu agur 08-09 ikasturteari. Berbalagun proiektuaren lehen edizioa ilusio eta gogoz betea izan da, jende andana euskarara hurbildu da modu positiboan, eta izugarri polita izan da tamaina honetako kontu batean aritzea. Beraz, zorionak berbalagunoi lortu dugun guztiagatik!! Irailaren bukaeran berriro ekingo diogu, baina bitartean gozatu uztaileko agendaz, eta gogoratu uztailaren 15ean (asteazkena) 19:00etan berbalagun eta Santurtziko euskaltzaleok poteo bat egingo dugula EHEko txosnatik.

2009/06/29

OPORRAK!!!

Kaixo berbalagunok!

Sestaoko berbalagunek ederki aprobetxatu dituzte herriko jaiak! Poteoa eta afaria egin zuen berbatalde batek argazki hauek bidali dizkigu.





Eta... UDA heldu da, berbalagunok!!! eta bide batez, hainbeste desiratu ditugun OPORRAK!!! Aprobetxatu atseden hartzeko eta gozatzeko. Hori bai, ahalegindu euskaraz egiten! Guk (Iker eta Anak) gauza bera egingo dugu, pilak kargatuko ditugu hurrengo ikasturteko berbalagunari ilusioz eta indarrez heltzeko.

Irailaren bukaeran hasiko gara martxan... beraz, adi zuen mobiletara!!!

Ongi izan eta bizi uda euskaraz!

Besarkadak,

Iker eta Ana

2009/06/24

Juanan berbalaguna, ekaineko euskara izpia

Ikasturteari agur esan baino lehen, Sestaoko beste berbalagun baten gogoetak entzungo ditugu: Ezaguna da Juanan berbalagun gehienen artean; asteazkenetako taldeetako batean parte hartzen hasi zen eta egun, astearte eta ostiral arratsaldeko taldeetan dabil euskara praktikatzen.
Parradazale amorratua da Juanan eta Sestaoko jaiak direla eta agenda estuta izan arren, tartetxo bat egin digu Berbalagun telebistako kazetarioi, kar kar! La Pela kalean (Sestaoko poteo kalea) elkartu gara berbalagun honekin. Bere testigantzekin  euskara izpiak atalari amaiera emango diogu. 


Eskerrik asko Juanan (ekaina), Mikel (maiatza), Maialen (apirila), Marga (urtarrila) eta Jabi (abendua) lotsa ahaztu eta kamera aurrean berbalagun egitasmoarekiko zuen sentimenduak, gogoetak eta hausnarketak azaltzeagatik!

Besteok, adi entzun Juananek dioena eta hurrengo ikasturtean, badakizue... euskaraz bizitzeko eta euskara praktikatzeko... izena eman Berbalagun proiektuan! 

Eki Egunaren biharmunean!!


Eki eguna ospatu genuen Mamarigako Kultur Etxeari esker eta bere izenak ondo adierazten duen bezala, eguzkiak gogor astinduta igaro zen. Eguraldi ederra lagun, eta jende guztiak soinean zeramatzan jantzi laburrak ikusita, ezin argiago geratu zitzaigun udan sartuak garela!! Patxi Perezen musika bidelagun izan zuten Mamarigako Frontoira poliki-poliki hurbildu zutenek, berarekin batera gozatu eta jakina, plazara salto egin eta datzan murgildu ziren lagun asko. Ohikoa denez gehienak neskak, mutilon lotsa eta barneratua dugun gogorkeria azalaraziz.
Bitartean, sabela bete zuen batek baino gehiagok Kultur Etxeko lagunek paratu zuten parrilladari atarramentu bikaina atereaz, eta noski, dantza plazatik gertu zegoen barrak egarria ase zigun bertaratu ginenoi, udaren etorrera gogoan genuen denok honelako konbinazioak ikusita (kalean musika, janaria, edaria..)

Gerora gauaren unerik hunkigarriena iritsi zitzaigun sua pizteaz batera, Mamarigako Kultur Etxeko perkusionistek tinbalen erritmora dantzarazi zuten jendea suari liluraturik so geunden bitartean. Haurrak, gazteak eta helduak sutara desioak botatzen ibili ziren beteko diren esperantzan, eta suaren beroak masailak gorriturik genituela Adarrots taldeak jotzeari ekin zion. Tamalez, ez zuten soinu probarik egiteko aukerarik izan eta hainbat musika tresnak egokitzeko denbora behar dutenez, oztopo teknikoek bertan lagarazi zuten kontzertu eder hau. Pena handia benetan, baina guztioi oso garbi utzi ziguten beren kalitatea, baita gonbidatu ere uztailaren 4an Mendebala jaialdian joko duten kontzertura. Bertan ez da arazo teknikorik egongo!! Argazki guztiak hemen dituzue!!

2009/06/22

Udako ludoteka, Sestaon


Uda heldu da eta gutako askorentzat oporrak ere... batez ere umeentzat. Hori dela eta Euskara Sailak zerbitzu interesgarria jarriko du martxan uztailean: udako ludoteka!


- Non: Albiz herri-ikastetxean
- Noiz: uztailean, 2 txandatan:
Uztailaren 1etik 10era (biak barne)
Uztailaren 13tik 24ra (biak barne)


Udalerriko 3tik 6ra bitarteko umeentzako gune ludiko-hezigarria egokituko dute horretarako, goizeko ordu pare batean. Eragintza Kultur erakundeak dinamizatuko ditu bertan egingo diren ekintzak: sorkuntza, psikomotrizitatea, joko sinbolikoa eta adierazpen sortzailea.

Guztira, gehienez ere, 48 parte-hartzaile izango dira. Informazio gehiagorako Euskara Sailera jo.

Sestaoko jaietan, gazteek badute euren eguna...

Sestaoko jaietan gazteek, eta ez hain gazteek ere, egun berezia ospatuko dute ekainaren 25ean. Izan ere, erredundantziak erredundantzia, Gazte Asanbladako kideek gazte eguna egingo baitute ostegunean.
Txosnagunean bertan egingo dira ekintza gehienak. Hona hemen egitaraua:
12:00etan, harrera.
12:30ean, herri jolasak.
15:00etan, herri jolasen sari banaketa eta jarraian... herri bazkaria (6 euro). Tiketak Sestaoko Mendieta eta Ekintzan, Portugaleteko Arana taberna eta Ezkerraldeko gune okupatuetan eros daitezke.
16:00etatik aurrera, kontzertuak Norte Apatxe (rapa euskaraz) eta 121 Crew (hip-hop euskaraz) taldeen eskutik.
Zozketa ere egingo da. Animatu eta etorri Sestaoko jaietara!

Korrika??? Ekainean???

Bai, badakigu Korrika apirilaren 5ean amaitu egin zela eta Gasteizera iritsi baino lehen jende andanak hartu zuela parte Sestaoko kaleetan goizean goiz (edota ordu txikitan!) apirilaren 3an... Baina, guk argazki hau topatu dugu eta ziur gaude gure Berbalagun goiztiarrei ilusioa egingo diela argazki hau ikustea...

Juanan, Mikel eta Iñigo Korrika 16n lekukoa eramaten Sestaoko berbalagunek egindako kilometroan.

Bai Esan elkartearen 3. urteurrena mundiala izan zen!!


Gauza asko ari da egiten euskararen alde, jende ugari gure hizkuntzaren iraupena bermatu eta sustatu gura duena. Ilusioz eta kemenez proiektu eder asko gorpuzten ari gara, eta honetan nabarmena da Bai Esan euskara elkarteak bere sorreratik burutu duen lan eskerga. Oharkabean ia, hiru urte bete dira hainbat euskaltzale herri honen hizkuntza biziberritzeari ekin ziotenetik, gauzak argi eta urrats sendoz bide izugarria egiten ari da, eta jakina honelako eginkizun potolek beren ospakizuna eskatzen dute, eta ba al da Bai Esanen 3. urteurrena baino hoberik?? Bertan marka guztiak hautsiz, aspaldiko partez poteo jendetsua egin genuen (70 lagun baino gehiago), trikitilariak, Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariak, berbalagunak, ikasleak, irakasleak, euskaltzaleak...
Eta afaria ez zen gutxiago izango, bertan 84 euskaltzale batu baikinen!! Nork esan zuen Santurtzin euskara hilda zegoela?? Inoiz baino biziago dago, eta euskaraz bizi nahi dugugunok behar adina alditan erakutsiko dugu!! Lan handia aurtengoa, eta are handiagoa egiteko dagoena, baina txapela buruan eta ibili munduan hurbilago izango dugu helburua. Oraingoz gozatu egun horretan ateratako argazkiek hemen klikatuta.

Talde ederra euskal pintxoak egiten ibili zena!!


Aurreko egunean berbalagunon ikasturte honetako azken tailerra egin genuen, sortu eta gozatu usadioak agintzen duen eran. Izan ere, bertan bildun ginen 13 lagunok pintxo andana egiteaz gain, txakolin eta sagardoa lagun ederto bete baikenituen gure sabelak... Oso gauza euskalduna: jan, edan eta mintzatu!! Gainera, Gorka sukaldariak maisu paperean ezin hobeto murgilduta trikimailu pare bat irakatsi zigun sukaldean aritzeko, baina onena emaitza izan zen. Hemen klikatuta argazki guztiak ikusiko dituzue, eta errezeta lortu nahi izanez gero bidaliguzue email bat.

2009/06/19

Gatiburen kontzertua Kabiezesen.

Gatibu taldeak bisita egingo dugu hurrengo ostiralean 23:00etan, ekainak 26, KAKUL Kabiezesko Jai Batzordearen eskutik. Udan sartuak jada kontzertu andanaz gozatzeko prest egongo gara, eta ahal bada euskaraz, noski. Beraz, ez galdu aukera hau eta momentuz gozatu Gatiburen bideo honekin Kabiezesko plazan ikusi arte!!

2009/06/18

Eki Eguna Mamarigan!!

Berehala harrera egingo diogu udari, berehala eguzki izpiek gure kaleak hartuko dituzte denon umorea epelduz. Jendean kale gehiago, bizitasuna eta mugimendua izango dira nagusi, eta honetaz jakitun Mamarigako Kultur Etxeak (beti bezala autogestioaren bidez) gure egutegian ezinbestekoa den festa bat antolatuko du ostera ere: EKI EGUNA. Ekainaren 23an (asteartea) gure arbasoek antzina egiten zuten legez, egun luzeena ospatuko da sua protagonista delarik. Hona hemen Mamarigako frontoian egingo den jai honen egitaraua:
  • 19:00etan Patxi Perezen Dantza plaza eta Parrillada
  • 22:00etan Sua (Pitxiritxia Sustraiak taldearen eskutik) eta Tinbalada
  • 22:30ean Adarrots folk taldearen kontzertua

Tentagarria ezta?? Urte anitz igaro dira jai hau egiten hasi zenetik, gainera urtez urte jendetsuagoa da. Etxean geldituko al zara asperturik?? Animatu eta bizi euskaraz. Informazio gehiago Kulturren webgunean.

2009/06/17

Hauspoari eraginez denok Oionera!

Herri Urratsekin ekin genion ikastolen aldeko jaiei. Gero, Ibilaldiaren txanda heldu zen... eta igandean (hilaren 21ean) Oionen daukagu hitzordua, Araba Euskarazekin!

Informazio guztia, jakina, Araba Euskarazen webgunean topatuko duzu!

Zer, animatuko zara? Ez zaudela oraindik oso ziur? Pentsatzen duzun bitartean... gozatu bideo honekin!


Sestaoko jaiak hastear daude...

Kaixo berbalagunok!

Azken txanpan gaude, ikasturtea bukatzeko gero eta gutxiago falta da eta oso ongi ospatuko dugu ekainaren 19an AEK-ko ikasleekin batera antolatu dugun afarian. Gainera, egun horretan ere, txosnen eta feria barrutiaren irekitzea egingo da... plan bikoitza eta bikaina ostiral honetakoa!

Sestaoko jaien egitarauan zenbait ekintza topatu ditugu euskaraz:

- Lor eta Gris Perla taldeen kontzertua, larunbatean (hilaren 20an), 22:30ean, txosnagunean.

- Umeen euskal jaia Salleko Dantza eta txistu taldearen eskutik (hilaren 21ean), 11:00etan, Las Llanas kiroldegian.

- Eki gaua (hilaren 23an), 22:30etik aurrera, hilerriaren atzealdean dagoen zelaian.

- Oskorriren kontzertua, ostiralean (hilaren 26an), Kasko plazan.

Jaien egitaraua hartu nahi baduzu, pasatu zure euskaltegitik!

Ongi pasa herriko jaietan!

2009/06/12

Autodefentsa ikastaroko argazkiak eta bideoak!

18 lagun elkartu gara egun bi hauetan autodefentsa ikastaroan parte hartzeko. Egoera arriskutsuetan geure buruak defendatzen ikasteaz gain, jende berria ezagutzeko aukera izan genuen. Pozik joan ginen etxera Pablo gerriko beltzak eta sparring lanetan ibili zen Mikelek irakatsitako sei giltzak egiten ikasi eta gero.

Gure burua defendatzeko, ohikoak diren leku mingarriez gain, guretzako hain ohikoak diren beste puntu batzuk daudela ikasi genuen. Inork ez zuen minik hartu, beno... agian, baten batek, gaur abuxetak izango ditu... baina ez autodefentsan ikastaroan parte hartzeagatik, lagunartean izandako giro onak eta txantxek eragindako barrengatik baizik.

Etorri ez zinetenok galdu zenutena ikusteko bideotxo bat grabatu genuen:



Eta argazkiak ere atera genituen, nola ez! Ikusi nahi edota deskargatu nahi badituzue, egin klik hemen!

Eskerrik asko Pablo eta Mikel zuen irakaspenengatik!

2009/06/10

Sukaldaritza tailerra: Euskal Pintxoak


Berbalagunok ikasturte honetako azken tailerra egingo dugu ekainaren 19an 19:00etan Mamarigako Kultur Etxean, ez da nolanahikoa izango gainera, sabelak bapo beteko baititugu!! Gorka sukaldariari esker Euskal Pintxoak zelan egin ikasiko dugu giro lasai eta atseginean. Gerora, argi dagoenez, egindakoa jango dugu emaitza zein den ikusteko!! Hona hemen gure menua:

Piparrak: Piparra, oliba eta antxoa.
Patata tortila: Patata, tipula eta arrautza.
Bakailao pintxoa: Bakailao , olioa, berakatza eta perrexila.
Bonito pintxoa: Atuna, tipula, piperra (berdea eta gorria), arrautza egosia eta momentuan egindako maionesa (arrautza, ozpina ,olioa eta gatza).
Perretxikoak plantxan: Perretxikoak, berakatza, piper hautsa, ozpina, perrexila, ardo zuria eta olioa.
Txistorra eta odolesteko hostorea: Txistorra, odolestekoa, hostorea eta bexamela.
Pikilo piperra eta antxoa.
Grillo: Uhaza, tipula eta patata egosia.
Gazta eta irasagarra.
Edariak: Txakolina, Errioxako ardoa, sagardoa, ura eta patxarana.

Izena emateko: AEKtik pasatu, deitu 94 493 80 71 telefonora edo bidali email bat. Eta bapo jan ostean, pentsatu hurrengo egunean 20an bertso poteo (20:00etan) eta afaria (22:00etan Don Jaimen) izango dugula Unai Iturriaga eta Andoni Egañarekin Bai Esanen 3. urteurrena ospatzeko!!

ON EGIN BERBALAGUNEKIN!!

Umeentzako jaia Zaldiko-Maldikoren eskutik.



Zorionekoak dira herriko haurrak ekintza andana baitute eskura. Oraingoan Zaldiko-Maldiko (Euskal Herriak Bere Eskola) elkarteak haurrentzako jai mundiala antolatu du ekainaren 17an 17:00etatik 19:00etara Mahastiak-Las Viñas eskolan. Hona hemen egitarau oparoa:
  • Margoen gunea: Igeltsuz karetak egin, aurpegiak margotu, talde bakoitzerako petoak egin..
  • Euskal kirolen gunea: sokatira, txingak, txokor batzea...
  • Jolasen gunea: itturri lasterketak, puztarri bat goilaran korrika egin, lasterketak elkarri hanketatik lotuak, tripan puxika jarri eta biren artean apurtu, puxikak ipurdiarekin apurtu, hankari puxika bat lotu eta elkarren artean apurtzen saiatu...
  • Birziklaketa gunea: Kutxa zaharrekin panpinak.

    Interesgarria ezta?? Hau guztia Eskolaz kanpoko ekintzetan ere, euskaraz lelopean antolatua dago, eta parte hartu nahi izanez gero, joan jaira eta giro bikaina aurkituko duzu!!


Sorgin bat etxean pelikula Las Viñasko liburutegian.



Santurtziko Udal Liburutegi Sareak umeentzako zinema emanaldiekin aurrera darrai. Hurrengo hitzordua ekainaren 19an (ostirala) izango dugu 18:00etan Las Viñasko liburutegian, eta filma Sorgin bat etxean. Hona hemen laburpena

Maria, 8 urteko neskatoari, bere anaiatxoa oso nekagarria dela iruditzen zaio. Auzoan bizi den Makkaren laguna egingo da eta honen kristalezko bola erabiliz, anaia betiko desagertzea desiratuko du. Hortik aurrera gauzak ez dira berdinak izango. Maria gaixorik jarriko da, eta gurasoak Izeba Gerda izeneko umezaina ekarriko dute anai-arrebak zaintzeko. Makka eta Maria laster konturatuko dira desioa egia bihur daitekeela Gerda sorgin maltzurrak anaia txikia lapurtu nahi duela ikusten
dutenean.

Harald Hamrel, bere herrialdeko telebistako errealizadore entzutetsua, da pelikula honen zuzendaria. Filma gazteentzako literaturan espezializatutako Ulf Stark idazle suediarraren Maria Bleknos nobelan oinarrituta dago. Sorgin bat etxean pelikulak Haurren Epaimahaiaren Saria lortu zuen Lübeckeko (Alemania) Nordic Film Days-etan 2000n eta Publikoaren Saria Montrealgo (Kanada) Haurrentzako Nazioarteko Zinemaldian 2001ean.

2009/06/09

Pantxika Lamur Barakaldon!

Agian, zuetako askok irudi hau izango du gogoan eta oholtzara igo zinetenak, ziur, ezin izango duzuela ahaztu!! Hori bai, guztiok ongi gogoratuko duzue zer-nolako barre algarak bota genituen Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan antolatuko Pantxika Lamurren Nik egin beharko izeneko bakarrizketa/antzezlanarekin.

Antzezlana ikusi gabe geratu zinetenak (edo berriro ikusi nahi duzuenak) zorioneko zaudete, Pantxika Lamur Ezkerraldera bueltatuko baita, Barakaldora, hain zuzen.

Eguneroko bizipenetan gertatzen zaigun bezalaxe, emanaldi honetan ere ez dugu jakingo zer nolako garapena izango duen eta zein norabide hartuko duen saioak. Bizitzak berak dituen hainbat ezaugarri nabarmenduko dira: maitasuna, laguntasuna... baita desilusioa ere. Horrez gain, umorea, akrobaziak, klake-a eta beste hainbat sorpresa ere izango ditugu.

Ez ahaztu!!

Gazte Bulegoak antolatuta, Pantxika Lamurren "Nik egin beharko" bakarrizketa/antzezlana
Noiz: Ekainak 11 (osteguna), 19:30ean.
Non: Clara Campoamor kultur etxeko hitzaldi aretoan (Barakaldo)

Axular institutuko ikasle, irakasle eta langile ohien arteko bazkaria.

Santurtzin modu gutxi daude euskalduna izateko, euskara ikasteko. Gutako asko herriko euskaltegietatik pasatakoak gara, eta horri esker gure hizkuntzaren jabe bihurtu ginen. Baina orain 25 urte Axular institutuak heldu zion gure herriko gazteak euskalduntzeari, eta jakina, lan itzel honetan hainbat eta hainbat santurtziarrek hartu dute parte. Hau dela eta, irakasle, ikasle eta langile ohiak batu nahi dituzte merezi duten omenaldia jaso dezaten. Ekainaren 27an izango da bazkari mundial hau, eta bertatik pasatu bazara, ezin izango diozu muzin egin!! Informazio gehiago orri honetan eta izena emateko bidali email bat: 25urteeuskaraz@gmail.com
Ah!! Gogoratu izena emateko azken eguna ekainaren 15a dela, eta honelako bizipenak oroitu nahi izanez gero, parada bikaina izango duzue:


Kontact dantza-masajeko argazkiak!!

Kontact dantza-masaje Tailerrari zertxobait ernegatuta ekin bagenion ere (itxuraz ez gara oso iaoiak dantzatzen!!), segituan jabetu ginen dantza izatez atera zitzaigun mugimendua zela, ezertxo behartu gabe ezusteko koreografiak osatzen ari baikinen!! Musika lagun eta gainerako berbalagunekin kofiantza ariketak egin ostean, Kontact jarduera ezezagunean murgildu ginen gure gorputzen erritmo sosegatuan. Argazkiak honen adierazgarri dira, eta benetan esan beharra dago Iratxe berbalagunak eskaini zigun tailerra ezin hobea izan zela!! Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen!!

Eta hemen antxoen antzera gaude jarrita!! Hori bai haiek baino askoz gozoagoak gara, eta askoz hobeto pasatzen dugu!!

2009/06/08

Berbalagun egitasmoaren alde sinatu!


Kaixo berbalagunok!

Dakizuen moduan, Berbalagun proiektuaren aldeko sinadura bilketa egiten hasi gara. Dinamizatzaileok ia berbatalde guztietatik pasatu gara bilketaren arrazoiak azaltzen (falta diren taldeetatik ere pasatuko gara jakina!). Oraindik ez baldin baduzue sinatu, eta egitea pentsatuta baduzue, pasa zaitezte zuen euskaltegitik eta sarreran bertan idazkia irakurtzeko eta sinatzeko parada izango duzue. Informazio gehiago nahi izatekotan, harremanetan jarri gurekin.

Idazkia:

Sestao herri erdalduna da. Gaztelania da nagusi herriko kaleetan, zalantzarik gabe. Egia da, azken urteotan hobera egin duela gure hizkuntzaren egoerak, baina, oraindik lan handia dago egiteko. Hobekuntza ekarri duen eragile nagusietako bat BERBALAGUN egitasmoa izan da. Alegia, euskara indarberritzeko eta etxean, eskolan, ikastolan edota euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eskaini digun proiektua. Are gehiago, BERBALAGUNi esker euskaldunon arteko harreman sareak garatu dira eta euskara kaleetan entzun daiteke.

BERBALAGUN egitasmoa Sestaoko AEK-ren ekimena bada ere, Udal euskaltegia eta Gazteleku programaren eragileak dira eta une jakin batzuetan, beste talde, eskola eta elkarterekin elkarlanean ibili da.

Proiektua duela hiru ikasturte jarri zen martxan eta harrera ona izan du ikasturte honetan ere: Ikasturtea bukatzear dagoela, 8 talde eta 70 berbalagun inguru gaude parte hartzen eta berbataldeetan parte hartzen ez dutenak kontutan izanez gero, egitasmo honek 100 bat lagun biltzen dituela esan behar dugu. Hala ere, ez du Udalaren babesik izan. BERBALAGUNek lehenengo ikasturtean dirulaguntzak izan zituen. Baina, gero, Gobernu aldaketarekin batera, laguntza ekonomiko duinak eskatu arren, Udalak ukatu dizkigu.

Berbataldeetan parte hartzeaz gain, hilero euskararen agenda osatzen da eta bertan herrian euskaraz egin daitezkeen gauza guztiak biltzen dira. Gainera, BERBALAGUNeko dinamizatzaileek ere hainbat ekintza (irteerak eta tailerrak, batez ere) antolatzen dituzte eta horietan parte hartzea atsegin dugu.

Sestao bezalako herri erdaldunetan euskararen erabilera sustatzea funtsezkoa dela uste dugu. Hori dela eta, hurrengo ikasturteari begira, idazki hau sinatzen dugun sestaoarrok Udalari egitasmoari babesa eskaintzeko eskatzen diogu. Izan ere, herriari berari eta hainbat sestaoarroi onurak ekarri dizkigu.


Eskerrik asko sinatu eta sinatuko duzuen guztioi Berbalagun bizirauten laguntzeagatik!

Metro Bilbaoko instalazioak ezagutu nahi dituzue?

Asko erabiltzen dugu Ezkerraldeko bizilagunok metroa. Baina, ba al dakizue zelan dabilen? Zer behar den metro gidaria izateko? Zelan egiten duten lan bertako langileek? Ba, hau guztia ezagutzeko, Udal Euskaltegiak irteera batera gonbidatu gaitu: Metro Bilbaoko instalazioak eta funtzionamendua ikustera.

Ekainaren 18an eta 19an (osteguna eta ostirala, hurrenez hurren) joango gara. Taldeek txikiak izan behar dute (15 lagun inguru egun bakoitzean). 9:30ean, Udal Euskaltegian elkartuko gara eta bertan gaudela, metroko langile baten azalpenak entzungo ditugu. Gero, Sestaon metroa hartuko dugu eta enpresa honek Bilbon daukan bulego zentralera joango gara. Kabinan egingo dugu bidaia, gidariarekin batera.

Bilbotik metroa hartuko dugu berriro eta kabinan sartuta, beste bidaiatxo bati ekingo diogu eta beste azalpen gehiago (jakina, euskaraz!) entzungo ditugu. Egun osoan bidaiatu ahal izateko tiketa emango digute eta bisita bukatutakoan, sorpresatxoa!

Irteera honetan hartzeko parte, 14a baino lehen izena eman behar da. Mesedez, ongi zehaztu zein egunetan nahiago duzuen (aldez aurretik, zenbat lagun joango garen zehaztu behar dugu!). Animatu eta etorri gurekin!

Sestaoko berbalagunak Mintza egunean!

Larunbatean oso ongi pasatu zutela adierazi digute Sestaotik Gasteizen egin zen Mintza egunera joan ziren 14 berbalagunek. Tartean euria, tartean eguzkia... baina Alde Zaharrean elkartutako hainbat eta hainbat berbalagun eta mintzakideren ahotan euskara nagusitu zen! Horren erakusgarri argazki hauek...

Ostiral gau-arratsaldeko berbalagunak!


Astearte, asteazken eta ostiraleko berbataldeetako zenbait kide

Eta argazki gehiago... hemen!
Eskerrik asko Sandra, berriro argazkiak pasatzeagatik!

Sahara herriari buruzko hitzaldia.


Ondoko herri batetik datorkigu albistea, asteazken honetan, ekainak 10, arratsaldeko 20:00etan hitzordu polita izango dugu Portugaleteko AEKn. Izan ere, Sahara herriaren gaineko hitzaldi bat eskainiko dute bertan gazte euskaldun eta sahararren lehen topaketen berri ematen duena.
Askorentzat ahaztuta dagoen herri honen gatazka gordinak, gaurkotasun tamalgarria du horrenbeste urtez beren herritik erbesteratuta bizi diren milaka sahararrentzat. Basamortuan beren herritik urrunduak, kanporatuak. Ikaragarrizko duintasun adierazlea, oraindik ere, eta hamarkada luzeak zokoratuak igaro ostean zutik dirauen mugimendu baten oihua. Gure erabateko elkartasuna behar duen garrasi honi hauspo ederra eman diezaiokegu hitzaldi honetara bertaratuta. Honela, behintzat, ezjakintasunetik errealitatera egingo dugu salto bizipen hauek ahanztura lazgarrienean eror ez daitezen, iragana gogoratzea modu bakarra baita geroa lantzeko.

2009/06/04

Poteoa eta Bertso Afaria Andoni Egaña eta Unai Iturriagarekin

Behar bezalako bukaera eman nahi diogu urtarrilean hasi zen BERBALAGUN egitasmoari. Hil hauetan guztietan dozenaka euskaltzalek giro atseginean euskaraz jardun dutela ospatu nahi dugu, BAI ESAN euskara elkarteak hiru urte dituelako, nolabait oraindik urrun dagoen Santurtzi Euskaldun hau hurbilago dugula pentsatzen dugulako. Zaila izan arren, pertsona ugari animatu dira euskaraz berba egitera, jende berria ezagutzera, euskaraz sentitu, bizi eta sortzera… Eta jakina, ekainaren bukaera honetan Santurtziko berbalagun eta euskaltzaleok berriro batuko gara lortutako guztiaz harro gaudelako!!
Bada, BAI ESAN euskara elkartea eta AEKren ekimenez ekainaren 20an (larunbata) Bertso poteo eta afari mundiala izango dugu Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariekin!!
20:00etan Poteoari hasiera emango diogu Ttipi-ttapa tabernatik!!
eta 22:00etan Bertso Afaria izango dugu Don Jaime jatetxean (Kantauri institutuaren ondoan) 20 euroren truke. Hona hemen menua:
*Lehen platera: zizka-mizkak, urdaiazpikoa, kabratxo pudinga, zainzuriak bi saltsatan eta entsalada epela.
*Bigarren platera (aukeratu behar): lupia saltsan, legatza kokotxekin, entrekota edo cordon blue. Postrea, ogia, ardoa, ura eta kafea barne.
Izena emateko azken eguna ekainaren 18a izango da eta honetarako bide hauek dituzue: Udal Euskaltegian edo AEK euskaltegian izena emanda eta berbalagunoi email bat bidaliz. Egin dezagun bat euskararekin egun honetan, izan dadila berbalagun, euskaltzale, euskara ikasle/irakasle ororentzako eguna!!

Udan euskara ikas daiteke Santurtzin.

Udan ere euskara ikasteko parada izango dugu santurtziarrok herrian ditugun bi euskaltegietan. Hona hemen helarazi dizkiguten aukerak:

*AEK: Uztailean 2tik 30era trinkoak. Ordutegia: 09:00-14:00. 100 eskola ordu eta 157 euro dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71

Eta irailean HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak 3tik 30era. Ordutegiak: 09:00-13:00 (80 euro 126 euro) eta 16:00-19:00 (60 ordu 95 euro)
Izena emateko azken eguna ekainaren 30a. Email: santurtzi@aek.org. Tfna: 94 493 80 71

*Udal Euskaltegia: HABEren azterketak prestatzeko ikastaroak uztailaren 1etik 30era eta irailaren 1etik 28ra. Ordutegia: 08:30-13:00. 80 eskola ordu eta 87,2 euro dira.
Izena emateko azken eguna ekainaren 24a (uztailerako) eta uztailaren 10a (irailerako). Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 944 61 02 15

*Eta Mintzamena lantzeko ikastaroa uztailaren 1etik 30era. Ordutegia: 10:00-12:00. 40 ordu eta 43,6 euro dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 24a. Email: admin@santurtzi.eus. Tfna: 94 461 02 15

Bestetik, gogoratu barnetegiak ere oso aukera onak direla, baita familia euskaldunekin egiten diren egonaldiak ere. Azken hauen informazioa hemen klikatuta.

2009/06/03

Egizue txotx! euskaraz

Txotx! Horrela esango dute sagardo kupelera igandean (hilaren 7an) hurbiltzen diren sestaoarrek. Urtero bezala, Mendieta elkarteak sagardo eguna antolatu du Kasko plazan.

11:00etan hasiko da, Eba Ferreira Athletic-eko nesken taldeko jokalari santurtziarrak lehenengo txotx-a egin eta gero. Giro polita egongo da egun osoan zehar; dantza, musika, jana... eta nola ez, sagardoa!

Gainera, Korrikaren arropa eta gainerako materiala egongo da salgai. Korrika garaian, denborarik edota dirurik izan ez zutenek orain dute bigarren aukera!
Animatu eta igandean etorri Sagardo egunera! Berbalagunok ere hortik ibiliko gara, jakina!

Dantza jaialdia Sestaon

Duela zenbait hilabete, berbalagunok Minerva berbalagun eta Eusko Lorak taldeko dantzariari esker, euskal dantzetako oinarrizko pauso batzuk ikasi genituen. Orain, ikasitako praktikan jartzeko unea da!

Izan ere, aukera paregabea daukagu larunbatean (hilaren 6an); Arriskugarri euskal dantza eta txistu taldearen eskutik dantza jaialdia izango baitugu. Emanaldia Markonzaga anfiteatroan izango da, 19:30ean. Eta dantzatzera animatzen ez baldin bazarete, behintzat hurbildu ikuskizuna ikustera!

A!! eta ez ahaztu larunbaterako daukazuen beste proposamena: Gasteizera egun pasan joatea, berbalagunon Mintza Egunera!!

Berbalagunak Ibilaldian!

Berbalagunak igandean Galdakaon egon ginen; Ibilaldira joateko hitzordua egin baikenuen. Trena hartu eta herriko kaleetan euskaraz hitz egiten hasi garen sestaoarrok ederto pasatu genuen Bizkaiko ikastolen aldeko jaian.

Gune batetik bestera ibili ginen, gerizpearen bila eta aurkitu genuenean, atseden hartzeko aprobetxatu genuen!

Astelehenean, gihar-mina izan arren, Galdakaora joatea merezi izan zuen! Beste argazki batzuk ikusteko hemen egin klik.

2009/06/01

Zure burua defendatzen ikasteko prest?

Adin guztietako gizon eta emakumeentzako, neska eta mutilentzako autodefentsa ikastaroa antolatu du Berbalagunek. Eraso egoeren aurrean erantzuteko mekanismo errazak ikasiko ditugu gure irakasle izango diren Pablo eta Mikel berbalagunei esker. Antolatzaileek aste batzuk daramatzate saio bi prestatzen eta barre egiteko uneak ere egongo direla ziurtatu digute.

Noiz? ekainaren 10 eta 11n (asteazkena eta osteguna). 19:30ean.
Non? AEK-n.

Tailer honetan parte hartzeko, ohi bezala, izena eman behar da e-postaz edo telefonoz (94 496 09 00). Izena emateko azken eguna hilaren 8a (astelehena) izango da. Saio bakarrean egoteko aukera baino ez badaukazu, lasai egon; mezuan zehaztu mesedez, zein egunetan ahal duzun eta listo! Bietara etortzeko aukera izanez gero, askoz hobeto... gehiago ikasiko baituzu!!!
Ez izan lotsarik eta etorri gurekin zuen buruak defendatzeko teknika errazak ikastera!!

Ikasturteari agur esango diogu tripa ongi beteta!!

Hainbeste ikasi eta praktikatu ondoren, berbalagunok eta AEK-ko ikasleek ikasturtea afari eder batekin agurtuko dugu. Ekaina heltzeak ez du esan nahi Berbalagun egitasmoa bukatuko denik; dinamizatzaileok oporrak hartuko ditugu, baina, zuen udako planen arabera, zuen berbataldeko kideekin geratzeko aukera daukazue. Eta, nahi izanez gero, beste talderen batean ere parte hartu ahal duzue.

Ikasturte bukaerako afaria ekainaren 19an (ostirala) izango da, Ongi Etorri tabernan. Menuak 25 euro balio du. 20:00etan, AEK-n elkartuko gara, La Pela kaletik poteoa egiteko. Zuzenean afaltzera joango zaretenekin 22:00etan elkartuko gara jatetxean bertan.

Lekua hartzeko, noski, garaiz abisatu behar da. Gainera, egun horretan herriko jaiak hasiko direnez, erreserba ahalik eta lasterren egin behar dugu. Beraz, afarira joateko asmoa baldin baduzue, izena eman e-posta idatzita edo telefonoz (94 496 09 00). Izena emateko azken eguna osteguna da (hilak 4)!!!

Gabonetako afaria
Animatu eta izena eman!

Ekaineko agenda... jarduerez betea

Azken txanpan gaude, berbalagunok! Ikasturteari agur esateko gero eta gutxiago falta da, eta zuetako askok oporrak izango dituzue. Batzuk irrikitan zauden jada... oporren zain!!! Baina, bitartean, hainbat proposamen daukagu zuekin konpartitzeko eta elkarrekin ongi pasatzeko. Hemen daukazue hilabete honetan gure herrian euskaraz egin daitezkeen ekintzen zerrenda!!!