2009/09/30

Berbalagunok berriro elkartuko gara!!

Urriaren 5etik aurrera berba taldeak abian hasiko dira. Iazko esperientzia ona ikusita, eta euskaraz bizitzea atsegin dutenez, santurtziar mordo batek ekimen honetan berriro parte hartzea erabaki du. Hau zertan datzan ez dakitenentzat, hona hemen hainbat argibide:

*Santurtziko Euskara Arloa, Bai Esan Euskara elkartea, Santurtziko Udal Euskaltegia eta Santurtziko AEK programaren eragileak dira.

*Norentzat da BERBALAGUN?
Euskara ikaslearentzat: Euskaltegian bazaude edo egon bazara, baina ez baduzu norekin hitz egin hemen duzu aukera.
Euskaldunarentzat: Normalean gazteleraz egin arren euskaraz gehiagotan egin gura baduzu, hemen duzu aukera.
Euskara ez dakienarentzat: Agendaren bitartez euskarak dituen baliabideekin gozatzeko, hemen duzu aukera.

*Zer eskaintzen du BERBALAGUNak?
Berbalagunak: Adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta lauzpabost laguneko taldeak osatuko dira. Euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuta talde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu.

Euskararen Agenda: Ikastaroak, txangoak, kultur ikuskizunak, kontzertuak, antzerkia, errezitaldiak, bertso saioak, diaporamak, eztabaida foroak, hitzaldiak, erakusketak..

Euskaraz jendea ezagutu eta ondo pasatu gura baduzu, ez izan dudarik. Berbalaguna izan nahi duzu!! Animatzen bazara, izena eman dezakezu Santurtziko AEKn, Udal Euskaltegian edo Euskara Sailean, bestela bidaliguzu email bat.

2009/09/29

Bai Esan, Santurtziko euskara elkartea.




Euskarak gure herrian duen egoera hobetze aldera Bai Esan euskara elkarteak martxan jarri dituen ekimenak asko dira: antzezlanak, hitzaldiak, ipuin kontalariak, irakurriz gozatu kanpaina eta nola ez beste eragile batzuekin batera hain garrantzitsua den berbalagun egitasmoa.
Azken batean, Bai Esanen nahi eta irrika Santurtzin euskara biziberritu eta bultzatzea da, honetarako beharrezkoak diren neurriak hartuz zein abiaraziz. Ez da lan makala gero!! Baina bai aberasgarri eta gozagarria. Jende ugari geure hizkuntzara bertaratzen delako ezinezkoak ziruditen gauzak posible bilakatu direlako, eta hau guztia hainbat lagunen eginahalari esker gorpuztu da. Denon ekarpena ezinbestekoa da Santurtzi astiro-astiro euskaldunduko bada, honengatik Bai Esan euskara elkartetik bi proposamen interesgarri jaso ditugu:
  • Bata Bai Esaneko bazkide egitea da email honi idatziz. Hala eginez gero, hainbat abantaila eta herri honetako euskararen egoeraren berri izango zenuke.
  • Bestea Bai Esaneko kidea izatea da, hots, ostegunetan AEK euskaltegian Bai Esanek burutzen dituen bileretara joatea. Honela, aktiboki parte hartuko zenuke euskararen aldeko lanean: erabakiak hartuz, proposamenak eginez, dinamiketan partaidea izanik...

Prest al zaude euskara bultzatzeko? Hala bada Bai Esan elkartearen emailera idatzi dezakezu!! Esan baietz euskarari!!

2009/09/25

Martxan hastear gaude! Bitartean, Sestaoko Euskal Jaira hurbildu!!

Kaixo berbalagunok!

Agur esan diegu udako oporrei eta pilak behar bezala kargatu ditugu aurrean daukagun ikasturtea hasteko. Hainbat dira Sestaoko Berbalagunek ikasturte honetarako dauzkan erronkak, ametsak eta planak eta horiek zuek gabe, berbalagunok, ezingo genituzke aurrera eraman.

Datorren astean hasiko gara martxan; udan atseden hartu duzuenen taldeak aktibatuko ditugu eta izena eman duten lagun berriekin beste talde batzuk osatzen. Beraz, joan zaitezte zuen ordutegia pentsatzen eta astelehenetik aurrera, adi egon zuen mobiletara, gure deia izango baitituzue!

Bitartean, sestaorrok ongi baino hobeto ezagutzen dugun plan batekin gatozkizue: Sestaoko Euskal Jaia. Hemen daukazue egitaraua (handiago ikusteko, klik egin irudiaren gainean)!


Animatu eta hurbildu Sestaoko X. Euskal Jaira!

2009/09/21

Four Friends taldearen kontzertua Kresalan.

Four Friends Bilboko talde jazzeroa gure herrira etorriko da ostegun honetan, irailak 24, beren azken lana aurkeztera: Haruntzago. Gazteboxek antolatu du emanaldi hau 20:00etan Kresala aretoan Jazz & Blues freskue! ekimenaren barnean. Soinu atsegin eta dotoreez gozatzeko abagunea izango dugu, euskaraz gainera.. Ez dago mugarik musikak agintzen duenean eta talde hau aukera bikaina izan daiteke gure inguruko euskal taldeek zer nolako kalitatea duten egiaztatzeko. Ausartuko zarete?? Hona hemen haiei buruzko erreportaje txiki bat:

2009/09/18

Matrikulazioa euskaltegietan eta euskara ikasteko diru-laguntzak abian!!



Irailean ohi bezala Santurtziko bi euskaltegiek (Santurtziko AEK eta Santurtziko Udal Euskaltegia) ateak zabalik dituzte jada ikasleen etorrerari harrera egiteko. Udako atsedenaren ostean, jendeak burua edukiz jantzi nahian gure hizkuntza ikasteko asmoa izaten du. Horretarako gainera, bi toki ditugu gure herrian eta matrikulazioaren inguruko xehetasunak telefono hauetan jaso ditzakezue: Udal Euskaltegia (94 461 02 15) eta AEK (94 493 80 71).

Aurten ere berrikuntza garrantzitsu bat dago gure herrian. Izan ere, euskara ikasteko diru-laguntzak indarrean jarri ditu Santurtziko Udalak (euskaltegi homologatuetan ikasi beharra dago, gure kasuan bai AEKn, bai Udal Euskaltegian), eta honen inguruko xehetasunak irakurtzeko hemen klikatu dezakezue.

Animo eta ekin euskarari!! Inork ez dezala esan Santurtzi herria euskararentzat arrotza denik. Ez horixe!! Euskarak apurka-apurka eta urrats sendoz indar handiagoa hartuko baitu!!

2009/09/17

Mamarigako Kultur Etxeko ikastaroak laster abian.

Udak gutxi barru agur esango digun honetan, berotasun apur bat sartuko zaigu gure leihotxoetatik. Aspertzeko betarik gabe, egunerokotasun nekagarriak ezartzen digun erritmoari ateak itxiz, Mamarigako Kultur Etxeak ikastaro sorta ederra atondu digu udazkenerako. Zer eskatu eta hura aurkitu egingo duzue etxe autogestionatu honek eskaintzen digun kultur dinamikan. Izan ere, mota guztietako ikastaroak izango dira: dantzak, pandero, puntu gurutze, erlaxazioa, txalaparta, perkusioa, bertsolaritza, sexualitate tailerra, sukaldaritza, kontserba tailerra, makilaje…

Hauexek dira hasiera batetik aterako direnak, hau da, urritik aurrera martxan hasiko direnak. Gerora ere gehiago egongo dira. Informazio gehiago edo izena eman nahi baduzue idatzi email bat helbide honetara edo deitu telefonoz (94 493 78 60).