2010/01/29

Aintzaldu daigun Agate Deuna...

Otsailaren 4an (osteguna) egun osoan zehar, ohiturari jarraituta, Sestaoko Orfeoia, Gaztetxuak, Salleko, Mendieta, Kumeki, Lopategi, Arriskugarri, Amatza abesbatza eta Eusko Lorak taldeak kalerik kale eta auzorik auzo kantuan ibiliko dira. Animatu eta Agateri abestera hurbildu!

Ikasleentzako zinea euskaraz!

Sestaoko eskoletako ikasleek aukera izango dute euskarazko zinema ikusteko Euskara Sailaren eskutik. Eskoletan bertan eta eskola orduetan. Hauxek dira filmak:

Azti ikaslea otsailak 4 (osteguna): Ongia eta gaizkiaren arteko borroka inoiz baino estuagoa izango da. Ehun urtez behin, Morgana sorgin maltzurra itzultzen da Fingallsen talismana eskuratu nahian, mundua suntsitzeko. Azken 1400 urteetan ez du lortu. Baina oraingoan dena menderatzeko asmoarekin dator.

Winkiren zaldia otsailak 25 (osteguna): Sei urte dituen Winki txikitxoa beste herrialde batera joan da. Toki arrotz honetara heldutakoan hainbat oztopo aurkituko du eta hizkuntza berriak buruhauste franko eragingo dio. Dena den, ez du amore emango. Are gutxiago gabonak hain hurbil egonik... Bizarzuriri zalditxo bat eskatuko dio.

Otsaileko euskararen agenda!

Hemen daukazue otsaileko agenda. Animatu eta ekintzetan hartu parte!

Paperaren artea...

...eta paperarekin artistak! Bai, horixe! Asteartean eta ostegunean, papiroflexia ikastaroan eskulanetan uste baino trebeagoak garela argi eta garbi geratu zitzaigun. Asier maisu bikaina eta profesionala izan zen. Azalpen argiak eman zizkizun eta ez zuen pazientzia galdu, noizean behin izan genuen baldarkeriaren aurrean.

Irudian, papiroflexia ikastaroko partehartzaileak Asierren (erdian) azalpenak entzuten.

Asteartean, 20 lagun elkartu ginen AEK euskaltegian, eta asko izan ziren ostegunean errepikatu zutenak (ostegunean 15 lagun inguru). Hori bai, ostegunean soilik etorri zirenek ikastaroan asteartean parte hartzen hasi ginenon trebezia handiago zela somatu zuten... kar kar!!

Argazki batzuk atera genituen. Asteartean egin genituen arraina eta itsas-zaldia eta osteguneko igela, oiloa eta ahatea ikusi nahi badituzue... hemen klikatu.

ESKERRIK ASKO ASIER!! Zu bai artista trebea!!

2010/01/28

Otsaileko agenda gori-gori dator!!

Ez da izango eskaintza oparoa ez dugulako. Ikusi, irakurri eta hautatu zer egin nahi duzuen astiro-astiro euskaraz bizitzeko!!! Otsailean eta Santurtzin euskaraz!!!

2010/01/27

El Pobaleko burdinolara joango gara!!

Larunbat goizeko berbalagun saltseroek etengabe egiten dizkigute proposamen anitz. Oraingoan txango bat egitea proposatu digute nora eta El Pobaleko Burdinolara (Galdames ondoan). Data otsailaren 6an izango da (larunbata) eta 10:00etan Santurtziko tren geltokian lotuko gara autoz joateko. Txangoak 3 euro balioko du eta joan nahi baduzue izena emateko azken eguna otsailaren 4a izango da (zehaztu autoa ekartzerik duzuen).

El Pobaleko burdinola Euskal Herri osoan da ezaguna orain dela 6 urtetik hona museo onenen artean oso entzutetsua delako. Bertan aspaldiko su errota eta hauspoak zelakoak ziren ikus dezakegu funtzionamenduan jartzen dituztelako larunbatero. Era honetan, orain zenbait mende burdina nola lantzen zuten irudikatuko dugu eszenatoki erreal eta fidagarrienean. Gure erronka talde bat osatzea da (10 lagun baino gehiago) irteera egin ahal izateko. Zer berbalagunok, animatuko zarete?

Berbalagunok xaboi ekologikoa egin genuen.

Aurreko astelehen eta ostiralean Santurtziko berbalagunok Mamarigako Kultur Etxean bildu ginen Xaboi Ekologikoa egiteko tailerra burutzeko. Bertan, zorionez, hamaika gauza ikasi genuen: Gure azalak inguruan dugun guztia xurgatzen duela gogorarazi ziguten EHNEko Txus eta Ana irakasle jatorrek. Ondorioz, guk etxean darabiltzagun xaboiek osagai kimiko edo kaltegarririk (pestizidak, ongarriak..) badute, gure azalak barneratzen du ondorioak pairatuz. Horregatik da inportantea gure ingurugiroa zaintzea, horrek ere gugan isla zuzena baitu, eta alderantziz jakina.

Xaboi ekologikoa egiteko hauexek dira osagaiak: 1,5 litro olio ekologiko, 200 gramo sosa kaustiko, 1.300 gramo ur ekologiko (iturrikoak kloroa du, hau erabili nahi bada lehenago irakin behar da infusio bat balitz bezala) eta guk nahi dugun osagaia kantitate neurritsuan (zitrikoak hidratagarriak dira, fruitu lehorrak esfolianteak, buztin berdea azal koipetsuentzat..).
Ondoren, eskuak eskularru eta begiak betaurrekoekin babesturik ura botako dugu lapiko handi batera. Behin hau egindakoan sosa kaustikoa gehituko diogu urari (inoiz ez aldrebes!!!) eta bi minutuz nahastuko dugu egurrezko koilara handi batekin beti norabide berean eraginez.
Ondo nahastu eta gero, olioa erantsiko dugu eta luzaro nahastu beharko dugu oreak mermelada puntua lortu arte, nahi bada irabiagailu bat erabil daiteke prozesua azkartzeko. Hori lortuta nahi duzun osagaia erantsi ahal diozu. Guk hiru hauek erabili genituen xaboi desberdinak egiteko: kafea, oloa eta kokoa. Behin erantsita berriro nahastu behar da osagai guztiak ondo batu arte.

Koipeztatutako molde batzuetan utziko dugu orea 3 egunez gerora atera eta xaboi pastillak zatitzeko. Hau bukatzen dugunean xaboi pastillak hilabetez gutxienez utzi beharko ditugu erabili gabe. Egunean behin buelta emango diegu behean jarriko diegun kartoira ez itsasteko eta xaboi ekologikoa izango dugu!!!

Berbalagunok hemendik aurrera azal hobe eta osasuntsuagoa izango dugu, ohiko xaboi industrialek dituzten substantzia toxikoak ahaztuta. Gure gorputzak, buruak eta inguruneak eskertuko digute!!! Argazki guztiak ikusteko klikatu hemen.

Uharte Ezezagunaren istorioa

Santurtziko haur eta gurasoak zortekoak dira hil honetan haintzako gauza mordo bat antolatu baitira. Kasu honetan Uharte ezezagunaren istorioa antzezlana eskainiko digute SKAn otsailaren 7an igandea 12:30ean. Markeliñe konpainiaren lan bikain hau honetan datza:
Gizon batek erregearen atea jo eta esan zion: "emaidazu itsaontzi bat". Erregearen etxeak ate asko zituen baina ate hura eskariak egiteko atea zen, eta denbora osoa oparien atearen aurrean igarotzen zuenez, norbaitek eskarien atea jotzen zuen bakoitzean entzungo ez balu bezala egiten zuen…
José Saramagoren ipunean oinarrituta, Uharte ezezagunaren istorioa bi pertsonaiaren arteko adiskidetasun istorioa da, loturak ezartzen dituzten ohiturei, itsasontziei eta askatasunari buruzko istorioa.

Ski edo Snow egin gura al duzu?

Agerian dago orain dela sasoi egokia Neguko kirolak egiteko. Horretaz jakitun izanik Gazteboxeko lagunek oso ideia ona izan dute: Ski eta Snow egiteko txangoa antolatu baitute Valdezcarayn (Errioxa) otsailaren 6 edota 13an. Hortaz, asteburu horietarako planik ez baduzu, ekin kirol apur bat egiteari!!
14-30 urte bitarteko gaztea bazara eta Santurtzin erroldaturik bazaude, txango honen prezioa 27 eurokoa da (material gidaria eta bidaia barne). Gazte txartela aurkeztuz gero, %10eko deskontua egingo dizute. Ez al zara ausartuko? Pentsa ezazu honelako aukera gutxi izango duzula. Izena emateko: 94 483 61 10 edo gib-oij@santurtzi.es.

Barakaldoko berbalagunon lehenengo topaketa... arrakastatsua!!!

Ostiralean (hilaren 22an), San Bizente auzoko jaietan, Sasiburuk antolatutako pintxo dastaketaren aitzakiarekin, Barakaldoko berbalagunon lehenengo topaketa egin genuen!

Barakaldoko Berbalagun ikasturte honetan abiatu da, talde batzuk azaroan elkartzen hasi ziren eta beste batzuk, urtarrilean, Gabonetatik bueltan. Une honetan, 8 talde daude martxan... baina egunotan mintzapraktika egiteko berbatalde gehiago sortuko ditugu: lagun asko daude gure telefonoaren zain (pazientzia izan, beraz)!!!

Herriko berbalagun eta euskaltzalez gain, Portugalete, Santutxu eta Zornotzako berbalagun batzuk eta Sestaoko astearteetako eta ostiraleko berbalagunak ere hurbildu ziren bere auzokideak diren barakaldarrak ezagutzeko asmoarekin.

Topaketan ikaragarri ongi pasatu genuen. Abagune ezinhobea izan genuen beste taldeetako lagunak ezagutzeko, beste herri batzuetakoak... Zenbat lagun elkartu ginen? Kalkulatzea ez da batere erraza... 7o lagun inguru? 80? Hori bai... pintxorik ez zen soberan egon!!

Irudian, Sestaoko astearteetako berbalagunetako batzuk. Argazki gehiago ikusteko hemen klikatu.


ESKERRIK ASKO GUZTIOI!!

2010/01/26

Ikasleentzako zinema euskaraz

Santurtziko ekoletako ikasleek aukera izango dute euskarazko zinema ikusteko Udal Euskara Sailaren eskutik. Goizeko 09:30ean emanaldi hauek izango dituzte ikusgai SKAn. Hauxek dira filmak:

Azti ikaslea otsailak 5 ostirala: Ongia eta gaizkiaren arteko borroka inoiz baino estuagoa izango da. Ehun urtez behin, Morgana sorgin maltzurra itzultzen da Fingallsen talismana eskuratu nahian, mundua suntsitzeko. Azken 1400 urteetan ez du lortu. Baina oraingoan dena menderatzeko asmoarekin dator.

Winkiren zaldia otsailak 23 (asteartea) eta 24 (asteazkena): Sei urte dituen Winki txikitxoa beste herrialde batera joan da. Toki arrotz honetara heldutakoan hainbat oztopo aurkituko du eta hizkuntza berriak buruhauste franko eragingo dio. Dena den, ez du amore emango. Are gutxiago gabonak hain hurbil egonik... Bizarzuriri zalditxo bat eskatuko dio.

Santurtziko liburutegi magikoak.


Oso jende gutxik daki Santurtzin ditugun liburutegiak berezi samarrak direla, nonbait haurrentzako ekintza ugari egiten dira irudimena hedatu eta zabaltzeko, eta hala kasik ohartu gabe Liburutegi Magikoak bihurtu dira. Zergatik diren magikoak jakin nahiko duzue, jakina. Eta azalpena ezin errazagoa da: liburuak edukitzeaz gain istorioak era askotan kontatzen direlako. Honen erakusle dire Udal Liburutegien Sareak otsailerako antolatu dituen ipuin kontalariak. Hona hemen ordutegiak:
*Las Viñasko liburutegian martxoaren 17an (asteazkena) 19:30ean
Abagune paregabea duzue gurasoek umeak hartu eta istorio apartak euskaraz entzuteko. Ia bada, gozatu ezazue denok ekintza hau.

Agate Deuna Santurtzin ere ospatuko dugu



Jai gutxi ospatzen dugu Euskal Kulturan hau bezain errotuta daudenak, horrenbeste jenderen partaidetza bere baitan hartzen dutenak. Agate Deuna hauetako bat dugu, eta hurrengo asteazkenean, otsailak 4, zenbait santzurtziar artzain edota arrantzale jantziak soinean, kalera zuzenduko dira kanta zaharra gure herriko zoko-moko guztietara zabaltzeko asmotan.
Makilak eskuan, txapelak zein zapiak buruan paratuta hotzari aurre egingo diote udaberriaren etorrera urruna goresteko.Auzo guztietan entzungo da Agate Deunari eskaintzen zaion kanta: Kabiezes, Mamariga, Txitxarra.. Berbalagunok nahi izanez gero, bertan parte har dezakegu ohitura zaharrari eutsiz. Hortaz, asteazkenean iluntze partean euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu!!. Gainera letrak eskuratu nahi bazenituzte Udal Euskara Sailak ateratako hainbat eskuorri aurkituko duzue euskaltegiena (Udal Euskaltegia eta AEK).

Berbalagunon inkesten emaitza: Oion saritua!!


Gogoan izango duzuenez, azaroan eta abenduan mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen dutenei inkesta egin genien. Guzti-guztioi zorionak eman nahi dizkizuegu ia 1.800 lagunek erantzun zutelako. Hori egundoko arrakasta da, eta aukera emango digu informazio kalitatezkoa lortzeko. Eskerrik asko denoi, dinamizatzaile, bidelagun zein bidelarioi.

Dakizuenez, inkesta bete zuten guztiek zozketa batean parte hartu zuten, eta horren emaitza jakinaraziko dizuegu jarraian. Saria taldearentzako eta dinamizatzailearentzako izango zela iragarri genuen orduan, eta aukeran izango zenutela afaria edo aste bukaera pasa aterpe edo landetxe batean.

Joan den urtarrilaren 13an, asteartearekin, eguerdiko 12:00etan bildu ginen Eusko Jaurlaritzan, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako teknikariak, AEK-ko ordezkariak, Topaguneko ordezkariak, eta Aztikerreko ikertzaileak. Zozketa egin genuen, eta saria Oioneko inkesta bati, eta ondorioz, bere taldeari egokitu zitzaion. Zorionak hortaz Oionen, ostegunetan, 20:30ean biltzen den taldeari eta bertako dinamizatzaileari.
Gainerakooi eskerrik asko berriz ere zuen laguntzatik eta laster arte

Saria... Oionera doa!

Gogoan izango duzuenez, azaroan eta abenduan mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen dugun guztiok inkesta egin zenuten. Guzti-guztioi zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizuegu ia 1.800 lagunek erantzun zutelako. Hori egundoko arrakasta da AZTIKER enpresarentzat, eta horrela, kalitatezko informazioa lortzeko aukera izango dute mintzapraktika egitasmoen eraginkortasuna baloratzeko. Eskerrik asko zuei, SESTAOKO BERBALAGUN guztioi.

Dakizuenez, inkesta bete genuen guztiok zozketa batean parte hartu genuen. Saria taldearentzako eta dinamizatzailearentzako afaria edo aste bukaera pasa aterpe edo landetxe batean zen, aukeran.

Joan den urtarrilaren 13an, asteartearekin, eguerdiko 12:00etan Eusko Jaurlaritzan, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako teknikariak, AEK-ko ordezkariak, Topaguneko ordezkariak eta Aztikerreko ikertzaileak bildu ziren zozketa egiteko. Bihotzez sentitzen dugu, baina... saria Oioneko inkesta bati, eta ondorioz, bere taldeari egokitu zitzaion. Zorionak hortaz Oionen, ostegunetan, 20:30ean biltzen den taldeari eta bertako dinamizatzaileari! Ea hurrengo batean, sestaoarrok sariaz gozatzeko aukera dugun!  

2010/01/21

Sexualitate tailerrean parte hartzera animatuko zara?

Iazko urteko esperientzia ona ikusita, Mamarigako Kultur Etxeak berriro erabaki du Sexualitate Tailerra antolatzea. Euskaraz hain gutxitan aipatzen dugun sexualitateaz jarduteko aukera aparta izango dugu era guztietako dinamika eta jolasen bitartez. Bertan jorratuko diren gaiak hauexek dira: sexualitatea jendartean, umeen eta nerabeen sexualitatea, sexualitatearen historia...
Tabu larregi dugu gure inguruan eta bada garaia aurreiritzi guztiei astinaldi ederra emateko. Dagoeneko berbalagun batzuek izena eman dute. Zuek ez al zarete ausartuko? Sexualitate arloan betiko eskema zaharkituak indargabetu nahi badituzu, hauxe da zure tailerra. Gogoratu eguna eta ordutegia izena ematen duten guztien artean erabakitzen dela, beraz, interesaturik bazaudete idatzi email bat (mamarigakokultur@yahoo.es), deitu telefonoz (94 493 78 60) edo pasatu Kultur Etxetik.

2010/01/20

Izotz gainean patinatu gura?

Neguarekin batera hotza datorrela sobera jakina da, eta hotzak izotza eragiten duela denok dakigu. Euskal Herrian, toki hotzik badago hori Gasteiz da, eta hiri eder baina jelatu honek ezaugarririk baldin badu izotz pista mundiala da. Hamaika izan dira herri askotatik Gasteizeraino patinatzeko asmotan antolatu diren txangoak. Erorketak, ibilera trakets zein irrigarriak, oreka arazoak... plan ikaragarria!
Oraingoan Gazteboxek ekimena hartu eta Izotz gaineko patinajea egitera animatu gaituzte urtarrilaren 30ean larunbata. 14-30 urte bitarteko gaztea bazara eta Santurtzin erroldaturik bazaude, txango honen prezioa 5 eurokoa da (material eta bidaia barne). Gazte txartela aurkeztuz gero, %10eko deskontua egingo dizute. Ez al zara ausartuko? Pentsa ezazu honelako aukera gutxi izango duzula. Izena emateko: 94 483 61 10 edo gib-oij@santurtzi.es.

2010/01/15

Papiroflexia ikastaroan hartu parte!!!

Abenduan esan genizuen bezala, urtarrilean Asier berbalagunari esker, papiroflexia ikastaroa antolatu dugu.

Kartelan ikus dezakezuenez, urtarrilaren 26 eta 28an izango da (astearte eta osteguna) arratsaldeko 7etan, Sestaoko AEK euskaltegian. Egun bakarrean soilik parte hartzea posiblea da, baina izena ematerakoan zehaztu, guk kalkula ahal izateko zenbat lagun egongo garen egun bakoitzean

Izena emateko, dagoeneko jakingo duzue zer egin behar den, ezta? AEK-tik pasatu, telefonoz deitu (94 496 09 00) ala e-posta bidali. Mesedez, posta elektronikoa bidaltzekotan dinamizatzaileon lana errazteko zuen mezuetan zuen izen-abizenak aipatzeaz gain, Sestaokoak zaretela zehaztu. Berbalagun asko zarete, Sestaon, Santurtzin.. eta orain Barakaldon ere!!! Eskerrik asko!!!

Umeekin etor zaitezkete, beraz, aitzakiarik ez daukazue, e!!?? Gainera, Asier artista bat da paperarekin eta oso gauza ederrak (eta errezak!!!) egiten irakatsiko digu. Animatu eta egizu euskarazpapiroflexia ikastaroan ere!!!

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 24a da!

Barakaldoko berbalagunek lehenengo urratsak eman ditu

Kaixo berbalagunok!

Poliki, baina atsedenik gabe, Ezkerraldeko berbalagun egitasmoa aurrera doa. Sestaon hasi ginen duela 4 urte proiektua martxan jartzen, iaz Santurtzin abiatu zen eta aurten, euskara praktikatzea ahalbidetzen duen programa hau Barakaldora iritsi da. Gauzak horrela, guztion ilusio eta lanarekin Ezkerraldea euskalduntzea lortuko dugu!!!

Barakaldon dagoeneko talde batzuk sortu dira (hasieran baino ez gaudenez, gehiago sortuko direla ziur dugu!) eta laster barru, barakaldarrek ere euren bloga izango dute. Jakina, Sestaon bezala, Barakaldon ere, aurkezpen ofiziala egingo dugu... baina, aurretik, Barakaldoko berbalagunek euren lehenengo topaketa urtarrilaren 22an (ostirala) egingo dute. Sestaoko eta Santurtziko berbalagunak (eta beste herrietakoak ere!) gonbidatuta zaudete.

Egun horretan, Sasiburu euskara elkarteak pintxo dastaketa antolatu du. Aitzakia ezin ederra guk, berbalagunok, topaketa egiteko eta Barakaldoko berbalagunak ezagutzeko, ezta? Gainera, San Bizenteko jaiak direnez, bertso-poteoa egongo da eta bertsolariek auzoa alaituko dute. Giro ezinhobea egongo da!

Pintxo dastaketan arratsaldeko 8etan hasiko da, baina gu 19:30ean LORATEGI tabernan (San Bizenteko parkearen ondoan) geratuko gara, elkarrekin joateko. Lekua non dagoen ez jakitekotan, edo etortzeko asmoa izatekoan, harremanetan jarri dinamizatzailearekin, mesedez.

Bestalde, jakin dezazuen, egun horretan ere, HASI bertso eskolak antolatuta, 22:00etan, GETARIA jatetxean, bertso afaria egongo da, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendirekin. Afariak 20 euro balio du eta zuen kabuz joatea erabakitzen baduzue txartelak Barakaldoko AEKn erosi behar dituzue.

Gogoratu, Barakaldoko berbalagunen plana:
Sasiburuk antolatutako pintxo dastaketara joango gara.
Urtarrilaren 22an, ostirala, 19:30ean.
Lorategi tabernan (San Bizenteko parkean).

Animatu.... pintxo-zale, poteozale, parrandazale, euskaltzale... zareten berbalagun horiek!!! Etorri Barakaldora, bertako euskaldun eta berbalagunak ezagutzera!!! Gora Ezkerralde euskalduna!!

2010/01/14

Mendilaguna berehala abian!

Urtarrilaren 31n, Ezkerraldeko mendi taldea martxan jarriko da. Egun horretarako mendilagunek Eretza mendirako txango aparta programatu dute. Goizean goiz jaiki, arropa egokia, jana eta edana hartu eta gure mendizaletasunari bultzada ederra emango diogu.

Orain urte batzuk ezinezkoa irudituko zitzaigun Ezkerraldean honelako talde bat agertuko zela, baina kirolzale gogo honi esker inguruko mendiak euskaraz zipriztinduko ditugu giro ezin hobean.

Dagoeneko, 17 dira hilero mendira joango diren lagunak, eta denak euskaraz!!!Zer zu oraingoz mendilaguna izatea pentsatzen zabiltza? Zeren zain zaude?? Mendia ere euskaraz maitatu!!!

Mendilagunen edota berbalagunen parte hartu nahi baduzu, badakizu, harremanetan jarri gurekin!!

2010/01/13

Ipuin kontalaria izateko ikastaroa!!!

Argi dago ipuinak entzun bitartean ikaragarri gozatzen dugula. Izan ere, ohartu orduko gure irudimena hegan hasten da ezinezko toki eta istorioak irudikatuz: mundu zoragarriak, pertsonaia xelebreak, zer pentsatu emango diguten ikasbideak… Baina seguruenik, are gozagarriagoa izan behar du ipuinak zuk zeuk kontatzeak, eta Mamarigako Kultur Etxeak autogestioaren bidez antolatu duen ikastaroari esker ipuin kontalari bihur zaitezke.

Tailer liluragarri hau urtarrilaren 29an hasiko da eta ostiralero burutuko da 18:00etatik 20:00etara. Lau saioko tailerra denez (urtarrilak 29, otsailak 5, 12 eta 19) izena eman behar da Kultur Etxean bertan edota email bat idatziz: mamarigakokultur@yahoo.es. Hortaz, Ipuin Kontalaria izateko ikastaroan izena eman nahi baduzu, animatu eta ekin ipuinak sortzeari. Zure ingurukoek eskertuko dizute!!!

Mendilaguna berehala abian!!!

Ezkerraldeko mendi taldea martxan jarriko da hurrengo urtarrilaren 31n. Egun horretarako mendilagunek Eretza mendirako txango aparta programatu dute. Goizean goiz jaiki, arropa egokia, jana eta edana hartu eta gure mendizaletasunari bultzada ederra emango diogu.
Dagoeneko, 17 dira hilero mendira joango diren lagunak, eta denak euskaraz!!!

Orain urte batzuk ezinezkoa irudituko zitzaigun Ezkerraldean honelako talde bat agertuko zela, baina kirolzale gogo honi esker inguruko mendiak euskaraz zipriztinduko ditugu giro ezin hobean. Zer zu oraingoz mendilaguna izatea pentsatzen zabiltza? Zeren zain zaude?? Mendia ere euskaraz maitatu!!!

Xaboi ekologikoa egiteko tailerra

Berbalagunok ipurterre samarrak garela ezin uka. Beti ibiltzen gora eta behera bazter guztiak nahasten: mendian, poteoan, bertsotan, yogan… Eta oraingoan tailer eder bat antolatu dugu: Xaboi Ekologikoa egiteko tailerra. Urtarrilaren 22 eta 25ean 18:30etik aurrera Kultur Etxean gure arbasoek egin bezala xaboia ekoizten hasiko gara taldeka, lasai eta alai. EHNE sindikatuak aukera paregabe hau eskaini digu eta guk ezin izan diogu tentazioari eutsi!!

Hortaz, gai ekologikoak erabiliz gure eskuek lanari ekingo diote. Batek daki!! Krisi garai honetan dirua aurrezteko modu bat izan daiteke, eta begi-bistakoa denez, beti da aberasgarria gauza berriak ikastea. Areago, eskuekin eginez gero!!! Gehienez 15 partaide egon daitezke eta izena emateko (email bat bidaliz edo AEKtik pasatuz) azken eguna urtarrilaren 21a izango da. Kontuan hartu bi saioetara joan behar dela.

Olentzerori gutunen sariketa.


Azkenik eta Olentzerori hainbeste eskutitz idatzi ostean, lehiaketa honetako irabazleak zein diren jakiteko tenorea heldu zaigu. Ume, nerabe, gazte eta helduek hartu zuten parte ekimen interesgarri honetan, eta ezagun denez, barruko jakin-mina aseko duen ebazpena urtarrilaren 20an asteazkena 18:00etan Kresalan entzungo dute. Bertan esango dute maila bakoitzeko irabazleak nortzuk diren, honela, egindako lan bikainari esker ona adieraziko diote. Era guztietako eskaerak egin zizkioten Olentzerori, eta partaideen maila paregabea ikusita, badirudi idazle finak ditugula herrian.

Esandakoaz gain, ipuin kontalariak ere egongo dira emankizun girotu nahiz alaitzeko. Hortaz, egun honetarako planik ez baduzu, Udal Euskara Sailak antolaturiko emankizun honetara joan zaitezke

2010/01/07

Bueltan gaude!!!

Urtarrileko aldapa gogorra dela behin eta berriro entzun dugu egun hauetan. Baina, berbalagunok atsedena hartu eta gero, pilak behar bezala dauzkagu kargatuta eta ez gara inolako maldaren beldur!

Abenduan aurreratu genizuenez, hilabete hau ez dator ekintzez gainezka, bakarra (baina mundiala izango dena!) baitago: Papiroflexia ikastaro interesgarria, Asier berbalagun eta artistaren eskutik. Hori URTARRILAren 26, 27 eta 28an izango da eta laster barru, informazioa jasoko duzue, ohi bezala.

Bitartean, Barakaldotik beste plan bat datorkigu. Hizkuntza Eskolan Antton Irusta ipuin kontalaria egongo da URTARRILAren 12an (asteartea) 18:30ean. Sestaorrak, animatu eta hurbildu Barakaldora!!!

AEK eta UPV-EHUren arteko hitzarmena

AEKren mintzapraktika egitasmoetan (berbalagun, mintzalagun...) parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aukera askeko kredituak eskuratu ahal izango dituzte. Adostutakoa honakoa da:

* Unibertsitateko ikasleen zeregina: mintzapraktika egitasmoan dauden euskaldun berriekin astean ordu batez elkartzea eta euskara ikasleak ikas-prozesua amaitzen laguntzea. Egitasmo hauek mintzataldeetan antolatzen da, unibertsitateko ikasleak bertan integratuko lirateke eta laguntzaile papera beteko lukete. Orotara 45 ordu, hau da, 3 kreditu

* Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartzen duten ikasleei euren espediente akademikoko aukera askeko kredituak lortzeko aukera emango lizkieke.

* AEKren Praktika Zerbitzua berriz, ikasle horien jarraipena eta ebaluazio txostena egiteaz arduratuko litzateke.

Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, bete fitxa hau eta zurekin jarriko gara harremanetan.