2010/02/26

AEK-ko ikasleen afarira etorri!

Hurrengo ostiralean, martxoaren 5ean, AEK-ko zenbait ikasle eta irakaslek afaria egitea erabaki dute. Animatzen bazarete, AEK-tik pasatu behar zarete izena emateko, asteazkena baino lehen!

Momentuz ez dute taberna erabaki, baina, ziurrenik ARGIA edo ONGI ETORRIn izango da. Animatu eta etorri gurekin afaltzera!

2010/02/24

Martxoan ere euskaraz!!!

Ei euskaltzale!! Adi zenbat gauza egin dezakezun Santurtzin euskaraz. Ez galdu aukera eta saiatu zure ingurua euskaraz zipriztintzen. Ibili, hitz egin, maitatu eta parte hartu gure hizkuntzan. Ikusi agenda

Ixone berbalaguna otsaileko euskara izpia.

Negua laster bukatuko zaigu eta otsailaren bukaerak berotasun apur bat ekarri digun bezala, euskararen leihotik euskara izpi berria sartu zaigu: Ixone berbalaguna. Bere bideoan gauza polit asko entzun ditzakegu eta itzela da Ixonek euskarari dion miresmen eta maitasuna. Honela astiro baina kementsu gure Santurtzi erdalduna euskaldunduko dugu!!! Ikusi eta gozatu.

Martxoko euskararen agenda

Laster barru hasiko den hilatebean ekintza batzuk egingo dira euskaraz. Badakizue... orain parte hartu!! Hurrengo astean informazioa zehaztuko dugu, ohi bezala... bloga eta e-posten bidez.

2010/02/23

Paint Ball egin gura?


30 urtetik beherako gaztea izanez gero, Gazteboxek ekintza izugarria eskainiko dizu apirilaren 10 eta 11n Las Viñas ikastetxean. Izan ere, bi egun hauetan Paint Ball ekimen interesgarrian jardun ahalko duzu. Hori bai, horretarako izena eman behar da martxoaren 8tik apirilaren 5era arte Gazteboxen bertan. Bizkor ibili plazak mugatuak baitira, hortaz, lozorroan geratu aurretik anima zaitez eta ekin gorputza astintzeari..

Sekula Paint Ballen aritu ez bazara, ez galdu aukera paregabe hau. Zeren eta barre algaraka ibiltzeaz gain, kirol nahikotxo egingo baituzu. Honez gain, beti izango da aberasgarria gauza berri bat egitea, baita astean zehar pilatzen dugun estres guztia kanporatzea ere!! Bestetik, kontuan hartu euskaldun nahikotxo animatzen badira, tankera honetako ekimenak euskaraz egitea ohikoagoa izango dela.

Hezkuntza deialdiaren aurkezpena: hitzaldi interesgarria.



Harritzekoak dira gero euskararen inguruan entzun ditugun gehiegikeria zein zentzugabekeriak… Areago aintzat hartuz gero, oraindik ere zenbat oztopo daukagun gure hizkuntzan bizi eta aritzeko, edota erdaraz lasai asko egin dezakegun edozein ekintza euskaraz burutzeko.
Horregatik ulergaitza da entzutea euskarak gaztelania baztertzen duela, edo D eredua (gaur egun euskararen ezagutza bermatzen duen hizkuntza eredu bakarra) derrigorrean ezarri nahi dela, astakeria handiagorik!!!… Euskara gure hizkuntza den heinean, denok dugu berau ezagutu eta jakiteko eskubide zein beharra. Eta honen harira, hezkuntza ezinbesteko tresna da gure euskarak (Unescoren arabera egun ere desagartzeko arriskuan dagoena) bizirik iraungo badu.
Norabide honetan egindako ahaleginak ugariak dira, eta oraingo honetan Zaldiko Maldiko (Euskal Herriak Bere Eskola) elkarteak hitzaldi interesgarria antolatu du martxoaren 2an (asteartea) 18:30ean Santurtziko AEKn: Hezkuntza deialdiaren aurkezpena. Etorri eta jarri zure aletxoa euskararen alde!!!

Sestaoko berbalagunok AIZU! aldizkarian


Otsaileko alean, AIZU! aldizkariak Sestaoko berbalagunok antolatzen gabiltzan ikastaroen berri eman du. Eskerrik asko AIZU!ko kazetariei beste hedabideek ukatu ohi diguten espazioa eskaintzeagatik!

2010/02/16

El Pobal burdinola: argazkiak eta kronika.

Berandutxo bada ere, azkenik ikusgai izango dituzue El Pobal burdinolara joandako 13 berbalagunek atera zituzten argazkiak. Pasa den otsailaren 6an larunbateko berbalagunek itzelezko txangoa antolatzeaz gain, gainontzeko berbalagunokin ere partekatu gura izan zuten. Emaitza argi dagoenez, ezin hobea izan zen: goiz paregabea igaro, antzinako burdinola zertan zen ikusi, gure arbasoen usadio zaharrak miretsi eta euskaraz ondo pasa!!!
Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina Galdames aldean dauden ikuspegiak eder samarrak dira euri apur batek izorratzeko. Honela esan digute bederen berbalagunek, sortu eta sortu ari dira dinamizatzailearen zain egon gabe. Hori da ganora hori!! Euskaraz mintzatzeaz ez ezik, sortzaileak ere bazarete berbalagunak, eta zalantza barik, hauxe da bide zuzena. Argazkiek honela baieztatu digute. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean.

Berbalagunak ipuin kontalariak izateko bidean!!!


Urtarrilaren bukaera aldean 12 lagun bildu ziren Mamarigako Kultur Etxean ipuin kontaketa tailerrean buru-belarri aritzeko. Bertan, era guztietako bizipenak izan dituzte: barreak, une gozoak eta zirraragarriak, antzezpen saioak, zentzumenak garatzeko teknikak, mozorroak…. Guztia euskaraz!!! Berbalagunek ere parte hartu dute tailer zoragarri honetan, eta etxe autogestionatu honen lanari esker ametsetako ipuinak zelan konta daitezkeen ikasi dute. Gainera, Alaitz irakaslea pazientzia handikoa izateak izugarri erraztu du bidea, eta 12 pertsona hauek ekimen hau euskaraz burutu dute, hots, orain arte gaztelaniaz soilik egiten zutena gure hizkuntzan egiteari ekin diote.

Benetan miresgarria, areago istorio sinestezinak kontatzeko gai baldin badira. Une honetan berbalagunon artean ipuin kontalari berriak ditugu, beharbada gure taldea ipuin xarmant bat kontatuz alaituko digute, eta urruneko kondaira ezezagunak geurera gerturatuko. Errealitate gordina gozotzeko tenorea izan daiteke ezta? Gora bihotzak! Ikastaroko argazkiak ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.

2010/02/12

Axeri Boda dantzaldia SKAn.


Euskal dantzak gogoko badituzue, aukera aparta duzue SKAn otsailaren 19an ostirala 20:30ean. Izan ere, Axeri Boda ikuskizunak aho bete hortz utziko baikaitu hara joango garenok. Saulnerria 10 eurokoa izango da.

Ikuskizunak euskal dantza tradizionalak ditu oinarri. Ia 40 lagunek hartuko dute parte. Izan ere, lana, Donostiako dantza-taldeaz gain, Elgoibarreko Haritz, Eibarreko Kezka eta Iruñeko Duguna dantzataldeetako kideek ere eszenaratuko dute.
Euskal kondaira zahar batek dio, eguzkiak eta euriak bat egin eta ortzadarrak zerua hartzen duenean, axeriek beren ezteiak ospatzen dituztela. Japonian ere bada kondaira berbera. Herri-sineskizun hori abiapuntu hartuta, lan ikusgarria egin du Argia taldeak.

2010/02/11

Badatoz inauteriak!

Inauteriak... edo inauteak, aratusteak, karnabalak!!! Izen bat baino gehiago armairutik mozorro bat ateratzeko aitzakia bilatzeko eta geure burua mozorroz janzteko garai hau identifikatzeko. Sestaoko inauteriak otsailaren 19tik 22ra izango dira. Beraz, berbalagunok, egun zoro hauek ere aprobetxatu euskaraz egiteko!!! Oso ongi pasa inauterietan!!!



Miel Otxin eta txatxoa, euskal inauterietako pertsonaia famatuak

Berbalagunok barrearen barrez

Zerk sortzen digu barrea? Txiste edo txantxa umoretsu bat entzuteak, albokoak estropezu egiteak, norbera agerian gelditzeak, kilimak jasotzeak...

Gauza askok eragiten digute barrea. Baina, atzo, barreterapia ikastaroan elkartu ginen 25 lagunok ez genuen halakorik behar izan. Ainara ostiral gaueko berbalagunak ekarritako ariketa eta jolasekin nahikoa izan genuen. Ez zinetenok tailerrean egon, argazkiak ikusteko aukera daukazue, galdu zenutena ikus dezazuen... kar, kar!!

Aurten ere, ikastaroa oso arrakastatsua izan da. Gainera, barre egiteko jolas berriak ikasi ditugu Ainarari esker. Eta berari esker ere, guzti-guztiok irribarre handi batez joan ginen etxera. Esan beharra dago, gutako asko eta asko goizean irribarre bihurri batekin joan garela lanera, euskaltegira, kalera...


Irudian, berbalagunak barrezka, Ainararen (erdian, puxiken aurrean) azalpenak entzuten.

Eskerrik asko, Ainara, estresa ahazten eta barre egiten laguntzeagatik!

2010/02/09

Herri Inauteriak hitzaldi eta diaporama.


Inauteriak, aratusteak, karnabalak, udaberri jaiak… Izen asko du otsailean ospatu ohi dugun jai honek era desberdin askotan ospatzen delako. Gure Euskal Herri txiki hau zinez da aberatsa usadio eta ospakizun kontuetan. Zenbat herri hainbat jai!! Eta inauteri garaian ez dugu izaten aspertzeko astirik inguruko herrietan zer egin badugulako. Ziur aski, denok entzun dugu zerbait Lantz, Ituren, Mundaka edota Tolosako inauteriei buruz… Hauexek festa entzutetsuak baitira geurean, baina ba al dakizue Arabako Azparrena udalerriko Ilegan Kultur Elkartea bere inguruko inauteri festak berreskuratzeko lanetan dabilela?
Izan ere, Ilarduia, Egino eta Andoin herrietan aratuste ikusgarriak egiten dira, beste edonongoak bezain interesgarriak gainera. Jai hauetaz gehiago jakin nahi baduzue Udal Euskara Sailak Herri Inauteriak hitzaldi eta diaporama antolatu du otsailaren 17an asteazkena Kresala aretoan 20:00etan. Euskal Herriko ohiturak zertan diren jakin nahi baduzue aukera paregabea dago egun honetan!!!

2010/02/02

"Kubako emakumeak, iraultza bat beste baten barruan" erakusketa


Mamarigako Kultur Etxetik beste proposamen interesgarri bat heldu berri zaigu. Otsailaren 9tik 22ra bitartean 18:00etatik 21:00etara etxe autogestionatu honetan oso erakusketa erakargarria antolatu dute Euskadi-Kuba elkartearekin elkarlanean: Kubako emakumeak, iraultza bat beste baten barruan. Bertan Kubako iraultzaren inguruko xehetasun eta bitxikeriak aurkituko dituzue, baina beti ere, ahaztu samar egon den ikuspuntu batetik abiatuta, emakumeena alegia.

Era honetan, argazkiz beteriko panel hauetan Kubako iraultzan erabakigarriak izan ziren zenbait emakumeren istorioen berri izango duzue. Duintasunez beteriko lekukotasunak ziur aski, kontakizun amultsu eta leunak, baina aldi berean tinko eta kementsuak. Ondorengo asteetan arratsaldez planik ez baduzue, badakizue nora joan zaitezketen!!!

Txotx berbalagunok sagardotegira!!!


Azkenik ailegatu da berbalagun eta euskaltzale guztiok itxaroten ari ginen unea... Otsailean sartu eta sagardotegi usaina inguruan igartzen hasita gaude. Ohi bezala menu ederra dugu esperoan: bakailo tortila, bakailoa piperrekin, txuletoia, gazta, irasagarra, intxaurrak, teilak... eta nola ez sagardoa!

Mingaina giro jator eta euskaldunean askatu gura baduzu, AEK-k Sagardotegia antolatu du urtero bezala. Hernaniko Larre Gain sagardotegi ezin hobera abiatuko gara otsailaren 27an (larunbata) 17:30ean Santurtziko Parkeko arkupeetatik. Lehenik Astigarragatik osteratxo bat eman, eta afalorduan menu itzela izango dugu. Denak 37 euro balio du eta apuntatzeko azken eguna otsailaren 24a izango da. Izena emateko bidali email bat, pasatu AEKtik edo deitu telefono honetara: 94 493 80 71

Benito Lertxundiren kontzertua SKAn.


Gutxitan izango dugu Benito Lertxundi bezalako bakarlaririk ikusteko abagune ederra. Euskal kantagintzan aitzindaria izan zen kantari honek urteen joanarekin batera hobera egiten duela dirudi. Eta orain gainera Santurtzira etorriko zaigu bere doinu miresgarriak eskaintzeko asmotan, zenbait abesti entzuteaz bat bati baino gehiagori oilo-ipurdia jarriko zaio!!! Horretan zalantzarik ez. Otsailaren 12an ostirala 20:30ean bere kontzertua entzungo dugu 12 euro ordainduta SKAn.

Jon Arretxeren hitzaldia


Otsailaren 11n, ostegunarekin, Jon Arretxe idazle eta bidaiari basauritarrak hitzaldi bi emango ditu Udal Euskaltegian, goizeko 9:30ean eta arratsaldeko 4:30ean.

Bere azken eleberri eta bidaiaz mintzatuko da Arretxe. Animatu eta hurbildu lagun honen abenturak entzutera!

2010/02/01

Kar, kar, kar...

Adi! Otsailaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldeko 7:30ean, Berbalagunek antolatuta, barreterapia ikastaroa dago. Iaz izandako arrakasta ikusita, Ainara ostiral gaueko berbalagunak berriro emango du tailerra (antzekoa izango da, baina, ez berdin-berdina!).

Izena emateko azken eguna otsailaren 8a da (telefonoz -94 496 09 00-, e-postaz, edo AEKtik pasa!). Animatu eta euskaraz barre egin!! kar kar...!!!