2010/04/29

Herri Urratsera goaz!

Maiatzaren 9an, Gaztelekuko lagunei esker, Herri Urratsera joango gara. Ohi bezala, parraldeko ikastolen aldeko jaia Senpere lakuaren inguruan antolatu dute. Bertara joateko goizeko 8etan geratuko gara eta itzulera iluntzeko 8etan izango da.

Autobusak 10 euro balio du eta bakoitzak bere bazkaria eraman behar du.
Izena emateko Gaztelekutik pasa edo telefonoz deitu!

Maiatzeko euskararen agenda

Hona hemen laster barru izango ditugun ekintzak:

Irakurri eta hartu parte!

2010/04/27

Mendilagunak Altipitatx mendira abiatuko dira!

Mendilagunen hurrengo txangoa maiatzaren 9an izango da (igandea), eta aditu askoren arabera Bizkaiko mendi erakagarrienetako bati ekingo diote datorren irteeran: Altipitatx mendia hain zuzen ere. Orozkotik gertu kokatuta dagoen gain honek eskaintzen dizkigun ikuspegiak izateaz gain, naturarekin jarriko gaitu harremanetan Arratia haran ederrean murgilduko baikara.
Oraindik mendilagun ekimena martxan ote zebilen ez bazenekien, hauxe da zure parada Euskal Herriko txoko miresgarrienak euskaraz ezagutzeko. Txangora etorri edo mendilaguna izan nahi baduzu bidaliguzu email bat.

Barriola San Adriango azeria filma.

Guraso eta haurrentzako ekintza interesgarria aukeztu digu Udal Liburutegien Sareak: Barriola San Adriango azeria filma eskainiko digute maiatzaren 7an (ostirala) 18:00etan Las Viñas liburutegian. Nazioartean zeresan ugari lortu zuen pelikula honek umeak txundituko ditu. Hona hemen sinopsia:
Hodeitik erorita bihurtu zen azeria azeri, alegia maltzur. Geroztik, oiloari muzin egin gabe, putrea noiz lumatuko bizi da: ikazkinaz bezalaxe. Zertarako hainbeste neke egurketan, mendiko bidean hainbeste inozo dabilela, eta batzuetan diruz betetakoak? Batzuetan gizon, bestetan azeri; aldian ikazkin, aldian lapur.. horrelaxe bizi dira Aizkorriko ikazkinak, Barriola buru, azeri galanta.

Film laburren VII. emanaldia.

Urtero bezala Bai Esan euskara elkarteak Euskal Herriko zinema hurbilduko digu gure zentzumenen gozamenerako. Aurtengoa film laburren VII. edizioa izango da jada, eta datorren asteko asteko ostegunean, maiatzak 6, 20:00etan Kresalan laburmetraia hauek guztiak ikusgai izango ditugu:
Amona putz ( 9´04").Telmo Esnal.
Ahate pasa ( 12´ 58"). Koldo Almandoz.
Nora zoaz? ( 4´02" ). Josu Bergara.
Zorion hutsa ( 12´56") Janire Fernandez.
Esaiok ( 7´39"). Jon Murray
Clark eta Boris ( 11´30"). Iñigo Garcia.
Odisea Etxaldean ( 4´30" ). Urko Mauduit
Neguko hitzak ( 3´15"). Blackandeker films (KAMERATOIA 2009)
Nireak dira ( 2´04"). Epalzaren alargunak (KAMERATOIA 2009)
Aukera zinez paregabea Euskal Herriko zuzendari gazteek egiten duten zinema zelakoa den ikusteko. Bertan ikusiko dugu elkar!!!

2010/04/26

Maiatzeko agenda oparo baino oparoagoa!

Hona hemen maiatzerako euskaldunok izango duguna. Ikusi ahal duzuenez, denetarik aurki dezakezue: tailerrak, jaiak, hitzaldiak, musika, bertsoak... Hautatu zure gogokoa eta heldu euskarari!

Euskal astea Barakaldon

Hona hemen Barakaldoko Bagatza auzoko euskal astea. Animatu eta hartu parte!

2010/04/23

Mugaldekoak telesaiaren aurrerapena Santurtzin

Udal Euskaltegiaren ekimenez, euskarazko zinemak bultzada txiki bat jasoko du Mugaldekoak EITBko telesaioaren aurrerapena izango baitugu Kresalan apirilaren 29an (osteguna) 20:00etan ,eta apirilaren 30ean (ostirala) 08:00etan, 10:00etan, 16:00etan eta 18:00etan. Aukeratu zure ordutegia eta ekin euskarari. Hona hemen zertan den:
Pelikula eta telesailaren ardatz nagusietako bat gai historikoa da: Comette Sarea: Bigarren Mundu Gerran Europako lerroetan jausten ziren hegazkin gidari ingelesak, euskaldun mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sarea.
Horrekin batera, eta beti ere gerra osteko giro honetan, herrixka bateko familia baten eta bertako herritarren istorioak ezagutuko ditugu; maitasuna, gorrotoa, traizioa, leialtasuna, sekretuak, gezurrak, aitormenak eta aurkikuntzak izango dira istorio eta trama ezberdinen osagaiak. Abenturak eta intrigak ere garrantzia izango dute telesailean.

2010/04/22

Irakurri, gozatu eta oparitu. Irakurle kanpaina abian!!


Bai Esan euskara elkarteak beste ekimen interesgarri bat jarri du abian: Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Honela laburbilduta dago zertan den. Informazio guztia Bai esanen blogean
Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoak irakurtzeko gogoa kutsatu nahi du, eta poza, eta ahal dela penak arindu eta inurriak zabaldu. Hainbat irakurtzaleren artean ehun liburuko zerrenda lagungarria osatu dugu, baina apirilaren 23tik uztailaren 24a bitartean, liburutegi osoa izango duzu eskura: zuk euskarazko liburu bat hautatu, irakurri, fitxa batean sentitu dituzun elefante, zaldi eta inurrien berri laburra eman, eta euskarazko beste edozein liburu %25 merkeago erosi ahal izango duzu zure herriko liburu dendan, Pagazaurtundua kaleko Temas-en, zuretzat edo beste norbaiti opari egiteko. Baina adi! BAI ESAN euskara elkarteko bazkide izanez gero, beste %25eko deskontua izango duzu liburua eskuratzeko, % 50 guztira, prezio erdian, alegia.
Bai Esan elkarteko bazkidea izan nahi baduzu, harremanetan jar zaitezke honako helbidean: baiesan@kaixo.com; edo bestela, Kultura Sailean, AEKn, Udal Euskaltegian, Mamarigako Kultur Etxean edo liburutegian bertan, bazkide-orria eskatu eta bete, eurek helaraziko digute eta. Ongi etorria izango zara eta bestelako abantailak ere izango dituzu TOPAKIDE txartelari esker.

Kultur eguna Kultur Etxearen XX. urteurrenean!!

20 urte bete dira jada Mamarigak bere Kultur Etxe autogestionatua sortu zuenetik, 20 urte amets, bizipen eta batez ere ekintzaz beteak. Hau dela eta, urtebetetze samur eta bihozbera hau ospatzeko Kultur Etxeko jendeak Kultur Eguna berezia antolatu du maiatzaren 29rako (larunbata). Egun honetan kulturkideek etxearen barruan egiten dena kalera aterako dute Mamariga auzoari merezi duen jaia emate aldera. Hona hemen egitaraua:

*12:30ean Ikastaroen emanaldiak auzoan zehar: Perkusioa, Malabareak, Txalaparta, Puntu gurutzekoen lanen erakusketak…
*13:30ean Triki poteoa Pandero ikastaroko jendeari esker Kultur Etxetik abiatuta
*14:30ean Zikiro Herri Bazkaria frontoian. Azkar ibili txartelak erosteko laster agortzen dira eta. Joan nahi izanez gero idatzi email bat Kultur Etxeari, telefonoz deitu (94 493 78 60) edo bertatik pasatu (Nafarroa auzunea z.g.)
*17:00etan Cotton Club dixie taldearen kalejira auzotik
*21:00etan kontzertu mundialak talde hauekin: Norte Apache rap taldea, Sexty Sexers talde rockeroa eta Hora Zulurekin frontoiko plazan
Esan bezala etxe barruan egiten dena kalera aterako da!! Ahh eta gogoratu bazkarira joan nahi izanez gero, azkar ibili behar duzuela. Ostiral honetan apirilak 23, salgai jarriko dira txartelak (Luna, Astrid, Herriko, Taxka, Armintza eta Kultur Etxean).

2010/04/21

Euskaraz bizi eguna! Etxarri-Aranatzen

Urtero bezala Euskal Herrian Euskaraz elkarteak euskaraz bizitzea zein zaila den gogorarazten digu Euskaraz bizi egunaren bidez. Aurtengoa Etxarri Aranatzen izango da maiatzaren 2an igandea eta nahiko kutsu berezia izango du EHEren 30. urteurrena izango baita. Hona hemen egitaraua:
*13:00etan Euskal Herrian Euskaraz Bizi!!! Euskal Herri euskalduna eraiki! lelopean abiatuko den manifestazioa eta horren osteko ekitaldi nagusia EHEren 30. urteurrena gaineratuz.

*14:30ean 500 pertsonentzako herri bazkaria eta segidan kantaldia digestio lana errazteko.

*Bazkalostean haurrentzako jolasak eta Pantxika eta Txinparta pailazoen jardun alaiaz gozatzeko aukera izango dute txikienek

*17,30etan aldiz, dantzarako gogoa duenak gorputza astintzeko aukera paregabea izango du AIKO taldearen erromerian. Bestelako soinuak nahiago dituenak ere kontzertuak izango ditu gaztetxean, EGURRE eta Sakanako beste talde baten eskutik.

Jaialdi txundigarri honetara joan nahi baduzue, Portuko herriko tabernan autobuserako zerrendan izena eman dezakezue (10:00etan irtengo da).

Pozalaguako Kobazuloa eta euskara

Martxo aldera Santurtziko berbalagun batzuek txango ezin hobea burutzea proposatu ziguten gainerako berbalagunoi: Karrantza haraneko Pozalakuako koba eta El Karpin parkea bisitatzea. Benetan ideia zoragarria iruditu zitzaigun, eta honela izanik txangoaren nondik norakoak zehazteari ekin zioten ilusio handiz. Hasieratik ostera, oztopoak aurkitzen hasi ginen. Izan ere, Pozalagua larunbat batean (apirilaren 17an hain zuzen ere) ikusi nahi izanez gero, gutxienez 20 pertsonako taldea osatu behar omen genuen bisitaldia euskaraz izan zedin. Bitxia iruditu zitzaigun arren gaztelaniaz ez baitago inolako eskakizunik ezta gutxieneko talderik ere, baiezkoa eman eta berba taldeetan informazioa zabaldu genuen jendea parte hartzera animatuz. Emaitza egundokoa: 33 lagun bildu ginen! (azkenean 37)

Datu hori eskuan Pozalaguakoa lotzeaz kargutu zen berbalagunak turismo bulegora hots egin zuen honen berri emateko asmoz. Zur eta lur entzun zituen kobako kudeatzaileen hitzak: Antza, bisita gaztelaniaz besterik ezin zen egin!! Berbalaguna muturtuta eta sinistu ezinik irtenbideren bat aurkitzen ahalegindu bazen ere, Pozalaguakoak ezetz eta ezetz ezinezko zela!!
Gauzak honela, neuk deitzea erabaki nuen anabasa hau argitu eta azalpenak zeintzuk ziren jakin guran, eta batik bat, baldintza horietan txangoa egitea zail samarra baitzen: bisita euskaraz ez bazen txangoa bertan behera eta bi egun baizik ez ziren falta!! Jasotako erantzuna ezin petralagoa izan zen. Nonbait, asteburuetan Espainia estatutik jende andana etorri ohi denez hau planteatu ziguten: guk eskatutako orduan nolatan geratuko zen jendea koban sartu gabe guk euskaraz egiten bagenuen, zeren eta beharbada haitzulora sartzeko 80 lagun elkartu ahal baitira larunbat batean harpe hauek miresteko xedez.
Ni ere aho bete hortz eta erresumintzen hasita: aldez aurretik eskatuta geneukala, bidegabea zela hitzordua eskatuta egonik euskarazko bisita ukatzea, hizkuntza eskubideak urratzen ari zirela, ea erdaldunek ezin zuten itxaron gure ordubeteko bisita amaitu arte… Eta hala ere, eurek beraienari eutsi zioten: ezin zutela salbuespen hori egin kanpotik jende asko joan ohi delako, hobe genuela astean zehar egitea, sentitzen zutela baina ezin zela ezer egin…. Ni ere behin eta berriz tematu nintzen baina alferrik. Plana aldatu eta Kobenkobara joatea deliberatu genuen txangoa bertan behera ez geratzearren. Hor arazorik ez “kanpotik ez baitoa hainbeste jende”. Koba txiki eta oraingoz ezezagunean euskara, koba handi eta itxurosoan gaztelania…

Azken batean argi geratu zena honako hau izan zen: Pozalagua euskaraz bisitatzeko eskola umea ez bazara (astean zehar egiteko), jai daukazu. Asteburu batean aldez aurretik eskatuta ere, bisita beti izango baita gaztelaniaz. Gainera, nahiz eta talde handi bat eratu eta zoko-moko guztiak arakatu, ahalegina hutsala izango da euskara bigarren mailako hizkuntza baita Pozalaguako kudeatzaileentzat. 37 euskalduni diru publikoz lagundutako toki batean kultura euskaraz jasotzea eta euskaraz bizitzea galarazi digute. Bidali zure kexa email hauetara: info@karrantza.com, udala@karrantza.org.
Eredu hau erabil dezakezu:
Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza den heinean, Pozalaguan asteburuetan edota eskatzen denean bisitak euskaraz izatea eskatzen dut arrazoi hauengatik:

1. Euskara hizkuntza ofiziala da
2. Bisita euskaraz ukatzea hizkuntza eskubideen kontrako urraketa da.
3. Diru publikoz lagundutako ekimena izanik honela jardun beharko zenuketelako.

Eskaera aintzat hartuko duzuelakoan eta honelakorik berriro gertatuko ez delakoan

Agur.

Erregea eta bufoia Ander Lipus eta Unai Iturriagaren antzezlana.


La Kelo Gaztetxeak bere XI. urteurrenaren baitan beste ekimen txundigarri bat plazaratu digu: Erregea eta Bufoia antzezlana Ander Lipus aktorea eta Unai Iturriaga bertsolariarekin. Gai jartzaile lanetan Unai Elizasu ibiliko da. Noiz? maiatzaren 1ean, larunbata, 20:00etan gaztetxean (2 euro). Hona hemen zertan den:
Bertsoa eta antzerkia, antzezlea eta bertsolaria. Norgehiagoka honetan, gehiago nor izango ote?
Tokian tokiko herrira eta egoeretara prestatutako gaiek, erabateko bapatekotasuna emago dio emanaldiari. Aktoreak, pertsonaia ezberdinak baliatuko ditu bertsolariaren hitzei aurre egiteko. Ez du lan erreza izango, bertsolaria errege baita hitzarekin jolasten. Bufoiak berriz, erregearekin jolastu nahi du, burla eta trufa eginez…
Erregea eta bufoia, nor baino nor, bertsolaria eta aktorea!!
Geuri behintzat ikusmina ikaragarri areagotu zaigu. Berbalagunok joateko prest??

Athletic taldeko jokalariak geurean izango dira.



Azken orduko aldaketa bat dela eta, maiatzaren 12an asteazkena 19:00etan hitzordu xarmangarria izango dugu Athletic taldeko bi jokalariekin Kresala aretoan Bai Esan euskara elkarteak antolatuta. Bertan jokalari hauek beren bizipenak kontatuko dizkigute eta tartetxo bat ere egingo dute denon jakin-mina asetzeko. Zinez aukera polita, areago, Athletic horren ondo doan denboraldi honetan.
Hortaz, zure futbol zaletasuna jende gehiagorekin partekatu nahi baduzu, Kresalan izango duzu nor ikusi eta nori kontatu. Athleticeko jokalariek gainera euskarari buruz ere hitz egingo digute, gure hizkuntza haien inguruan zer garrantzizkoa den nabarmenduz. Ekintza aproposa izango da bai heldu bai umeentzat.

2010/04/20

Kobenkoban eta El Karpinen egon ginen.



Pozalagua kobazuloko kudeatzaileak 37 berbalagunen hizkuntza eskubidea urratu ostean euskarazko bisita ukatuta (honen gaineko informazioa hemen klikatuta), Karrantzako Kobenkoba eta El Karpinera abiatu ginen larunbat atsegin eta jatorra igaro guran, baita lortu ere! Itzela izan zen jende olde hori ikustea Karrantza eta Lanestosako kaleetan zehar, denak euskaraz eta denak gustura. Areago bisitatzen duzun tokia biziki interesgarria bada. Izan ere, Kobenkoban gure antzinako arbasoek zer nolako bizi ohiturak zituzten miretsi ahal izan genuen, eta El Karpineko langileek animaliekin egiten duten lan txalogarriak txunditu gintuen.
Baina beti bezala eta txango guztietan gertatzen den moduan, une onena ogitarteakoa hartzearena izan zen!! Gainera eguraldi aparta lagun genuela!! Argazkiak ikusteko klikatu honen gainean.

2010/04/15

Mendilagunok Mugarran egon ginen.

Ezkerraldeko mendilagunok gozatu paregabea hartu genuen Mugarra mendiak eskaini zizkigun ikuspegiak mirestean. Bertan sumatu ahal izan genuen zein zoragarria den Durangaldeko mendi koxkor hau, eta jakina, sasoian geundela egiaztatu genuen naturan murgilduak.
Larunbat gaueko hondarrak lehenbiziko igoera zaildu zigun arren, astiro-astiro tontorrera heltzea erdietsi genuen aparteko arazo barik. Honen erakusle garbia bertan ateratako argazkiak dituzue. Guztiak ikusteko egin klik honen gainean. Eta mendilaguna izan gura baduzu hilean behin mendira joateko euskara ahoan duzula, igorri email bat helbide honetara: ezkerraldea@aek.org. Hurrengo irteera maiatzaren 9an izango da Altipitatx mendira!! Anima zaitezte eta lotu euskarari!!

2010/04/14

Kontserba tailerra egiteko prest?

Ziur kontserbetan datozen elikagaiak sarritan erabiltzen dituzula: marmeladak direla, arrainak direla, patea dela... Eta behin edo behin osagaietan erreparatu baduzu zenbait gai kimiko dutela ohartu zara. Haietako batzuk oso osasungarriak ez direnak gainera... Bada, berbalagunok aspaldian genuen asmo bati erantzun liluragarria eman diote Mamarigako Kultur Etxetik:
Kontserba tailerra egiteko ikastaroa EHNEri esker. Maiatzean zehar izango litzateke: maiatzaren 5, 12, 19 eta 26an arratsaldeko 18:30etik 21:00arte. Ekimen polit honetan parte hartu nahi baduzu bidaliguzu email bat edo eman izena Kultur Etxean maiatzaren 3a izan aurretik. Pentsa ezazu gerora kontserbak zeuk egin ahalko dituzula etxean!! Berbalagun batzuk animatu dira jada!!

Alkoholik gabeko koktelak prestatzeko ikastaroa.

30 urtetik beherakoa baldin bazara, ez galdu Gazteboxek luzatu digun ideia txundigarri hau: Alkoholik gabeko koktelak egiteko tailerra. Datorren apirilaren 25ean (igandea) 3 euroren truke.
Tarte batez alkoholik gabeko edariek ere ahoan gozatu aparta utzi ahal digutela ohartuko gara. Dena ez baita betiko edari gogaikarriak edata. Hau dela eta, alternatiba gehiago ezagutu nahi izanez gero Gazteboxengana jo dezakezu izena emateko edo informazio gehiagoren bila: gib-oij@santurtzi.net edo 944 836 110.

Sesamo ireki zaitez antzezlana SKAn



Santurtziko umeek egokiera bikaina izango dute apirilaren 25ean (igandea) euskarazko antzerkiaz gozatzeko 12:30ean 3 euroren truke Serantes Kultur Aretoan. Bertan ikusgai izango baitute Sesamo ireki zaitez! Caledoscopio konpainiaren eskutik. Hona hemen sinopsia:
Ikuskizunean objektu magiko eta ezustekoa bihurtzen da liburua… Nork daki zer gerta litekeen azalak zabalduz gero? Hizkiek bizia hartuko dute, edo lorontzi batean haziko dira… Maria Babel eta Beltza katua hizkiekin arituko dira jolasean. Istoriak, batzuetan, ez dira diruditena, eta alda daitezke…
Ikuskizunean hainbat teknika erabiltzen dira: mozorroak, objektuak, txotxongiloak eta panpinak, puzgarriak, hiru dimentsioko eszenografia, argia eta Kimera beltza.

Gailur, Anger eta Governors taldeen kontzertua La Kelo gaztetxean.


Apirilaren 24an larunbata, La Kelo gaztetxeak azken ukitua emango dio bere XI. urteurrenari kontzertu interesgarri batekin. Azken aldian bogan dauden euskal taldeak eramango ditu gaztetxera 20:00etan hasiko den kontzertu sortara: Gailur, Anger (disko berria dohainik web orrialdean) eta Governors.

Bitxia bada ere, hiru talde hauen azken disketako kantak entzungai izango ditugu Santurtzin lehen aldiz joko baitute beren diskak kaleratu ostean. Gogo rockeroa asetseko hemen duzue Governors taldearen kanta bat:

euskaltube.com bideoak Izenburua: Governors - Kristal kolpatuak Erabiltzailea: izaeus

Doraemon eta Kiboko erresuma filma

Guraso eta haurrentzako egokia den film bat eskainiko dute Las Viñas liburutegian datorren asteko ostiralean, apirilak 23, 18:00etan Udal Liburutegi Sareak antolaturik: Doraemon eta Kiboko erresuma. Bertan euskarazko zinemaz gozatzeaz gain, harreman euskaldunak egiteko aukera polita egon daiteke.
Izan ere, gogoan hartu eskolarekin joatea ez dela nahikoa umeak euskaldunak izan daitezen, aisialdian astiro-astiro euskarazko ekintzetara animatzen baditugu euren hizkuntza ohiturak gero eta osasungarriagoak izango dira. Eta oraingoan Doraemon katu kosmikoarekin une atsegina igaro dezakete.
<>

La Kelok bertso bazkari aparta antolatuko du.



Hona hemen La Kelo gaztetxeak burutuko duen euskarazko beste ekintza bat XI. urteurrenaren baitan: Bertso bazkaria apirilak 24 larunbata 14:30ean. Urtero bezala La Kelok bi bertsolari ekarriko ditu geurera: Jokin Castaños eta Manu Goionaga.
Hau bezalako aukera gutxi izango dugu Bertso Bazkari herrikoi batez gozatzeko. Izan ere, bazkari hau (oso oparo eta ona izango dena) dohainik izango baita (borondatea eskatuko da), eta bertan egongo den giroa ezin egokiagoa euskaraz mintzatzeko. Beraz, euskaltzale eta berbalagunok lotu euskarari eta ez utzi ekitaldi hau alferrik galtzen. Izena emateko bi aukera: La Kelotik pasatu edo email bat idatzi. Informazio guztia La Keloren webgunean. XI. urteurrena behin besterik ez da ospatuko, datozen hurrengoak hau bezain beteak izan daitezela!! Euskaltzaleok eskertuko dugu!!

San Jorge jaiak Santurtzin.

Urtero legez apirila heldu bezain laster San Jorge jaiak zein gertu dauden ohartzen gara. Edozein santurtziar petorentzat hitzordu inportantea inondik inora!! Hau dela eta hemen aurkituko duzue euskaraz burutuko dena. Ikusi, hautatu, gozatu eta batez ere ekin euskarari!!

Apirilak 23 (ostirala) 19:00etan Umeentzako berbena Santurtziko parkean Rum Rum Rock taldearekin
Apirilak 24 (larunbata) 17:00etan Umeentzako kale antzerkia Kagonillos enparantzan Txikiglub Berria Detraka taldearen eskutik
23:00etan The Uski´s eta Bizardunak taldeen kontzertua
Apirilak 25 (igandea) Hipo eta Tomax pailazoek Herri Kirolak ikuskizuna eskainiko digute Cagonillosen
Maiatzak 1 (larunbata) Auzoetako jai batzordeek antolatua Aldats taldearen kontzertua izango dugu kaian 00:00etan.

Postre tailerraren bigarren edizioa.

Sukaldaritza berbalagunon gogokoa dela argi geratu zitzaigun atzera. Izan ere, beste 12 berbalagun aritu ziren Mamarigako Kultur Etxeko sukaldean Gorka Tubilla sukaldariarekin batera limoi magdalenak, txokolate magdalenak eta gazta tarta egiteko xedez. Giro atsegin eta alaian sabelak betetzeko abagunea ere izan genuen Udal Euskaltegiari esker.

Antza denez, nahiko trebeak gara euskaldunok sukalde kontuetan, eta ez dira gutxi honelako ekimen gehiago eskatu dutenak. Beharbada ekainean beste saiotxo bat egingo dugu, baina adi ibili behar dugu jada udarekin batera mundu guztiak itxura zaindu nahi izaten baitu. Argazki guztiak ikusteko klikatu honen gainean eta errezetak jasotzeko bidaliguzu email bat.

2010/04/13

Yoga euskaraz egin nahi duzue?

Laura ostiral gaueko berbalagunak yogaren sekretu guztiak kontatuko dizkigu apirilaren 29an, arratsaldeko 7:30ean. Ikastaro honetan, gure energia aktibatzen ikasiko dugu eta yoga eskoletan lehenengo egunetan egin ohi diren ariketa fisiko erraz batzuk egingo ditugu.

Ikastaroa dohainik izango da eta ez duzue ezer berezirik ekarri behar; arropa erosoa, galtzerdiak eta esterilla edo eskuoihala/toalla baino ez.

Yogari esker osasun hobea, lasaitasuna, baretasuna eta oreka lortzeaz gain, euskara praktikatuko duzue! Etorri berbalagunokin yoga egitera!

OHARRA: Izena emateko azken eguna apirilaren 26a da, baina leku gutxi dagoenez, hobeto ahalik eta lasterren egiten baduzue!!!

Sestaoko berbalagunak sagardotegira joan ziren

Sestaoko berbalagun batzuk martxoaren 27an Udal euskaltegiak antolatutako sagardotegi irteera joan ziren. Oso ongi pasatu zuten eta joan ez zinetenok ikus dezazuen argazkiak ere bidali dizkigute. Ikusteko egin klik hemen.

2010/04/12

Otarteko desberdinak egin nahi?

Ziurrenik ezorduetan goseak gaudenean, betiko otarteko triste eta lehorrak egiten ditugu. Ogi xerra bi hartu eta erdian lukain zaporegaberen bat sartzen dugu aparteko interesik gabe. Honela, gosea piztu digun harra isiltzea lortzen dugu denbora batez... Baina benetan gozatu dugu jan bitartean??
Bada, irudimena eta dastamenari tarte polita egiteko Gazteboxek tailer berezi bat prestatu du: Nola egin otartekoak? Honetarako bi hitzordu paratu dituzte: Bata apirilaren 21ean asteazkena sandwich hotzak egiteko eta 24an larunbata beroak prestatzeko. Informaziorik eta izena eman nahi baduzue jarri harremanetan Gazteboxekin: gib-oij@santurtzi.net edo 944 836 110

Kontsumo arduratsuaren gaineko hitzaldia.



Gaur egun gauza anitz egiten dugu horrela egin behar direla esaten digutelako. Hala nola, erosketak toki jendetsu eta inpertsonaletan egin behar ditugu erosoagoa delakoan. Baina era honetan, erosten dugunarekiko urruntasuna besterik ez dugu lortzen. Ez dakigu fruta edo barazkiak nondik datozen, zein baldintzatan landatu dituzten, zer nolako kalteak eragin ahal dizkigun jaten dugunak.. Oro har, ez dugu ezagutzen erosten dugun ezer.
Hau gutxi balitz, modu konpultsiboan erosten dugu eta sarri ahazten zaigu lurrarekiko atxikimendua galtzen dugun heinean geure buruarekikoa ere galtzen dugula. Ildo honetan, La Kelo gaztetxeak bere XI. urteurrenaren ospakizunetan Kontsumo arduratsua izeneko hitzaldia antolatu du apirilaren 21erako asteazkena 20:00etan gaztetxean EHNEren laguntzaz. Kontsumitzeko beste eredu bat posible dela ikusi nahi baduzu, hitzordu polita duzu.

Klowntuz mendia! antzezlana izango dugu.

Datorren asteko asteazkenean, apirilak 21, 20:00etan Klowntuz mendia! antzezlana ikusi ahal izango dugu Kresalan Udal Euskara Sailaren eskutik.
Txikitan gauza askok hunkitu behar digute bihotza, ohikoak baino ohikoagoak dira zer gustatu behar zaigun dioskuen topikoak. Inori galdetu barik hainbat gauza atsegingarri suertatu beharrean gaude umetan, esaterako pailazoak.
Baina ziurrenik oso jende gutxik jakingo du zer den Klown bat izatea, eta ikuskizun honen bidez argi baino argiago geratuko zaigu antzerki mota hau zertan datzan. Neska bat mendira abiatuko da bere bizitzan lehendabiziz, eta bertan ikusiko dituen gauza guztiek beldurra eragingo diote era neurrigabean. Bere sentsazio eta zirrara guztiak ikusten dituen gauzen araberakoak izango dira. Zuek klownstrofokikoak izateko prest??

Cher Ami filma SKAn.

Euskara Zine Aretoetara ekimenaren baitan Udal Euskara Sailak film honen proiekzioa (Cher Ami) programatu du apirilaren 19 astelehena eta 20rako asteartea eskoletako umeentzat. Emanaldiak eskola orduetan eta SKAn izango dira. Hona hemen pelikula honen laburpena:
"Cher Ami" Frantziako Lehen Mundu Gerrako gertaeretan oinarritzen da: 1918ko urria. Cher Ami eta bere lagunek bizi duten bake eta lasaitasuna bukatzear dagoela dirudi, gizakien arteko gerra izugarria hastear egon baitaiteke...
Usoen armadako kapitaina abeletxera etorri da mezulari gisa lan egingo duten hegazti batzuk errekrutatzeko asmoz. Beren arduraren jakitun, usoek (eta beste txori txiki batek) kemena bildu eta armadan emango dute izena soldadu amerikarren batailoi bat salbatzeko.

SKA jaialdia La Kelo gaztetxean



Santurtziko La Kelo Gaztetxeak bere XI. urteurrena ospatze aldera tamainako egitaraua kaleratu du. Gainera, ekintzetako asko euskaraz izango direla ikusirik euskaltzaleok parte hartzeko arrazoi gehiago dugu. Oraingoan SKA jaialdi itzela antolatu dute hurrengo larunbaterako, apirilak 17, 20:00etan gaztetxean. Bertan izango ditugu Itziarren Semeak eta Skakeitan taldeak.
Gozatzeko abagune ederra izan daiteke: erritmo lasai, dantzagarri eta saltseroak. Beraz, gerria astintzeko asmoa bazenuten, hauxe duzue kontzertu bikaina asteko monotonia barre algara bihurtzeko. Ez duzue esango SKA kontzertu batean aspertzerik dagoenik ezta? Ekin euskara eta dantzari!