pestañak

Atera arbela kalera

Hona hemen aurtengo kanpaina berriaren bideoa. Euskal Herriko txoko askotako lagunak agertzen dira berbalagun proiektua bultzatzeko asmoz. Gure herria ere azaltzen da eta Santurtziko berbalagun batzuk ikus daitezke. Gozatu bideoaz eta ea hurrengoan animatzen zareten parte hartzera.

Badugu Urriko agenda prest!!

Udazkenak euskarazko ekintza saldoa ekarriko digu. Ez dago modu hoberik euskaraz bizitzeko geure bizitza euskararen munduan sartzea baino. Beraz, parte hartu ekintzetan eta ekin euskarari! Hona hemen urriko agenda:

MARTXAN GAUDE!!!

Kaixo berbalagunok!

Udako atsedenaldia eta gero, Berbalagun egitasmoa indarrez abiatuko da Sestao eta Barakaldoko kaleetan. Taldeak antolatzen gabiltza eta zuekin harremanetan jarriko gara egunotan... beraz, adi telefonoetara (deitzen ez badizuegu, zalantzarik ez izan.. zuek deitu edo e-maila idatzi!!).

Gainera, ikasturte honetan aurpegi berriak izango ditugu: Santzurtzin, Aitorrek Ikerrek hasitako lan bikanairi jarraipena emango dio. Barakaldon eta Sestaon, Anarekin batera, Aintzane ibiliko da Berbalaguneko dinamizatzaile lanetan.

ONGI ETORRI AINTZANE ETA AITOR!!!

Beethoven Bostgarrena filma ikusgai izango dugu.

Urriaren 8an ostirala 18:00etan, Santurtziko umeek Beethoven Bostgarrena filma ikusi ahalko dute Las Viñasko liburutegian Udal Liburutegi Sareak antolaturik. Hona hemen sinopsia:
Beethoven Sarahrekin joango da udako oporraldiak pasatzera osaba Freddieren herri meatzarira. Halako batean, txakur bihurri honek gorderik zegoen altxor gogoangarri baten mapa topatuko du. Aurkikuntzak hautsak harrotuko ditu herrian, eta hiritar guztiek koipea emango diote Beethoveni sekretu hau beraiekin parteka dezan.

Bertso poteoa El Bullonen.


Asteburu honetako larunbatean, irailak 25, eguerdian El Bullon-Mahastiak jai batzordekoek Bertso Poteoa antolatu dute Julen Erezuma eta Jokin Castaños bertsolariekin. Auzo txiki eta eder honetan jaiak segituan hasiko dira, eta argi dagoenez, euskarak bere tartetxoa egitea lortu du ekimen erakargarri honen bidez.

Honenebestez, Santurtziko euskaldunok espero baino goizago ekin beharko diogu euskara tabernaz taberna hedatzeari, eta El Bulloneko jaiak eszenatoki ezin egokiagoa izango dira xede hori erdiesteko. Gainera, Jai Batzordeak oso egitarau herrikoi eta parte hartzailea eskainiko digu irailaren 24tik 26ra bitartean. Mota guztietako ekintzak, era guztietako jendearentzat.

Zure oporrak kontatu nahi?

30 urtetik beherako gazte santurtziarra bazara, Gazteboxek parada ezin egokiagoa eman gura dizu zure oporren berri emateko, Gazte oporrak ekimenari esker. Izan ere, Gazteboxen opor planen libururako era guztietako kontakizunak behar dira, eta beti izan daiteke interesgarria gutako edozeinek bizi izandako pasadizoren bat. Gainera, lagungarria da oso etorkizuneko oporraldiak gauzatzeko. Askotan irudimen faltak ez digu plan erakargarririk gorpuzten uzten, eta beharbada, alboko lagunak sekulako plana burutu du eta guk horren arrastorik ez!!
Bada, kontakizuna gizarte sareen bidez zabal dezakezu (tuenti, facebook..), email bidez (gib-oij@santurtzi.net) edo Gazteboxera hurbilduz. Urriaren 31 azken eguna duzu zure istoriotxoa plazaratzeko. Informazio gehiago Gazteboxen bertan eskuratu dezakezue. Soilik parte hartzeagatik zozketa batean sartuko zarete. Saria ez da batere makala: asteburu bat bi pertsonentzat landetxe batean.

Beethoven bigarrena filma ikusgai.

Beethoven txakur bihurriak bere balentrien erakustaldi bikaina eskainiko digu pelikula honetan, Beethoven Bigarrena. Ohi bezala, Newton familiaren egonarria kolokan jarriko du bere ateraldi xelebreekin, baina oraingoan berritasun garrantzitsu bat egongo da: Beethovenen bidean txakur eme xarmangarri bat gurutzatuko da, eta sendia handitze bidean has liteke... Haur zinema emanaldia hauek Udal Liburutegi Sareak antolatu ditu, eta ostiral honetan, irailak 24, ikus dezakegu Las Viñasko liburutegian 18:00etan.

Zer dakizu Iran herriari buruz?

Zaila da herri bati buruzko iritzi osatua izatea bertara joan barik, are zailagoa gure aburua hedabideek esandakoaren arabera eratzen dugunean. Iran, adibidez, maiz azaltzen zaigu albistegietan, eta maizegi berri txar eta bortitzak jasotzen ditugu herri honen harira. Hau honela izanik, gutariko anitzentzat pentsaezina litzateke itxurazko gatazka batean dagoen herrialde batera bidaiatzea, ez gaude-eta ganbaratik jota!!!
Baina norbaitek esango baligu, itxurak itxurak direla, barreneraino joan beharra dagoela benetako izaera ezagutze aldera, agian, beste Iran bat ezagut genezake aurreiritzirik gabe. Beharbada, Iran: topikoen aurkako bidaia bat egin genezake Asier Arantzabal eta Mila Gallastegi bidaiariekin. Ziurrenik, beste era bateko informazioa emango digute, lehen eskukoa eta interesik gabea. Bene-benetakoa. Honenbestez, hitzordua duzu irailaren 23an (osteguna) 20:00etan Kresalan ibilbide atsegin eta xarmangarri bat egiteko Udal Euskara Sailak antolaturik.

Badatoz Mamarigako Kultur Etxeko ikastaroak!


Mamarigako Kultur Etxeak ez ditu 20 urte alferrik bete, eta kultur dinamika inoiz baino biziago dagoela erakusteko, ikastaro zerrenda ederra kaleratu du gure asialdia era libreago batean igaro dezagun. Tailerretako batzuk ohikoak dira, hots, urterik urte jendeak eskatzen dituenak. Beste batzuk berriak auzoko jendeak proposatu eta eman gura dituelako, eta beste zenbait Kultur Etxeak berak loturikoak. Hona hemen etxe autogestionatu honetan euskaraz egin ditzakegunak: Txalaparta tailerra, Perkusio ikastaroa, Sexualitate tailerra, Euskara hobetzen ikastaroa, Malabareak, Kontserba tailerra, Bertsolaritza...

Hauexek dira oraingoz urritik aurrera abian jarriko dituzten ikastaroak, baina gerora askoz ekimen gehiago etorriko dira. Beraz, hauetako batean izena eman nahi izanez gero, idatzi email bat edo deitu telefonoz (94 493 78 60) eta zehaztu zein ikastarotan parte hartu nahi duzun.

Iraileko agenda egina dago!!

Iraila euskaraz lepo datorkigu eta hamaika ekimen izango dira denon gozamenerako. Ikusi, hautatu eta parte hartu!!! Hona hemen agenda.

"Kerman mintzalagun bila" saioan parte hartu nahi duzu?

Bai Esan euskara elkartetik proposamen erakargarri bat heldu zaigu berbalagunoi. Geurean euskaldun berriak garenez ia-ia guztiok, zenbaitetan zailtasunak dauzkagu gura dugun dena euskaraz adierazteko. Telebistako Kerman mintzalagunari gertatu ohi zaion bezala, hain zuzen ere. Eta ETBtik Bai Esan eta berbalagunok gonbidatu gaituzte Kerman mintzalagun bila programan parte hartzera, hots, telebistan ateratzera euskaraz moldatzeko zailatasunak dauzkan pertsonaia xelebre honekin. Berbalagun eta euskaltzaleok animatuko al gara? Hala bada bidaliguzue email bat irailaren 20a izan aurretik!!. Hona hemen Kerman mintzalagun bila saioaren adibide bat ikusi eta gozatu!!

Bai Esan euskara elkartearen deia!!


Santurtzin ugariak dira euskararen alde diharduten elkarte eta taldeak. Baina bat nabarmentzekotan, Bai Esan euskara elkartea aipatzekoa da, euskaldun askoren bilgunea delako.Baita azken urteotan Santurtzin gauzatu diren ekimenetan buru-belarri ibili delako ere. Honek eskatzen dituen lan mordua eta ilusio iturria direla eta, Bai Esanek Santurtziko euskaltzaleoi dei berezi bat egin gura digu.

Hastear den ikasturte honetan, erronka berriei ekiteko, Bai Esanek partaideak behar ditu. Bi eratan egin dezakezu:

*Elkarteko bazkidea izan zaitezke, Bai Esanen txartela jaso eta hainbat abantaila lortuko duzu zenbait denda eta kultur ekimenetan.
*Edota bi astean behin Bai Esaneko batzarretara joan zaitezke; horrela, era aktiboago batean parte hartuko duzu, Santurtzin euskararen egoera hobetze aldera. Galderak, proposamenak egiteko, edo animatuz gero, idatzi email honetara: baiesan@kaixo.com.

Euskarari zure aletxoa eman nahi badiozu, Bai Esan euskara elkartean parada ezin hobea daukazu. Anima zaitez!

Mamarigako jaiak badatoz!!!


Irailaren 3tik 12ra bitartean Mamarigako jaiak ospatuko ditugu auzo xelebre honetan. Auzokoek beraiek antolatzen dituzten festa hauetan denetarik aurki dezakegu baina hementxe euskara hutsean burutuko denaren laburpentxoa egingo dugu:

Irailak 3 ostirala ordu txikietan Laiotz erromeria taldean Mamarigako plazan.
Irailak 4 larunbata 13:00etan Kantu Poteoa Mamarigako koadrilekin Kaixo tabernatik abiatuta, eta gauez 00:00etan Beste Bat erromeria taldea plazan.
Irailak 5 igandea 12:30ean Dantzaldia plazan Mamarigako Etorkizuna eta Bihotz Gaztea dantza taldeen eskutik.
Irailak 10 ostirala 23:00etan Santurtziko Aldats taldearen kontzertua.
Irailak 11 larunbata 00:00etan Luhartz taldearekin azken erromeria.
Irailak 12 Elkartasun Eguna (azoka, zur-tailen erakusketa, harri zulatzaileak, herri bazkaria..)

Askoz gauza gehiago ere badaude jai herrikoi hauetan, eta informazio gehiago nahi izanez gero Santurtzialdia web gunean egitaraua oso-osorik daukazue.

Irailean euskara euskaltegietara eta Udaleko dirulaguntzak!!


Urtero bezala irailarekin batera jende askori euskara ikasteko grina pizten zaio, baina gauza bat dela bestea dela beti uzten dio ihes egiten parada honi. Eta azkenean gauzatu gabeko egitasmoen kutxan satu behar dugu geure hizkuntzaren ikaskuntza. Bada aurten, euskaldunok eta euskara ikasi gura dutenek beste aukera bat izango dute euskarari ekiteko herriko bi euskaltegietan:

*Santurtziko AEK euskaltegia: Fleming Doktorea 17. Tlf: 94 493 80 71/607 515 720
*Santurtziko Udal Euskaltegia: Jose Miguel Barandiaran 12. Tfn: 94 461 02 15

Bestetik, eta joan den urtean legez aurreko ikasturtean euskaltegi homolotaguetan ibilitako ikasleek Santurtziko Udalaren dirulaguntza eskatzea dute irailaren 1etik urriaren 15era. Hauek dira bete beharreko baldintzetako batzuk:

-16 urte baino gehiago izatea
-Santurtzin erroldatuta izatea (gutxienez, eskaera egin baino 2 urte lehenagotik).
-HABEk homologatutako euskaltegitan egindako ikastaro ofizialduak izan behar dira.
-Eskatzaileak berak ordaindutako Ikastaroa izan behar, ez bestelako enpresak zein erakundek finantzatua.
-HABEk eskainitako diru-laguntzak eskatu, erankunde horrek ezarritako baldintzak betez gero.
- Ikastaro presentzialetan %80ko asistentzia izatea. Autoikaskuntza bidezko ikastaroetan eskatzaileak ikastarorako ezarritako helburu-maila gainditu duela egiaztatu beharko du.

Dirulaguntzen gaineko informazio xehea web orrialde honetan duzue.

Animo eta ekin euskarari!! Inork ez dezala esan Santurtzi herria euskararentzat arrotza denik. Ez horixe!! Euskarak apurka-apurka eta urrats sendoz indar handiagoa hartuko baitu!!