pestaƱak

Harrizulatzearen mundua-kronika

"Arbasoen lan hura aitortu eta eskertu nahi dugulako, HARRIZULATZEA bizirik izan dadila!" hauxe da KZ Kolpekako harrizulatzaile emakume taldeak gogoan duena harriari kolpeka ibiltzen denean; eta hau da helarazi nahi izan zuten mezua.

Harrizulatzaile lanbidea egun herri kirola da. Meatzaldeaz gain, Lea Artibai eta inguruan ere harrizulatzaileak izan ziren. Meategietako langile oso baloratuak ziren, baina funtzio bera betetzen zuen gailua agertzean desagertu zen: mailu hidraulikoa.

1998tik berreskuratzeari ekin zioten Ortuellan, eta ondorioz gero eta gehiago dira kirol hau praktikatzen dutenak. 

Egungo erronkak normalizazioa eta zabalpena dira. Kirolari gehiago izateaz gain, zaleak ere behar dira kirol honek aurrera egiteko. Udan hainbat herriko jaietan izango ditugu lehiatzen edo erakustaldiak egiten, beraz hurbildu, ikusi, gozatu eta zaletu.