pestañak

Xabier Etxaniz Rojo Santurtziko irakurzale klubean-Kronika


Zorte handia izan dugu Santurtziko Irakurzale Klubean, “Sirena-hotsak” (Erein, 2013) liburuaren egilearekin, Xabier Etxaniz Rojo, aurrez aurre hitz egiteko aukera izan baitugu. Zilarrezko Euskadi 2014 Saria jaso zuen liburua irakurriko genuela jakinarazi genion eta prest agertu zen bisita egiteko. Pasa den ostiralean, urtarrilak 16, izan genuen gurean. Oso giro dibertigarri eta politean aritu ginen, eta hemendik gure eskerrik beroenak bidali nahi dizkiogu Xabierri.
Xabierrek berak azaldu zigunez, bi idazle mota daude: mezu bat bidali nahi duenak (eta hori gauzatzeko istorioak erabiltzen dituenak) edo istorioak kontatzen dituena. Bigarren taldearen barruan kokatzen du bere burua, eta bere azken liburu honetan kontatzen diren lau ipuinek horrela dela argi adierazten dute. Mezu bat baldin badago, irakurleok interpretatuko duguna da, baina ezin da esan lau ipuin hauek entretenimendu hutsa direnik. “Matxupitxu”, “Akelarreak”, “American way of life” eta “Sirena-hotsak” dira liburua osatzen duten ipuinak. Lauren arteko zerikusirik egon ez arren, ezaugarri bat dute komunean: iraganaren indarra, zeinek denboran zehar saltoka eramaten duen irakurlea. Bere idazteko estiloan eskema kronologikoa zirriborratzen du, baina gero kasurik ez egiteko, aitortu zigunez. Arauak apurtzeko daude beti. Ez hain esplizituki, baina oso agerikoa da kontakizun hauetan guztietan literaturarekiko eta liburuekiko lotura (bi ipuinetako pertsonaia nagusiak idazleak dira, eta Stephen King eta euskal idazleak ere aipatzen dira).
Matxupitxu” ipuina sorpresaz beterik dago. Fabian nikaraguarra Euskal Herrian da, Andoni Larburu agurearen zainketaz arduratzen da. Biek ala biek iragan bana dute, ez soilik orainaldia baldintzatzen duena, haien arteko harremanean ere zer eragin izango duen zalantza airean dago. Amaiera ezin harrigarriagoa da.
Bigarrenean, “Akelarreak” ipuinean, Sara protagonistak buruan duen zalantzak gidatzen du ildoa:“sekretu bat kontatu ala ez”, irakurleari zer egingo lukeen pentsaraziz.
American way of life” kontakizunean agian BERRIA egunkarian aspaldian Xabierrek idazten zituen zutabeetako ironiaren zantzua aurkitzea errazagoa da. Bere izenburuari kasu eginez, istoriotxoak Road-movie-adirudi,espazioan bai, baina bereziki denboran zehar.
Eta azkena, liburuari izena ematen dion ipuina, “Sirena-hotsak”, egitura sendoena duena da, oso ondo kalkulatua, hiru protagonistei adinako berdina emanez, eta tentsioa hasieratik amaieraraino mantentzea lortuz.
Hemendik liburua gomendatu nahi dizuegu, eta Xabierrek zer berri aterako duen zain geratzen gara. Berriz ere, mila esker etortzeagatik, Xabier.
(Joxi Martinek idatzia)