pestañak

Jon Arretxerekin izandako solasaldiaren kronika

 Urriaren 5an izan genuen Jon Arretxe idazlearen bisita Santurtzin, Irakurzale Klubaren bitartez. Euskaldunberri gehienok bere libururen bat irakurri dugu (behintzat Santurtziko AEKn ikasi dugunok). Nork ez du Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak liburuek osatuta klasikoa bihurtu den umorezko saga ezagutzen? Dena den, bere ibilbide literarioa askoz luzeagoa da: bidaiei buruzkoak, beldurrezko ipuinak, nobela beltza, … baita Basauriko euskarari buruzko liburu bat ere.

Nobela beltzan kokatzen dira Toure igarle-detektibearen sagakoak, 19 kamera ,612 euro (talde honetan ere irakurritakoak) eta, momentuz, azkena den Hutsaren itzalak eleberria. Esan dugu literatura estilo ezberdinak landu dituela Jonek, baina aipatutako azken liburu hauetan, nahiz eta nobela beltzaren eremuan kokatu, umorea, kritika soziala eta, modu batez edo bestez, bidai kronikak ere azaltzen dira.

Hala ere, arloz arlo, idazlea saiatu (eta gure ustez, lortu) da liburu bakoitza ezberdina izaten, alta, pertsonaia berdinak agertu edo testuinguru antzekoan ipini arren, kontakizun bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu.

Sagako lehenengoetan umore gehiago agertzen zen, eta protagonistaren bizitza hobe baten esperantzak pasarte gozoagoak ematen zizkion irakurketari. Baina azken honetan egoera erabat trakesten zaio Toureri, eta lehenengo orrietatik zamatzen gara berak jasandako presioekin, bere inguru hurbiletik etorritakoekin eta bere senideek jasotakoekin. Eta istorioaren garapen hori konprenitzekoa da, gure artean bizi diren etorkinen egunerokoari begiratuz gero. Hori islatu du Jon Arretxek liburuan, oso modu sinesgarrian gainera, idazleak berak ondo ezagutzen dituen hainbat erreferentzia gehituz (musika, argitaletxeen mundua, futbolarekiko zaletasuna, bisitatutako herriak, …)
Saga hau, antza, ez da hemen amaitzen. Beraz, Santurtziko Irakurzale Klubekoak pozten gara Toure kuttunaren abenturak jarraitzeko aukera izateagatik. Baina Arretxek, oso deskriptiboa izan arren, galderak uzten ditu airean, eta jakiteke dago zer egingo/egiten dugun guk “Toure”-ren bizitza hobetzeko.
Hemendik gurekin elkartzeko prestutasuna, izandako jarrera irekia eta bere testuak hobeto ulertzeko ekarritako materiala eskertu nahi dizkiogu Jon Arretxeri. Milesker!

Iturria (Eskerrik asko Joxi!)