pestañak

Su zelaiak liburuari buruzko solasaldiaren kronika


Azaroaren 24an adostu genuen Mikel Peruarenaren “Su zelaiak” liburuari buruz hitz egiteko elkartzea. Taldekoez gain, berbalagun batzuk animatu ziren entzule etortzen, eta zorionez, azkenean haiek ere parte hartu zuten; nahiz eta liburua ez irakurri.

I Mundu Gerrak Iparralden izandako eraginaren argazki zehatza da liburua. 3 atal dituen liburua dela esan genezake:
Hasieran, Gerraren pizteaz, bertan parte hartuko zutenak, nola enteratu ziren irakurri genuen. Lehenengo atal honi, Camilo Jose Celaren “La Colmena” liburuaren antza hartu genion.
Bigarren atalean, Gerra bera dugu. Han denbora laburrean egongo zirela uste zuten arren, pixkanaka-pixkanaka uste bezain laburra ez zela izango jakitun izan ziren. Eguneroko miseria, lohia, nazka, metralletak, lubakiak, tiroak, ... Laburbilduz, gudaren krudelkeria. Honekin tartekatuz, haien herrietako egoera eta aldaketak ere azalduko dira. Besteak beste, emakumeek lurra lantzen hasi behar izan zutela; frontoiak hutsik egoten zirela bertan jolasteko gazterik ez baitzen geratu, ...
Hirugarrenean, etxera denboraldi labur baten bueltatzeko baimena jaso eta bertan topatutakoaren ostean, lubakietara bueltatu zirenekoa.

Idazlea gipuzkoarra izanagatik ere, liburua iparraldeko hitz eta esamoldez idatzita dago, batuarekin nahastuta. Protagonistak Iparraldekoak izanik, hori jotzen dugu idazteko modurik egokiena eta ulertzeko hain zaila ez dela esan behar dugu.

Benetako gertaera historikoan oinarritutako hamaika istorio josi ditu, orduko gizartean izan zuen eragina uler dezagun; Iparralden, belaunaldi baten desagerpena suposatu baitzuen.

Gordina izan arren, gure herriaren historiaren parte izan den hau ezagutzea merezi du; hortaz, irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.