pestañak

Txarlazo-Kronika

Goizeko 8:30ak aldera elkartu ginen Santurtziko tren geltokian. Autoetan sartu eta Orduñarako bidea hartu genuen. Santutegian genuen hitzordua bertako berbalagunekin, eta bertara heldu orduko mendian ibiltzeko eguraldi ederra izango genuela argi izan genuen.
Pixka batean itxaron behar izan genuen, baina segituan heldu ziren. Denok elkartuta bideari ekin genion.
Nahiz eta aurreko egunetan euria izan zuen; bidea erosoa izan zen, harrizkoa baitzen. Zuhaitzak alde bietara udazkeneko kolorez jantzita.
Ordu bete pasatxoko ibilbidearen ostean heldu ginen tontorrera eta han dagoen Ama Birjinaren inguruko hainbat kontu azaldu zizkiguten.
Gailurrean ez ginen gehiegi luzatu; zer edo zer jan eta edan ostean, bide berbera jarraitu genuen Santutegira bueltatzeko.
Oinetakoak aldatu eta etxera bueltatu baino lehen, herria ezagutzeko gonbitea luzatu ziguten eta guk ; nola ez: onartu!
Pare bat pote hartu genuen beraiek proposatutako bi tabernetan eta poteo giroaz gozatu genuen.
Hala ere, azken egitekoa falta zitzaigun! Ezagutzen al duzue argazkiko etxea? Bertan goitik behera dagoen baldosa topatuta poz-pozik egin genuen bueltako bidaia.
Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Orduñako berbalagunei gurekin goiza pasatu eta herria ezagutarazteagatik!