pestaƱak

Santurtziko Berbalagun Topaketa-kronika

Pasa den ostiralean burutu genuen Santurtziko Berbalagun Topaketa. Itsasalde kaleko Tabata tabernan elkartu ginen eta bertako jabe euskalduna den Marcosek beti bezain adeitsu eta beso zabalik hartu gintuen.

Hasteko, Aitor Txarterinaren bakarrizketa izan genuen. Batua eta bantuaren ahaidetasunaz, euskaldun eta alemaniarren lotura den ELKAR partikulari buruz, ... iji eta aja ibili ginen.

Horren ostean, Aitor Gorostizaga eta bion txanda heldu zen. Bion artean Berbalagunen azalpen orokorra egin eta euskara agendari buruz hitz egin genuen. Aitorrek, inork baino hobeto azaldu zuen Berbalagun ELKARrekin egotea dela, ELKARrengandik ikastea eta ELKARrez gozatzea. Beraz, oraindik ere Berbalaguna ez bazara, zeren zain zaude?

Ondoren, Marcosek prestatutako tortilla goxoa jan genuen eta Berbalagunek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Tabatan luzez egon ondoren, beste pote bat hartzera joan ginen gustura asko baikeunden.

Momentu horretan, lehenagotik ideia besterik ez zena gauzatu zen, Mamarigan Berbalagun taldea sortzea!

Beraz, Topaketak denetariko izan zuen: bakarrizketa, luntxa, berba, poteoa eta ELKAR ezagutu eta ELKARren berri izateko parada.