pestañak

Portugaleteko maitasunezko mezuen lehiaketak badu irabazlea!

Portugaleteko maitasunezko mezuen lehiaketa 

Orain dela lau urte hasi zen Berbalagun egitasmoa, Portugaleteko Udalak, Udal Euskaltegiak eta Xaribari-AEK euskaltegiak osatua, maitasunezko mezuen lehiaketa hau, euskaraz, antolatzen. Aurtengo edizioan 64 lagunek parte hartu dute, gehienak herriko euskaltegietako ikasleak eta berbalagunak izan direlarik.

Lehiaketako arauek eskatzen zuten mezua, 10-25 hitz bitartekoa, wasap bidez bidaltzea.

Euskaltegietako irakasleek, udal teknikariek eta Berbalagun egitasmoaren koordinatzaileak osatu dute epaimahaia, zeinek, mezuen edukia, egokitasuna, originaltasuna eta emakume eta gizonen berdintasun printzipioen errespetua aztertu ostean, hautatu baitu mezurik onena.

Horren egilea Cristina Gómez suertatu da, Portugaleteko euskara ikaslea.

Cristinaren mezuak honela dio: “Harriak ginen tontor gainean; beroak ibaira bidali gintuen; eta, korronte bera, haranera heldu gara. Errekarri bihurtuta, zure ondoan, itsas erraldoian desagertu arte”.

Argazkian María José Blanco Portugaleteko Euskara zinegotziak Cristina Gómez irabazleari ematen dio lehiaketako saria: liburu irakurgailu bat, hain zuzen ere.

Maitasunezko mezuen lehiaketa honek bere lau urteotan izan duen arrakasta ikusita, aurrerantzean ere eskainiko diegu portugaletetarrei, eta gehienbat gaztetxoei, honelako ekimen original eta dibertigarrietan parte hartzeko aukera, euskarazko mikroliteraturaren sormena bultzatzen dugun bitartean.