pestañak

Locme legearen inguruko hitzaldia Portugaleten

Ostegun honetan, otsailak 28, Portugaleteko Ballonti istitutuan LOCME legearen inguruko hitzaldia izango dugu 18:00etan. Euskal Herriak bere hezkuntza eraiki nahi duelako!
Animatu eta hurbildu!

Berbalagunok euritakoak margotzen!!

Azken bi astelehen hauetan euritakoak margotzen aritu gara Santurtziko Artelier estudioan. Patricia eta Lourdesen laguntzaz oso euritako politak egin ditugu. Euritako pertsonalizatu hauei esker negu gordin honi umorez aurre egingo diogu.

Argazkiak ikusteko sakatu hemen

Ginkana arrakastatsua Santurtzin!

Azken uneko bajak eta eguraldia gorabehera, izena eman zuten bost taldeak jo ta ke aritu ziren Santurtzin burutu zen ezkerraldeko finalean. Hotz, elur, haize eta euriari aurre eginez egin beharreko proba guztiak egin zituzten, eta Korrikaren berotasunak Santurtzi epeldu zuen.
Hurrengo hitzordua Bilbon izango da larunbat honetan 17:00ak aldera. Bilbon, Bizkaiko finalaren kanporaketa izango da, eta hortik talde irabazlea Baionako finalera joango da.
Eskerrak eman nahi dizkiegu Santurtzin parte zuten guzti-guztiei Korrikaren mezua zabaldu zutelako, euskara elkarri eman izanagatik.

Ginkanaren argazkiak aste honetan ikusgai izango dituzue.

Gora Korrika!

AZALERAKO IPUINAK PORTUGALETEN

Hil honetan AZALERAKO IPUINAK tailer praktikoaren 2. saioa izango dugu Portugaleten. Zuen seme-alabekin euskaraz esperientzia berriak probatzeko aukera eskaini nahi dizuegu. Izena emateko bidali e-posta helbide honetara: gurasoportu@aek.org. Kopuru mugatua dago.

-DATA: otsailaren 28a, osteguna 
-ORDUA:17:20-18:15 (2-5 urte)
              18:20-19:15  (5-7 urte)
-TOKIA: SANTA MARIA IKASTETXEAn, Haur hezkuntzako eraikinean (ez Santa Claran)

BALITZEN HIOA Santurtzin!

Otsailaren 28an, osteguna, Korrika Kulturalaren barruan Balitzen hioa antzezlana izango dugu Kresala aretoan 20:00etan.
Hona hemen sinopsia:
“Txikitan, liluratu egiten ninduten hitzek”. (Ainhoa Agirreazaldegi)
“Hitzak egin gaitu, eta, aldi berean, geuk sortzen dugu hitza.” (Andoni Egaña)
“Edonork esan dezake edozer? Nola ulertuko dut orduan hitzek zer esan nahi duten? Hitzak trofeoak baldin badira… soinuzko perlak ahoan…
Horrek ematen dit min. Mina. Ulertzen?” (Maialen Lujanbio)
“Lehen baziren bost duroko hitzak.Baina gero zuloa egin zieten bost durokoei, eta gutxiago balio zuten. Zulatu zituzten bost durokoak eta zulatu zituzten bost duroko hitzak”. (Uxue Albedi)
Gai beraren inguruan, lau bertsolari jarri ditugu idazten. Bakoitza bere aldetik. Nahieran. Guk, testu horiek hartu eta baliatzen lihoa osatu dugu.  Hitzen balioa aurkitu nahi genuen… eta hizkiak lekuz mugitu zaizkigu.

Animatu eta aurkitu berben balioa!

Ezkerraldeko Ginkana Santurtzin!

Larunbat honetan, otsailak 23, Korrikaren Ginkanaren ezkerraldeko kanporaketa izango dugu Santurtziko Oriol Jauregian 13:00etan. 5 talde lehian arituko dira bi leku lortzeko Bilbon egingo den Bizkaiko kanporaketan. Finala Baionan izango da martxoaren 24an, hots, Korrikaren amaieran.
Ikusi nahi baduzue, hurbil zaitezte Gernika parkera larunbat honetan!

Ipuin berotikoak Santurtzin

Ostegun honetan, otsailak 21, Korrika Kulturalaren barruan, Ipuin berotikoak izeneko helduentzako narrazio beroak entzuteko aukera izango dugu Santurtziko Kresala aretoan 19:30ean, Bego Alabazan ipuin-kontalariaren eskutik.

Masaje tailerra Sestaon!


Ostegunean, hilak 21, masaje tailerra egingo dugu Sestaoko AEK euskaltegian. 3 saio egingo ditugu eta hau lehenengoa izango da (hurrengoak, martxoan eta apirilean izango dira)

Arratsaldeko 19:30etan izango da eta leku mugatuak daude... Arropa erosoa, esterilla eta toalla ekarri behar dituzue, ez ahaztu!!!!

Izena emateko: Sestaoko AEKn, aintzane-p@aek.org helbidean, 678 626 567 telefonoan edo facebook-en (ezkerraldeko berbalagunak)

Euskaraz erlaxatzen ikasiko dugu!!! Animatu!


Portugaleten PATCHWORK TAILERRA. Euskaraz eta doan!!!



Ikas ezazu patchwork-a egiten euskaraz eta doan. Patchworkean eta eskulanetan aditua den Espe Canok zuzenduko duen tailerrean parte hartu nahi izanez gero adi!!! Portuko Berbalagunok antolatu dugu eta zure zain gaude!! Izen-ematea: alfre-e@aek.org

DATA: Otsailak 27 Asteazkena
LEKUA: Santa Klara Kulturtegia (4garren gela)
ORDUTEGIA: 18,30-20,00 (ordu bi)

Oharra: Partaide bakoitzak bere etxetik honako materiala eraman beharko du: artaziak, haria eta orratza. Bestalde oihalak eta reatalak antolakuntzakook eramango ditugu.

Mozorro-kantuan Sestaon!!!


Gaur, otsailak 15, ostirala, hitzordu polita izango dugu Sestaon. 19:30etan elkartuko gara Sestaoko AEK euskaltegiko atean, peluka, betaurreko, margo eta edonolako apaingarriak jantzita, herria alaitzeko.

Sestaoko inauteriei euskal kolorea emateko, kantuan ibiliko gara. Jantzi peluka eta etorri gurekin!!!

Gora Sestaoko inauteriak! Aupa Sestaoko euskaldunak!!!

"Koaderno handia" Irakurzale Klubean

Martxoaren 4n, astelehena, Santurtziko AEKn 19:15ean irakurzaleok elkartuko gara Agota Kristof-en Koaderno Handia eleberriaren inguruan berba egiteko. Atzoko bileran aipatutako liburua aukeratu genuen, eta martxoaren 4ra arte irakurtzeko epea dago. Gainera, Tomas Meatzaldeko Irakurzale Taldearen arduraduna egon zen; mila esker Tomas!.
Hona hemen sinopsia:
Gerra garaian amak bi anaia biki Hiri Handiko arriskuetatik aldentzeko Hiri Txikira eraman ditu Amonarekin bizitzera. Bertan ez dute ez erosotasunik (ez dute ez oherik ez bainugelarik), ezta maitasunik ere (Amonak eta herritar gehienek gorroto dituztela dirudi); egunero egin behar izaten dute lan baratzean eta animaliekin jan nahi badute. Eskolara joaterik ez dutenez,...

Egilea bere bizitzan oinarritu zen eleberri hau idazteko. Hungarian Bigarren Mundu Gerrak, naziek , sobietarrek, eta Gerra Hotzak eragindako gerra, heriotza, gosea eta txirotasuna ezagutu zituen. Ahizpa bikia jaioterrian utzita erbesteratu behar izan zuen. Gertaera hauek guztiak islatzen ditu liburuak.

Animatuz gero, irakurri eta parte hartu gure taldetxoan!! Parte hartu nahi baduzue, bidali mezu bat ondoko helbidera: ezkerraldea@aek.org.

Korrika 18ren aurkezpena Santurtzin

Ostiralean, otsailak 8, Korrika 18ren aurkezpena izan zen Santurtziko Dorretxean. Ekitaldi arrakastatsua; izan ere, 90 lagun bildu ziren euskara elkarri emateko. Ainhoa eta Amaiaren gidaritzapean aurtengo Korrikaren nondik norakoen berri izan genuen: mezua, omenduak, agenda... Argazkiak ikusteko sakatu hemen.
Korrika 18 gero eta hurbilago dago. Martxoaren 14an hasiko da Andoainen eta martxoaren 24an Baionan amaituko da. Santurtzitik 22an pasako da goizeko 09:35ean (gutxi gorabehera). Bitartean, gogoratu ekitaldiz betetako agenda daukagula Korrika Kulturalari esker. Adi egon!

Meatzaritza Museora otsailaren 9an

Bai Esan euskara elkarteak antolatuta, larunbatean Gallartako Meatzari Museoa bisitatuko dugu. 09:50ean parkeko arkupeetan geratu gara autobusez joango gara eta. Museo interesgarri hau bisitatu nahi baduzue, bidali mezu bat ondoko helbidera: baiesan@kaixo.com.
Gehienez 40 lagun; beraz, izena eman ezazue lehenbailehen!


KORRIKA aurkezpena Santurtzin!!

Ostiral honetan, otsailak 8, 19:30ean KORRIKA 18ren aurkezpena izango dugu Santurtziko dorretxean. Bertan, Korrikaren inguruko informazioaren berri emango da. Denok dakizue zer den Korrika; baina gehiago jakiteko aukera izango duzue. Gainera, aurtengo edizioaren inguruko zuzeneko informazioa jasoko duzue: datak, mezua, Korrika Kulturala...
Honetaz gain, sekulako arropa desfilea antolatu egin dugu; parte hartu nahi?? Bada, jarri harremanetan gurekin, boluntarioak behar ditugu eta.