pestañak

Erraiak liburuari buruzko solasaldia Danele Sarriugarterekin-Kronika


Apirilaren 13an Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailearekin izan genuen solasaldia Santurtziko Irakurzale Taldekook, “Erraiak” (Elkar, 2014), bere lehenengo eleberriaz hitz egiteko. Hemendik eskerrak bidali nahi dizkiogu Daneleri, gugana hurbiltzeagatik eta bilera osoan izan duen jarrera alai eta lagungarriagatik.
Erraiak” liburua “zaila” edo “korapilatsua” dela esan daiteke, Danelek aitortu zigunez, beste honelako solasaldietan irakurleek horixe bera esan baitiote. Bere defentsan soilik esan, idazlearekiko enpatia erakutsiz, horrelako testu bat idazteak ere zaila izan behar izan du.
Ez, ez da hasieratik amaierara erraz eta eroso irakurri daitekeen liburua, zein definitzearren esan dezakegu arbola bat dela, non adarrei gelditzen garen so, arbolari bere osotasunean baino. Baina literatura ere desatsegina izateko da, gauzak diren moduan islatzeko, mozorrorik gabe, eta gu eta gure errealitateak zalantzan jartzeko. Egileak aukeratutako estiloa, berez, ez da inorentzat (idazle zein irakurlerentzat) batere erraza. Daneleri itzultzailearen lanbideak emandako kapazitateagatik beharbada, esaldi luzeak erabilita (laupabost lerroko batzuk), artifizioz beteriko (idazle, artista, musikariak eta abar luze baten erreferentziak agertzen baitira) eta oso onomatopeikoa eta atzizkiz hornituta den hizkuntz propio batek erakusten digu idazle honen gaitasun literarioa, gure ustez harritzeko modukoa hain gaztea izanik.
Liburua lehenengo pertsonan dago idatzita, etengabeko barne bakarrizketa batean, irakurlea murgilduz, baina “… eta horra joan nintzen, eta hori pasatu zen …” kontatu ordez, egiten/ikusten/pentsatzen duen bakoitzean, protagonistaren iritzia baino bere errealitatearen ispiluaren aurrean kokatzen gaitu, analisi sakon eta pertsonala eginez, guri, irakurleoi, parte hartarazteko, protagonistaren azalean jartzeko asmoz. Horretarako, bizitzako hainbat pasartetako kontakizun gordinez baliatzen da idazlea, haserrea azaleratu nahi izan du eleberri forma hainbat egoeraren bidez, gauza askori errepasoa emanez. Barne bakarrizketa hau boxeo borroka bat bezalakoa izan da: geu, irakurleok, kolpeez babesten saiatu gara, gehienak saihetsetan, baina aurpegia deskubritu dugunean,testuari arreta jartzen diogunean, zuzeneko bat jaso dugu, protagonistari gertatutakoa guri ere gertatu zaigulako, gure segurtasun guztiek eta gure dogma guztiek eta gure egia berdadero guztiek ez dute ezertarako balio erraiek agintzen dutenean. Ez izan beldur, irakurle maitea, eta sartu borrokan.