pestañak

Pintxo ikastaro-Kronika

Pasa den astean Mamarigako Kultur Etxean elkartu ginen pintxo gozoak egiten ikasteko... eta ondo baino hobeto ikasi genuen!
Taldeka antolatu ginen hauek egiteko eta bukatutakoan dastatu eta elkarri azaldu genion zelan egin.
Egiteko errazak eta gozo-gozoak!
Eskerrik asko Mertxe eta Enekori ikastaroa emateagatik!
Hementxe dituzue errezetak animatuz gero, egin ditzazuen:


SANDWITXAK

1-Alioli + saltxitxa + “baby” kimu

  • Moldeko ogia
  • Gurina
  • 3 berakatz-ale
  • Arrautza 1
  • Gatz pixka bat
  • Limoi erdiaren zukua
  • Ekilore 300 ml olio
  • Luzeran ebakitako 4 fankfurt saltxitxa
  • Poltsa 1 “baby” kimu

Ogiak txigortu.
Aliolia prestatzeko, arrautza, kimurik gabeko berakatza, gatza, limoia eta olioa irabiatu ez oso azkar emultsionatu arte. Hau lortzen denean, irabiagailua mugitu ahal izango da gora eta behera emeki. Gurina erabiliko da saltxitxak gorritzeko. Bukatzeko, sandwitxak muntatuko dira.

2-Eztimostaza + saltxitxa + ozpin pepino gozoak

  • Moldeko ogia
  • Gurina
  • Edalontzi erdi amerikar mostaza
  • 3 goilarakada ezti
  • Luzeran ebakitako 4 Bratwurst saltxitxa
  • Ontzi 1 luzeran ebakitako ozpin pepino gozo

Ogiak txigortu.
Eztia berotuko da mikro-uhin labean minutu erdiz eta ostean, mostazarekin nahastuko da. Gurina erabiliko da saltxitxak gorritzeko. Bukatzeko, sandwitxak muntatuko dira.

3- “Piquillo” saltsa + york urdaiazpikoa + gazta

  • Moldeko ogia
  • Ontzi 1 “piquillo” piper
  • 300 gr york urdaiazpiko
  • 300 gr Gouda gazta

Piperrak turbinatu ondoren, su ertainean egin loditu arte eraginez. Azukrea botaz azkartu daiteke. Sandwitxa muntatu eta sandwitxeran bukatu.





OTARTEKO TXIKIAK

1-Txanpiñoi patea

  • 350 gr txanpiñoi
  • 100 gr zuritutako intxaur
  • Porru 1
  • Oreganoa
  • Gatza
  • Piperbeltza
  • Oliba olioa

Porrua gorritu. Txanpiñoia txikituta gehituko zaio eta egingo da. Zukurik ez duenean intxaurrak, espeziak eta gatza gehituko dira, eta 5 minutu gehiagoz egingo da. Turbinatu eta txigortutako ogiaren gainean zerbitzatu.

2-Porru eta otarrainxka arrautzopila

  • 3 porru
  • 5 arrautza
  • Gurina
  • 12 otarrainxka
  • Gatza

Gurinaz frijitu zuritutako otarrainxkak eta geroko gordeko dira. Porruak frijitu eta gero, irabiatutako arrautzekin nahastuko dira. Maneatu eta arrautzopil txikiak egingo dira. Ogi gainean jarriko dira arrautzopilak, eta bakoitzaren gainean otarrainxka bat. Osagai guztiei heltzeko zotza jarriko da.

3-Izokin eta porru biribilkiak

  • 3 porru
  • Tipulin 1
  • Gurina
  • 250 gr “philadelphia” edo antzeko gazta
  • 200 gr keztatutako eta xerratutako izokin
  • Aneta

Gurinaz tipulina eta porrua frijituko dira, eta gatza gehituko zaio. Gazta erantsi, eragin eta turbinatuko da. Ordu erdiz hotzetan izango da gizentzeko. Izokin xerrak egindako kremaz beteko ditugu eta biribilkiak egingo dira. Apaintzeko, gainetik aneta botako zaio.


ON EGIN!