pestaƱak

Itzalpeko Argiak bisita gidatua Santurtzin



Hilaren 8an eta 9an beste aukera paregabe bat izan genuen Santurtzi herriaren historia ezagutzeko; egundoko abagunea arrantzale-herrixkako emakumeen garrantziaren berri izateko, Uxanaren eta Arkaitzen eskutik (Kultura eta Euskara sailaren ekimenaren barruan, kultura eta ondarea ezagutarazteko).

Casa Torre jauregian hasi eta itsas-museoan amaitu. Ibilbide bat, zeinetan argi eta garbi geratu zen emakumearen garrantzia Santurtziko ekonomia-jardueretan; antzinako gizartearen ereduak maiz estalia, isilarazia eta denboraren poderioz sustraitutako ohiturek (batzuetan inertziaz) bultzatua. Sardineren roletik harago, emakume-nekazariak, saregileak, kontserba-lantegietako langileak, mea-garbitzaileak, etxekoandreak... Denak protagonista ekonomiaren egunerokotasunean.

Errepikatzeko moduko bisita, noski! Horrelako bisitak egin ahal izatea, euskaraz eta doan, luxua da, eta ez dago nonahi; bai, ordea, Santurtzin, adibidez.

Mila esker, Uxana eta Arkaitz, betaurrekoak aldatzeagatik!