pestaƱak

Kantulagunak lau haizeetara


Igandean, azaroak 26, hilean behin egiten duten legez, kantulagunak parke nagusian elkartu ziren musikaz gu alaitzeko prest. Eguraldia gora-behera, gure neskek gitarra eta guzti, ohi bezala, Eguzkia tabernaren ondoan bi orduko emanaldia eman ziguten atzo eta gaur egungo abestiak joz, gogoaren baitan euskaraz, zergatik ez, mendian gora izarretaraino loretxoei arantzak kenduz, putzuetatik itsasoraino negua lagun, baratzean lili bila euskara bizigai bilakatu arte.

Hasieran jende gutxi bageunden ere, berehala, oharkabean lagun talde polita osatu genuen, zahar eta gazte, euskaldun nahiz euskaltzale, musikaren inguruan. Helarazten dituzten maitasun, grina, zirrara, alaitasunari esker Santurtzi berotzen dute eta hori hilaren azken igandean ikusten da 12:30etik 14:30era.

Beraz, badakizue, hilean behin, azken igandean, euskara eta musika uztartu nahi izanez gero, hitzordu ezin hobea duzue Santurtziko parke nagusiko oinezko bidean 12:30ean. Bestalde, ostiral honetan, abenduak 1, 19:30ean, Txitxarran zehar ibiliko gara kantu-poteoan (Galegoen plazan hasita).

Anima zaitezte!!