pestañak

Irakurzale Klubaren kronika: "Fakirraren ahotsa"


Oraingoan, Harkaitz Canoren “Fakirraren ahotsa” izan dugu hizpide, Santurtziko Irakurzale Klubean. Eleberriak Imanol Larzabalen bizitza du oinarri eta istorioan zehar, Imanol bera bezala, gainerako pertsonaiak fikziozko izenez agertzen zaizkigu, nahiz eta batzuk nor diren asmatu dugun. Hortaz, benetako egoerak eta pertsonak nahasten dira literaturak beharrezkoa duen fantasiarekin. Halere, Canok errealitatea zorroztasunez zein gordintasunez islatu ditu; horretarako, jakina, izugarrizko dokumentazio lana egin du.

Askotan, musika izan da haren lanetako bigarren protagonista, baita liburu honetan ere, eta nabaria da aditua dela. Orrialdeotan aipatutako kanta baten gainean aritu ginen: Mayo. Zalantzarik gabe, abestiak eta Santurtziko herriak harreman zuzena dute, baina sorrerari buruzko hainbat teoria daude. Alde batetik, Donibane auzoko jaietako Imanolen kontzertuan, ezezagun batek eman omen zion letra, eta, momentuan, inprobisatu zuen kanta. Bestetik, “La Caja”-ko langile batek letra idatzi zuela dio beste teoria batek. Eleberrian bezala kantaren jatorrian ere, zaila izango da jakitea segurtasun osoz zer den errealitatea eta zer ez.