pestañak

Santurtziko Irakurzale Klubaren kronika

 

Urrian izan zen ikasturteko lehen hitzordua, aspaldiko partez elkar ikusteko aukera izan genuen, baina orduko hitzordu horretan udan irakurritakoaren berri eman genion elkarri, baita proposamen literarioak egin ere. Horren ostean, azaroaren 18an elkartu ginen klubeko kideok Karlos Zabalaren “Ces’t la vie kantatzen dute zaharrek” eleberriaren gainean hitz egiteko.


Gurean “zenbat buru, hainbat aburu” esaera zaharrak beti izaten du tokia, eta azken hitzorduan, nola ez, izan du. Hori bai, zenbait pasarterekin barre egin dugula ezin uka! Egoera surrealista baten haritik tiraka, egoera sinesgaitz bezain barregarriei bidea eman die idazleak. Gainera, irakurterraza da oso: kapitulu labur eta erritmoa arinekoa da. Hortaz, aise irakurri eta ondo pasatzeko aukera duzu!


Azkenik, bileran, hemendik eta ekainera arteko liburuak asteon aukeratzea erabaki genuen, eta horien berri laster emango dizuegu. Bitartean, jaso zuen agendetan hurrengo data: urtarrilaren 20an izango da, besterik ezean; eta gainerakoak martxoan, maiatzean eta ekainean egiteko asmoa dugu.